Lekeitioko Bideo eta Zine Bilera

Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) 1978an antolatu zuten lehenengo aldiz, euskaraz egindako ikus-entzunezko lanak sustatzeko asmoz. Hasiera hartan, 8 eta super 8ko produktuak baino ez zituzten erakusten, baina, denbora aurrera joan ahala, bideo formatuko lanak dira nagusi.

Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera
Sorrera1978
Lekua Lekeitio (Bizkaia)
 Euskal Herria
AntolatzaileaLekeitioko Udal Kultur Erakundea
SariaUrrezko Antzarra
EgoitzaIkusgarri Aretoa
http://www.zinebilera.com

Emanaldiez gain, lehiaketa ere antolatzen dute, 3-4 egun irauten duen zinemaldi honetan. Azken urteotan, abenduan baino azaroan antolatzen dute jaialdia, herriko "Ikusgarri" zine aretoan.

Lekeitioko jaialdia, ordea, bideo lehia bat baino zerbait gehiago da, punta-puntako jaialdia da Euskal Herrian, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren aitorpena jaso zuen, zinearen historiari buruzko bildumetan eta estatuan saltzen diren aldizkari espezializatuetan aipatzen da; gainera, euskal zinearen inguruko erakusketa eta jardunaldietan parte hartzen du, bai eta denetariko erakundeek, udalek, ikastolek, EHUk, kultur erakundeek eta kultur etxeek antolatzen dituzten hitzaldietan, kultur asteetan eta antzekoetan ere.

Jaialdiaren historia aldatu

Aurrekariak aldatu

Euskal Zine eta Bideo Bilera 70eko hamarkadan sortu zen, Francoren diktadura amaitu ondoren, gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziren indarren eraginez.

Euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzeko ahalegina egin nahi zen. Euskararekiko ardura nabaria zen inguruan, eta haren aldeko ekimen asko izan ziren, baina inork ez zuen aintzat hartzen euskararen sustapena zinemagintzarekin lotu beharra.

Beste alde batetik, garai hartako ikus-entzunezkoen produkzio gehiena gaztelaniaz egiten zen; euskaraz afizionatu bakan batzuek baino ez zuten lan egiten, eta aukera gutxi zituzten artisau gisa egiten zituzten filmak jendaurrean aurkezteko. Garai hartan, herri askotan antolatzen ziren zineforumen aitzakiapean zine amateurraren jaialdiak sortu ziren nonahi; jaialdi hauek ziren euskarazko lanen erakusleiho bakarra. Baina, jakina, jaialdi haietan euskarazko filmak beste hizkuntza batzuetan egindako filmekin lehiatu behar izaten ziren.

Bada, filmak euskaraz egiten zituzten amateurren oztopoak gainditu nahian sortu zen Euskal Zine Bilera. Nolanahi ere, Lekeitioko zinemaldia ez zen garai hartan euskarazko filmen jaialdi bakarra. Urtebete lehenago, 1977an, Zestoan Topaketak zine-jaialdia sortu zuten. Hura Lekeitiokoa bidelagun izan ziren hainbat urtean; baina 1991n Zestoako antolatzaileek amore eman zuten eta azkeneko edizioa eman zuten. Horrela bada, 1992az geroztik Euskal Zine Bilera da euskarazko filmen jaialdi bakarra.

1980ra arte Lekeitioko zinemaldia aurkezten ziren filmen agertokia besterik ez zen; ez zegoen inolako lehia-grinarik. Alabaina, lehia jaialdiaren eta errealizadoreen euren onurarako izango zela pentsatu zen, eta 1981ean “Zilarrezko antzarrak” sariak ematen hasi ziren, emaitzen onerako izango zelakoan. Dokumental onenarentzako saria eta argumentudun film onenarentzako saria ezarri ziren, bai eta fotografia onenarentzako saria eta soinu onenarentzako saria ere.

Dena den, honek ez du esan nahi lehentasuna eman zitzaienik garaile gertatzen ziren lanei. Aitzitik, sariak ezartzearen arrazoia filmegileei pizgarriak ematea izan zen, eta aurreko urteetan bezala grabatzeko material zinematografiko berria banatzen jarraitu zen parte-hartzaile guztien artean, lanean segi zezaten.

Hala ere, sariak ezartzea ez da izan Euskal Zinema Bileran egin den aldaketa bakarra. Esaterako, 1986an, bideoaren gorakada zein indartsua zen ikusita, eta 8, Super 8 eta 16 m/m formatuetan geroz eta lan gutxiago aurkezten zirela ikusita, Jaialdian bideo lanak onartzea erabaki zen. Horren ondorioz, ordura arte Euskal Zine Bilera izan zena aurrerantzean Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) izango zen.

Izan ere, Jaialdia sortu zenean euskarazko ikus-entzunezkoen mundua nahiko urria zen; afizionatu gogotsuek 8 eta Super 8 formatuetan eta 16 m/m-tan egiten zituzten film amateurrak baino ez zeuden. Beranduago bideoak agertu ziren, baina egoerak lehengoan jarraitu zuen. ETBren agerpenak hau guztia erabat aldatu zuen; hari esker euskarazko ikus-entzunezkoek euren merkatua zeukaten, txikia baina merkatua azken batean. Jaialdiak joko horri ekin behar ziola erabaki zen; eta horregatik, 1995ean merkatuan lehiatzeko asmoz egindako bideoak onartzen hasi ziren.

Hurrengo berrikuntza edizio bakoitzerako hautatutako lan guztiak Interneten jartzea izan zen. Hain zuzen ere, 2003ko edizioan ekin zitzaion lan honi, “Nontzeberri” aldizkari digitalarekin izenpetutako hitzarmenaren bitartez. Orain urte batzuk hitzarmen hau bertan behera gelditu da baina AZBren antolatzaileak lanean ari dira aurkezten diren pelikula guztiak internet bidez ikusi ahal izateko.

Aldaketa guzti hauen helburua, jaialdia etengabe aldatzen ari den ikus-entzunezkoen arlora moldatzea izan da; beti ere, hasieratik ezarritako nortasun-ezaugarriak ahaztu gabe. Hau da, Euskal Herrian euskaraz egiten diren ikus-entzunezkoak bultzatzen laguntzea.

Lehenengo 21 edizioak Antzoki zineman egin ziren; azken urteetan Ikusgarri zine areto berrian egiten dira. Hainbat ekintza antolatu dira urteetan zehar: zinemari buruzko hitzaldiak, zinemari buruzko liburuen eta zinemagintzako tresnei eta makinei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako film-kartelen erakusketak, gai zehatzen inguruko zikloak, beste leku batzuetako (Katalunia, Galizia, Levante, Murtzia) zinemagileekin topaketak, eta abar.

Jaialdi honen ibilbidean zehar euskal zinemako zuzendariak, arlo guztietako teknikariak eta irudi eta soinu eskoletan ikasitako teknikari asko aritu dira, bai lanean, bai afizionatu moduan.

Lekeitioko Bilera abiagune ona izan da errealizadore berrientzat, eta hala da gaur egun ere: jaialdiari esker euren sorkuntza-lanak erakutsi ahal dituzte eta curriculuma hornitzen has daitezke.

2007an, hogeita hamargarren edizioa egin zen, eta ohiko ekitaldiez gainera aparteko ekintzak antolatu zituzten antolatzaileek Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundearekin batera, urteurrena ospatu eta orain arte egindako ibilbidea gainbegiratzeko. Esaterako, film ezagunetako doinuez osatutako kontzertu bi eman ziren eta Lea-Artibai eskualdean egindako filmak ere eman ziren (sail ondo hornitua izan da). Gainera, “Lekeitio, Euskadiko Holliwood” izeneko sailean Lekeition egindako filmak ikusi ahal izan ziren. Bestetik, zinemaren inguruko materialaren erakusketa egin zen: afitxeak, kartelak, material etnografikoa, eta euskarazko bideoak eta liburuak.

2008tik Lekeitioko Udal Kultur Erakundea antolatzaile aldatu

2008an antolatzaileen taldea desegin zen, arrazoi ezberdinak zirela medio, eta Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundeak hartu zuen lekukoa. Hala ere, lehengo antolaketa taldeko partaide batzuk Zine eta bideo Bileraren antolaketan parte hartzen jarraitu dute, puntu hau ezinbestekoa zen eta alde biak akordio batera heldu ziren.

Azken edizioetan, orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi izan zaio, eta horregatik, betiko antzera antolatu da. Dena den, jaialdia hobetzeko asmoz aldaketa txiki batzuk egiten joan dira.

2009an zenbait hobekuntza egin ziren; adibidez, hasieran, filmen proiekzioaz informatikari amateurrak arduratzen ziren eta batzuetan akatsak egoten ziren (etenaldiak,…). Akats hauek zuzentzeko, 2009tik aurrera lan hori profesionalek (Audiomic) egingo zutela erabaki zen; eta horrela egin da ordutik.

2010ean, krisialdia oraindik gainditu barik zegoela, Lekeitioko Udal Kultur Erakundeak esfortzua egin zuen zinemaldi duin bat mantentzeko, behintzat ilusio horrekin hartu zuen bere gain antolaketa lanen ardura.

Benito Ansola Saria aldatu

2010eko nobedadea Benito Ansola Saria sortzea izan da Topagunearekin (Euskara Elkarteen Federazioa) elkar lanean. 2010eko udaberrian oinarriak kaleratu ziren eta azken Euskal Zine eta Bideo Bileraren amaiera ekitaldian 4.000 euroko beka bi banatu ziren. 2011ko abuzturako lanak aurkeztu ziren eta jaialdiaren 34. edizioan ezagutzera eman zituzten.

34. Euskal Zine Bileratik aurrerako aldaketak aldatu

Jaialdiari indar berria emateko aldaketa batzuk egin zituen Lekeitioko Udal Kultur Erakundeak. Izena laburtu egin zen jatorrizkora bueltatuz eta zenbakia arabiar erara ipini.

Web orrialdea ere zaharkituta gelditu zen eta berri bat egitea erabaki zen.

Bestalde, Benito Ansola Sariak antolatzeari ere ekin zatzaion eta 2011rako oinarriak[1] kaleratu ziren.

Sariak aldatu

Profesionalen kategorian, hurrengo sari hauek banatzen dituzte:

  • Zilarrezko Antzarra zuzendaritza onenari
  • Zilarrezko Antzarra ekoizpen-lan onenari
  • Zilarrezko antzarra gidoi onenari
  • Zilarrezko Antzarra argazki onenari
  • Urrezko Antzarra film onenari

Amateurren kategorian, hurrengo sari hauek banatzen dituzte:

  • Zilarrezko Antzarra zuzendaritza onenari
  • Zilarrezko Antzarra ekoizpen-lan onenari
  • Zilarrezko antzarra gidoi onenari
  • Zilarrezko Antzarra argazki onenari
  • Urrezko Antzarra film onenari

Bestelako sariak:

  • GAZTE 22 SARIA, 1992ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean banatzen den sari berezia
  • ANTZAR MOREA SARIA, genero-ikuspegia hoberen txertatzen duen lanari, Udaleko Berdintasun Batzordeak emana. Kontutan hartuko da, halaber, emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu