Koba Errota Gautegiz-Arteagako Ozollo auzoan dagoen errota da, Euskal Herrian oraindik ikusgai dagoen marea-errota bakarrenetarikoa dena.

Koba Errota
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaGautegiz Arteaga
Koordenatuak43°21′17″N 2°39′50″W / 43.35466°N 2.66382°W / 43.35466; -2.66382
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1683
Arkitektura
Ondarea

1999ko apirilaren 6an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena

aldatu

Koba Errota izeneko errota Gernikako itsasadarraren ezkerraldean dago. Gaur egun ibai bazterrean kokaturik dagoen eraikina da eta bere atzealdean uholde-urak eta Gautegiz Elexaldetik jaisten den erreka txiki batek dakartzan urak pasatzen ez uzteko urontzi oso-oso handi bat dauka. Eraikina ixteko elementuak metalezkoak dira eta ura irteten den ateen aurrean dago. Eraikinaren barrualdean, beheko solairuan, errota honek hasieran izan zituen hiru harrietatik bi kontserbatzen dira. Errota gurpil horizontalekoa da eta hautsetakoa, txurrua eta erlaitza dauzka. Birrintzeko gainontzeko harriak eta harri landutako azelinak ere errotan jarraitzen dute, baina euren berezko lekutik at, gerra zibilaren osteko urteetan desmuntatuak izan baitziren.

Errotari buruzko agirietan agertzen denaren arabera, errota Arteagako Casa Fuerteko jauntxoek agindurik 1683. urtean eraiki zen, euren jabetzako lursailetan. Errota errotariei alokatzen zitzaien. Koba Errota esaten zaio, mareek dakartzaten urez gain, koba baten bidez Gautegizgo Elexalden sortzen den ur gaziko iturburu batetik elikatzen delako.

Errotaren oinarriak harlanduz eginak daude, eta horiek, urtegiko urak eusteko paretaren funtzioa daukate, bere funtzionamendurako derrigorrezkoak direnak. Eusteko pareta, eskuinaldeko ointokitik 50 metro luzatzen dena, lurrez babestutako harlanduz eraikita dago.

Urtegiko uraren altuera erregulatzeko hiru ate daude errotaren azpian, errota bertatik ireki eta ixten direnak. Laugarren ate bat ere badu, marea igotzen denean itsasoko ura sartzen uzten eta ateratzen galarazteen duena.

Harlanduzko horman, eskuineko ointokian, ate bat dago urtegiaren lasaibide gisa funtzionatzen duena.

Errotaren funtzionamendua biltegiratutako urak pasatzen direlako gertatzen da. Ur horiek bi iturritik datoz:

  • Errotaraino modu artifizialez bideratzen diren Kobako iturburuko ur gezetatik.
  • Mareek ekarritako itsas uretatik. Marea biziak daudenean itsasoko ura urtegiaren atzealdeko aipatutako iturburuaren ateratzeko kota gainditzen dute.

Ur horrekin eta ateak behar bezala irekiz gero, urtegia goraino betetzen da.

Ubidearen luzera, ardatzean, 1.000 metrotik gorakoa da guztira. Urtegiko eremuak lur batzuk hartzen ditu barne, eta Koba iturburua errotaren eraikinarekin lotzen duen ubidea, ihitzetan eta belardietan hainbat ur-sarrera aprobetxatuz egin zen. Horretarako, errotaren funtzionamendurako eta aprobetxamendurako urak bildu eta bideratzen dituzten beharrezko lan artifizialak egin ziren.

Lan artifizial horiek garai bateko baliabide xumeekin egin ziren eta ubidea lurrezko hormen bidez, hain zuzen. Lurrezko horma horiek ondoko lurrak baino altuago daude, horrela, urtegiak gutxieneko kopurua izango du, marearen maila edozein delarik ere. Urtegia baino gorago dauden lurretan estolda-sistema bat dago, urtegiaren azpialdetik igarotzen dena. Estolda- edo isurbide-sistema hori tutu eta ateez osatua dago (hasierakoa zurezko piezen bidez eginak) eta itsas-ura lur haietara iristea galarazteen du.

Urtegia egiterakoan aurretik zeuden ubideez baliatu ziren, baina hala ere badira artifizialak diren bide batzuk ere. Azken bide horiek gabe ur gezak zein gaziak paduran galduko ziren. Iturburuko kobaren barnean harriz eginiko ubide bat dago, urtegiko ura errotaraino eramateko ubidearen hasiera dena.

Errotako makinaria harriak horizontalki ezarririk dituen errota bati dagokio, eta honako pieza hauetaz osaturik dago:

  • Errotako goiko gurpila: paduraren erdian kokaturiko krokagailu bati loturiko ardatz baten bidez biratzen duen harrizko gurpila da.
  • Errotako beheko gurpila: finko dagoen harrizko gurpila da. Goialdean landuta dago eta irina ateratzeko bideak ditu.
  • Ardatza: egur trinkoz eta burdin forjatuzkoa da. Azelinatik goiko gurpileraino indar higierazlea eramaten du. Burdina egurrezko ardatzaren erditik sartzen da presioa eginez, eta burdinazko eraztun batez lotuta dago. Ardatzaren behealdean azelina dago, ur gainean azelinak berak hala mantendurik.
  • Azelina: pieza bakarreko landutako harearria da. Bere funtzioa ur indarra indar-higierazle bihurtzea da. Ardatzarekin lotzen duen zuloa laukiduna da eta lotura hori egurrezko edo metalezko zirien bidez egiten da.
  • Balazta: errotaren goialdetik martxan jartzen den torlojua da. Bere funtzioak honako hauek dira: ehoketaren kalitatea erregulatzeko errotaren bi harrien artean dagoen distantzia aldatzea eta azelina guztiz balaztatu edo azeleratzea.
  • Garabia: goiko harria mugieraziz errota desmuntatzeko balio duen metalezko krokak eta zurezko beso biratzailea dituena.
  • Txurru: Birrindu nahi diren aleen biltegia da.
  • Dosifikatzailea: errota behar bezala funtziona dezan ale kopuru egokia ematen dituena.
  • Dosifikatzailearen besoa: dosifikatzailean dauden aleak mugitzen ditu errotara erori daitezen. Dosifikatzailearen besoa errotaren goiko harriaren higiduraz martxan jartzen da, eta horrek dosifikatzailearen eta biraren erritmoa parekoak izatea ahalbidetzen du.
  • Errotaren tapa: Honako hauek osatzen dute: beheko tapa, beheko harri finkoa eta mugikorra den goiko hautsetakoa.
  • Zetabea: irina behin birrindu ondoren eralki egiten du.
  • Makila: errotariak egindako lanaren ordain lorturiko irina biltzen duen zurezko kaxoia.

Koba Errota oso eraikin xumea da, teilatuak, solairuak eta kargako inguruko paretek egurrezko egitura dute. Bi solairu eta sotoa dauzka (estolda eta azelinak). Beheko solairuan oraindik irauten duen errotaren makinaria dago. Lehen, 1950eko hamarkada arte, beste bi gurpil gehiago zeuden oraingo leku berean. Solairu horretan hasiera-hasierako sukaldea dago, su-baxukoa, eta gela horren amaieran ukuilua zegoen. Goiko solairuan etxebizitzaren logelak daude.

Kanpoaldean, inguruan, zurezko ataria egin da, eraikinaren sarrera estaltzen duena. Era berean, estolden ondoan beteketa artifizial batzuk egin dira, horrela, eraikinak lursail txiki bat hartu dio errekari. Beteketa horien artetik hormigoizko pasabide bat egin da, estolden arkuen artean kokaturiko hormigoizko zutabe batean sostengatutako eraikinari itsatsirik.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa