Kati Horna

argazkilari anarkista eta surrealista, Hungarian jaioa

Kati Horna —jaiotzako izen-deiturez, Katalin Deutsch— (Szilasbalhàs, Hungaria, 1912ko maiatzaren 19a - Mexiko Hiria, Mexiko, 2000ko urriaren 19a) emakumezko argazkilari anarkista eta surrealista izan zen. Europan bizi eta lan egin ondoren, Mexikora erbesteratu zen Bigarren Mundu Gerraren garaian.

Kati Horna
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDeutsch Katalin
JaiotzaBudapest1912ko maiatzaren 19a
Herrialdea Mexiko
 Hungaria
BizilekuaBudapest
Paris
Bartzelona
Valentzia
Mexiko Hiria
Lehen hizkuntzahungariera
HeriotzaMexiko Hiria2000ko urriaren 19a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
hungariera
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria eta fotokazetaria

Bizitza aldatu

Familia judu batean jaio zen, Budapest ondoko herri txiki batean. Hungariako egoera politikoa zela eta,[1] 1931n Berlina joan zen, eta han hasi zen argazkilaritza ikasten. Berlingo garaia garrantzitsua izan zen Katirentzat: Bertolt Brecht ezagutu zuen, adibidez, eta hainbat eragin jaso: bauhaus, surrealismoa, Lajos Kassak[2] konstruktibista edo Karl Korsch, argazkilaritza narratibora hurbilarazi zuena. 1933an, nazismoaren gorakada eta juduen kontrako erasoak hasi zirenean, Budapesta itzuli zen, eta argazkilaritzako ikastaro bat egin zuen József Pecsi argazkilari ospetsuarekin. Budapesten ezagutu zuen Robert Capa, eta hark Parisera alde egin zuenean Katik ere handik gutxira hartu zuen erabaki bera, 1933. urtean bertan.

Paris aldatu

Parisen Agence Photo agentziarentzat egin zituen zenbait erreportaje hiriari buruz: Le marché aux puces (1933) eta Reportage dans les Cafes de Paris (1934), kasu. Aldi berean, surrealismorik gertu zeuden lan esperimentalak egiten hasi zen. Interesatzen zaio argazkilaritza baliatzea sekuentzien bidez errelatoak eraikitzeko,[3] collageak eta argazki-muntaiak egiteko. Ordurako, argazkilari surrealistatzat jotzen zuten, bai eta argazki-kazetaritzan aritu zen lehen emakumeetako bat ere.

Espainiako gerra zibila aldatu

 
Kati Hornak 1937an Espainian inude bati egindako argazki bat.

1937an, Espainiako Estatuan gertatzen ari zena ikusita, batetik, bere konpromiso politikoa eta, bestetik, argazkilaritza gertatzen ari zena kontatzeko tresna ezin hobea zelako konbentzimendua zirela eta, hara joan eta hainbat tokitan ibili zen bere Rolleiflex kamararekin[4] (Aragoi, Valentzia, Madril, Lleida…). Bartzelonan Robert Caparekin elkartu zen. Propagandako enkarguak egiten aritu zen CNT (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikatuarentzat eta zenbait aldizkari anarkistarentzat (Tiempos Nuevos, Libre-Studio, Umbral, Tierra y Libertad eta, batez ere, Mujeres libres).[5] Aldizkari horretako batean, Umbral-en, Jose Horna ilustratzaile anarkista ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen 1938an. Frontean nahiz hirietan, eguneroko bizitzaren irudi xumeak hartzea aukeratu zuen (Tina Modottiren antzera), eta, gerrako eszena heroiko edo gordinen ordez, umeak, emakumeak, zaharrak erretratatu zituen. Argazki asko egin zituen, halaber, frankistek okupatzen zituzten hirietako iheslariez eta haiei harrera eta babesa emateko ahaleginez. Katiren argazkilari lanak sona handia hartu zuen ikuspegi desberdinarekin lan egin zuelako. Ordura arte, argazkilari guztiak gizonak ziren eta haien begirada transmititzen zuten. Emakume argazkilariek eszenen atzean zegoena jo zuten begiz, eta gerraren beste aurpegia erakusten aitzindari izan ziren.[6]

1939an, errepublikanoek gerra galtzean, Katik Parisera alde egin zuen. Jose Hornak, berriz, Frantziara pasatu zen armada errepublikarrarekin, eta kontzentrazio-esparru batean egon zen preso Katik askatzea lortu zuen arte. Parisen biek egin zuten lan hilabete batzuetan Agence Photo agentziarentzat berriz, eta Katik Lutetia-Pressentzat. Armada alemaniarrak Frantzia okupatzean, ordea, aukera izan bezain laster erbesteratzea erabaki zuten. 1939ko urriaren 17an hartu zuten Mexikora eraman zituen itsasontzia Le Havren. Katik berarekin eraman zituen Espainiako Gerra Zibilean ateratako hainbat eta hainbat argazkiren negatiboak.

Mexiko aldatu

Kati Hornak 27 urte zituen Mexikora iritsi zenean, eta berehala bat egin zuen han erbesteratutako intelektual eta artista europar errefuxiatuekin, batez ere surrealismoaren ingurukoekin: Chiki edo Emerico Weisz (Parisetik ezagutzen zuen), Leonora Carrington, Remedios Varo, Alice Rahon, Benjamin Péret, Eva Sulzer, Esteban Francés, Wolfgang Paalen, Edward James eta Gunther Gerzso.

Remedios Varo eta Leonora Carrington margolari surrealistekin izandako adiskidetasuna oso garrantzitsua izan zen hiru emakumeentzat. Hirurak bizi ziren Colonia Roman eta denbora asko ematen zuten elkarrekin. Horren ondorioz, lan batzuk ere elkarrekin egin zituzten, argazkiak eta margolanak, Remedios Varo eta José Horna 1963an hil ondoren, harremana estuagoa bihurtu zen eta zenbait proektutan elkarlanean aritu ziren, esate baterako Alejandro Jodorowskyren ikuskizunen argazkiak, Katirenak, eta esezenografia eta jantziak, Leonorarenak.

Mexikon egin zuen aurreneko lana ikusizko ipuin bat izan zen, Así se va otro año (Lo que va al cesto) izenekoa, Todo aldizkarian argitaratua 1939an. Europan egindako argazkietan oinarritutako ipuin bat zen, gerrari eta galdutako ilusioei buruzkoa.

Aldizkari askotan eman zituen argitara bere lanak, kolaboratzaile gisa, batez ere XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera: Mapa, Estampa, Nosotros, Revista de la Universidad de México, Mexico This Month, Mujeres: Expresión femenina, Tiempo, Revista de revistas, Diseño, Todo, Mapa, Enigma, El arte de cocinar, Seguro Social, Mujer de Hoy, Vanidades. Salvador Elizondok zuzentzen zuen S.nob aldizkari surrealistan Fetiches izeneko bere serieak argitaratu ziren, eta arkitekturari buruzko argazkiak Arquitectos de México, Arquitectura ENA, Obras, Arquitectura, Calli eta Artes de México argitalpenetan, batez ere balio historikoa zuten eraikinak dokumentatzen eta eraikin berriei buruzko erreportajeetan (Antropologiako Museo Nazionala, Unibertsitate Hiria, Liburutegi Nazionala. Nosotros aldizkarian lanaldi osoko argazkilari kontratatu zuten 1944an, eta argazkilaritzako burua izan zen Mujeres aldizkarian.

Argazkilaritzako irakasle ere aritu zen. 1958tik 1963ra, Unibertsitate Iberoamerikarreko Diseinu Eskolan; 1965etik 1968ra, Diseinu eta Artisautza Eskolan; eta 1973tik hil arte San Carlos Akademiako Argazkigintzako Tailerrean. Bere ikasleen lanen erakusketak antolatzen ere lan eskerga egin zuen.

Kati Horna 2000ko urriaren 19an hil zen. Haren lanen erakusketak Mexikon, Parisen eta Espainiako Estatuan egin dira gehienbat.

Lanak aldatu

Bere lan ezagunenetako batzuk dira What Goes in the Basket (1939), La Castañeda (1945), Fetiches (1962), Ode to Necrophilia (1962), Sucedió en Coyoacán (1962), Mujer y Máscara (1963), and Una Noche en el Sanatorio de Muñecas (1963).

Kati Hornaren obra, oro har, ez da oso ezaguna, beharbada bizi zelarik ez zuelako interes handirik izan erakusketetan parte hartzeko edo bere buruaren publizitatea egiteko.[7]

Nolanahi ere, Espainiako Gerra Zibileko argazkiekin gertatutakoa aipagarria da. Izan ere, batetik, Katik berak gorde eta Mexikora eraman zituen negatiboak Salamancan daude 1983tik, argazkilariak Espainiako Kultura Ministerioari laga zizkiolako 1979an, behin Francoren diktadura bukatuta[8]. Baina beste asko desagertutzat eman ziren. 2016an, historialari batek Amsterdameko Historia Sozialaren Nazioarteko Institutuan aurkitu zituen Kati Hornak CNT sindikatuaren enkarguz, anarkistei buruz Espainiako Gerra Zibilean egindako argazki ustez galduak. Historialari horrek 500 negatibo baino gehiago aurkitu zituen 1939az geroztik itxita eta ukitu gabe zeuden kutxa batzuetan.[9]

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu