Kosakoak (Lev Tolstoi)

Kosakoak (errusieraz: Капаки), Lev Tolstoik 1863an Mezulari Errusiarra (errusieraz: Ру́сский ве́стник) literatura aldizkarian publikaturiko eleberri labur bat da. Tolstoy 1853ko udan hasi zen eleberri hau idazten, baina 1857an, Homeroren Iliada ber-irakurri eta gero, eta hau inspirazio iturri berri gisa harturik, eleberrian hainbat birmoldaketa egitea erabaki zuen. Karta-jokoan izan zituen galera ekonomikoek behartu zuten Tolstoi obra hau publikatzera, honen salmentek eragindako irabaziek jokoan hartutako zorrak kitatzeko aukera emango ziotelakoan.

Kosakoak (Lev Tolstoi)
Jatorria
Egilea(k)Lev Tolstoi
Sorrera-urtea1862
Argitaratze-data1863
IzenburuaКазаки
Jatorrizko herrialdeaErrusia
Ezaugarriak
Genero artistikoaeleberri laburra eta short novel (en) Itzuli
Hizkuntzaerrusiera
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaKaukasia eta Errusia

Kosakoak eleberriak ageriko izaera autobiografikoa dauka, agerikoa izanik Dimitri Andreitx Oleninen eleberriko protagonistaren eta egilearen arteko paralelismoa. Izan ere, obra literario hau idazteko, Tolstoik gaztetan Kaukasoko gerran izan zituen esperientzietan oinarritu zen. 1851an, hogeita bi urte zituela, Tolstoik bere bizitza erosoa utzi eta Errusiak Kaukasoan zeukan defentsa-lerrora joan zen kadete bezala, Errusiak eta Turkiak eskualde hartan izan zuten gerratearen testuinguruan, eta bertan izan zituen bizipenek Oleninek Kaukasoan biziko dituenak inspiratu zituen.

Eleberria bere testuinguru historikoan aldatu

Aro moderno eta garaikidean, Europako gainerako potentziek bezala, Errusiak ere bere espantsionismo koloniala jarri zuen martxan. Hau XVII. mendean hasi zen, Siberian, kosakoen eskutik, eta XVIII. mendetik aurrera, apurka-apurka, Estatu errusiarrak bi espantsio-lerro nagusi ezarri zituen, Asia erdialdera eta Ekialde Hurbilera.

XIX. mendean, errusiar espantsioak interes britainiarrekin egin zuen talka bi eremu horietan. Errusiak Ekialde Hurbilerako irteera galdu zuen mendearen erdialdean, turkiarren, frantziarren eta britainiarren aurka Krimeako Gerra galdu zuenean. Porrot horren ondorioz, Otomandar Inperioak Bosforo eta Dardaneloetako itsasarteak kontrolpean mantendu ahal izan zituen, errusiar itsas-armadaren eragina Itsaso Beltzera mugatuz eta honi Mediterraneorako bidea erabat itxiz. Egoera horren aurrean, Errusiak Asia erdialdean jarri zuen bere interesa.

Krimeako Gerra galdu eta gero, Errusiak Joqand, Jiva eta Bujarako janato musulmanen gain zeukan domeinua erabat ezarri zuen, Siberian bezala kosakoak erabiliz eskualde horiek konkistatzeko. Izan ere, hainbat ziren botere errusiarrak Asia erdialdean zituen interesak. Alde batetik, Errusiak beharrezkoa zuen bere hegoaldeko mugak kontrolatzea bere segurtasuna bermatzeko, eta horrek nahitaez bertan existitzen ziren botere autonomoak menperatzera behartzen zuen. Bestetik, errusiar autoritateen alderdi pro-inperialistak Asia erdialdeko eskualdeak lehengaiak lortzeko eta produktu industrialak saltzeko merkatu handi bat bezala ikusten zituen. Gainera, Errusian zabalduz joan zen Erdia Aroan Urrezko Hordak kontrolpean izan zituen eskualdeak berri ere batzearen aldeko ideia, baina orain boterea Asia erdialdeko herrialdeen eskuetan egon beharrean, eslaviarren eskuetan egonda.[1] Prozesu honetan, kosakoak Errusiar Inperioaren borondate espantsionistaren erraminta nagusienetako bat bilakatu ziren, bai Siberian, bai Asia erdialdean eta baita Iparraldeko Kaukasoan, non ugariak izan ziren Txetxenia, Inguxetia eta Dagestaneko herri menditarren aurkako gerrateak.

Hala izanik ere, denbora luzez Kosakoak susmoz izan ziren ikusiak Errusiar Inperioan, gutxienez XIX. mendean hauen erabateko “domestikazioa” lortu zen arte. Behin tsarren autoritatearen menpe, errusiar armadan izan ziren barneratuak, eta tsarrek errusiar gehienek ez zeuzkaten hainbat pribilegio eta eskubide eman zizkien kosakoei, gizonek hemezortzi urteko zerbitzu militarra egitearen truke, kosako bakoitza izanik zaldi bat, uniformea, espata eta fusil propioa izatearen arduraduna[2].

Hortik aurrera, kosakoen irudi berri bat agertu zen pinturan, musikan eta literaturan, herri honen aldeko korronte erromantiko baten fruitu; Tolstoyk berak esan zuen “Errusiaren historia kosakoen historia da”. Eraikuntza kultural honetan garrantzi handia izan zuten Aleksandr Puxkinen Kapitainaren alaba eta Lord Byronen Mazeppa; baina seguruenik Lev Tolstoy izan zen bultzada handiena eman ziona, Kosakoak eleberriarekin. Honekin, irakurlegoa Terek inguruko stanitsa (herrixka kosakoa) baten bizitzan barneratu zuen, obra literario hau erdi dokumentu etnografiko bilakatuz, bereziki aipagarria izanik ordura arte literaturak ahaztua zuen emakume kosakoari buruz ematen zuen informazio ugaria.

XIX. mendeko literaturak Europa osotik zabaldu zuen kosakoen kondaira, zeinek estepako herrialde hau halako “basati on” bihurtu zuen, bere izaera intsumisoa, arrisku zaletasuna, adorea eta erlijiotasuna goraipatuz. Bereziki zabaldu zen kosakoek Errusiako Eliza ortodoxoaren inguruan egiten zuten defentsa, sarritan hauek “Errusia Santuaren” zaindari bezala aurkeztuz.

Sinopsia aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Errusiako gizarte pribilegiatuan daukan existentziaz gogaiturik, Dmitri Andreitx Olenin gazteak, denboraldi batez bere familia aberatsak utzitako jaraunspena bizioetan xahutu eta gero, Moskun daukan bizimodu hutsal, eroso eta libertinoa atzean uztea erabakitzen du. Bere aurreko existentziatik ihesean, bizitza berri bati ekin nahi dio, eta horren bila karrera militarra hastea erabakitzen du, errusiar armadan kadete bezala sartuz.

Errusiar armadak Kaukasora bidaltzen du, Txetxeniara, hain zuzen Gróznaiako gotorlekura (ondoren Grozni izendatua, gaur egun Txetxeniako hiriburua) eta Oleninek hasiera batean bere lekualdatzea eragozpen neketsu gisa ikusten du, denboraldi batez modu zaputzean jokatuz, lekualdaketa berri baten esperoan. Hala ere, hilabete horietan zehar Olenin erabat aldatuko da. Moskun zeraman bizitza gautarra utzirik, bere gaztetasunari dagokion energia eta forma fisiko osasuntsua bizkor berreskuratuko du.

Azkenean Armadak bere erregimentua Terek ibaiaren (txetxeniar menditarren eta estepako kosakoen arteko mugarri naturala) eremura bidaltzen du, Grebenskeko kosakoen eskualdera, eta konkretuki Novomlinskeko stanitsa edo herrixka kosakora. Heldu bezain laster, Olenin gaztea herriko etxe hoberenean ostatuko dute, eta bertan ezagutuko du herriko neskatxarik ederrena, Marianka. Denbora igaro ahala, Olenin Mariankaz maiteminduko da, nahiz eta hau Lukashka herriko gazte kosako ospetsuaren emaztegaia izan. Aldi berean, Yeroshka agure kosakoa ezagutuko du. Yeroshkak Oleninek kosakoek eginiko chijir ardoa edateko duen modua gustuko izango du, eta elkarrekin mozkortzeak bien artean adiskidetasun harremana agertzea ahalbidetuko du. Yeroshkak gizarte kosakoan barneratuko du Olenin, bertako ohiturak eta tradizioak erakutsiz, bereziki garrantzitsuak izanik bere irakaspenetan faisaiaren eta basurdearen ehiza.

Txetxeniar menditarren aurkako borrokan, Kaukasoko Gerraren testuinguruan, zeinek noizbehinka Oleninek Novomlinsken daukan bizitza lasaia urratuko du, Kaukasoko jende xumearen konpainiak eta eskualde urrun hartako paisaia natural paregabeak transmititzen duen lasaitasunak onura handia egiten diola ikusiko du Oleninek, Terek ibaiaren ingurua halako erretiro espiritual bat balitz bezala.  Apurka-apurka, Olenin gazteak ordura arte ezezaguna zuen zoriontasuna lortuko du, eta horrek aurretik Moskun izandako alferrikako bizimodu duingabea erabat mespretxatzera eramango du. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, Mariankarekin izango duen harreman gatazkatsuak hainbat sufrikario eta arazo eragingo dizkio, bai neskatxarekin, baita ere bere familia eta komunitatearekin, eta azkenean Oleninek, atsekabe handiz, argi ikusiko du berari dagokion mundua eta kosakoen mundua beti izango direla erabat ezberdinak, azken hau zoritxarrez erabat eskuraezina izanik berarentzat.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Siegel, Jennifer. (2014). Guerra Fría en Asia Central. Desperta Ferro, 7-10 or. ISBN 2255-0542..
  2. (Gaztelaniaz) Barceló, Joaquín. (2016). Los cosacos: La creación cultural de un mito histórico. Tiempo y Sociedad, 36 or..

Bibliografia aldatu

  • Artola, M. & Perez Ledesma, M. (2016). Contemporánea. La historia desde 1776. Alianza Editorial. ISBN 978-84-206-4765-4
  • Barceló, J. (2016). Los cosacos: La creación cultural de un mito histórico. Tiempo y Sociedad, (25), 23-70.
  • Siegel, J. (2014). Guerra Fría en Asia Central. Desperta Ferro Historia Moderna, (11), 6-11. ISSN 2255-0542.

Kanpo estekak aldatu