La Perla hotela

eraikin babestua Iruñean
Artikulu hau Iruñekoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «La Perla bainuetxea».


La Perla hotela (gaztelaniaz Hotel La Perla) Nafarroako Iruñea hiriburuan dagoen hotel bat da.

La Perla hotela
Iruñeko Alde Zaharra
La Perla hotelaren aurrealdea, Gazteluko plazatik ikusia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°49′04″N 1°38′34″W / 42.817644°N 1.642692°W / 42.817644; -1.642692
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1881
Arkitektura
Ondarea

Kokalekua aldatu

Iruñeko Alde Zaharreko Gazteluko plazaren ipar-mendebaldeko txokoan dago, bere aldetako bat Txapitela kalera begira dago, bestea aldiz Estafeta kalera, hiriko kale herrikoi eta ezagunenetakoa izateaz gain Iruñeko entzierroaren igarobidea ere bada, hortaz entzierroa zuzenean ikusteko leku bikaina da, kokaleku bikain hau hotel honen ospearen arrazoietako bat da.

1881an ireki zuten, ordutik honata pertsona ospetsu ugarik bertan ostatu hartu dutelarik, tartean Orson Welles, Charles Chaplin edo Pablo Sarasate. Urte askoz gainbeheran egon ondoren, 2007an erabat zaharberritua izan zen, hiriko luxu handienetakoa duena bilakatuz.

Historia aldatu

1881an La Perla fonda izenez Miguel Erro eta Teresa Graz senar-emazteek ireki zuten, biak ere ostalaritza eta sukaldaritzari lotuak, senarra sukaldaria eta emaztearen familiak Auritz udalerrian ostatua zuen. Hasieran ostatua Gaztelu plazaren 2 . zenbakian zegoen, baina hilabeteetara 1. zenbakira lekualdatu zuten. 1888an hotel gisa onartua izan zen.

Lehenbiziko urtetatik bertan zerbitzatzen zen janaren kalitatearengatik izen ona irabazi zuen, honi emaztearen familiak Auritzen bizitzen izaki mugan barna Donibane Garazitik Ipar Euskal Herriko nahiz Frantziako produktuak eskuratzeko zuen erraztasuna gehitu zitzaion. La Perla hoteleko jatetxeak Gaiarre antzokia eta Beteluko bainutexea hornitzen zuen, azken hau arisstokraziaren ohiko atsedenlekua. Bestalde, prentsan maiz albiste izan ohi zen, bertan Pariseko azken moda aurkeztu ohi baitzen.[1]

1885eko udako Iruñeko kolera izurrialdian La Perla hotela irekita mantentzea ausartu zen bere motako hotel bakarra izan zen, Gaixotasun Kutsakorren Ospitalea janariz ere hornitu zuen. Hotelaren sortzailea izan zen Miguel Erro udaro egin ohi zuen bezala Betelurako bidean zihoala koleraren ondorioz zendu zen. Bere heriotzak handik bi hilabetera Alfontso XII.a Espainiakoak bere Betelurako bisita ezeztatzea ekarri zuen.

Emakume enpresaburuaren kontzeptua ez zegoen garai hartan, negozioak Teresa Graz alargunaren zuzendaritzapean aurrera jarraitu zuen, lan honetan bere koinata Mikaela Erroren laguntza izan zuelarik.[2] 1936an, La Perla hoteleko jabea Jose Moreno zen, buruzagi falangista, Nafarroako errepresioan protagonismo ilunekoa, eta hotelak protagonismo berezia izan zuen 1936ko estatu kolpea antolatzen.

Hemingwayen kondaira aldatu

Gida turistiko askoren arabera, Ernest Hemingway estatubatuar idazle ospetsua La Perla hoteleko bezeroa leiala izan omen zen eta bere 1926ko The Sun Also Rises eleberrian "Montoya hotela" gisa agertzen omen da. Gainera ustez estatubatuar idazlearen antzinako 217. zenbakiko logela omen zena (gaur egungo 201.a) hark erabili zuen garaian bezala mantendu omen da.

Dirudienez, istorio horrek ez du funtsik eta Hemingway beraren idazlanek nahiz harekin bere Iruñerako bidai eta parrandetan egon zirenek halakorik izana gezurtatu egiten dute. Sanferminetara etorri zen bederatzi aldietan ostatu hartu zuen lekuen hainbat lekukotasun badaude: 1923an Eslava kaleko 5. zenbakian, 1924 eta 1931an Quintana hotelean, 1953an Lekunberriko Ayestarán hotelean, eta azkenik, 1959an San Fermin kaleko 7. zenbakian.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. Gran Hotel La Perla 2011ko ekainaren 19an egiaztatua.
  2. Hotel La Perla: Hoy cumple 130 años 2011ko ekainaren 19an egiaztatua.
  3. Más sobre la habitación de Hemingway Acceso 4 de octubre de 2014.

Kanpo estekak aldatu