Junko Tabei (japonieraz: 田部井 淳子 Tabei Junko?, Junko Ishibashi jaioa; 1939ko irailaren 22a - 2016ko urriaren 20a) japoniar alpinista izan zen. 1975eko maiatzaren 16an Everest mendiaren tontorrera iritsi zen lehen emakumea izan zen, eta Zazpi Gailurrak konkistatu zituen lehena.[1]

Junko Tabei

Bizitza
JaiotzaMiharu (en) Itzuli1939ko irailaren 22a
Herrialdea Japonia
HeriotzaKawagoe2016ko urriaren 20a (77 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: urdaileko minbizia
Hezkuntza
HeziketaKyushu University (en) Itzuli
Showa Women's University (en) Itzuli
Hizkuntzakjaponiera
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea eta mendigoizalea
Jasotako sariak
junko-tabei.jp

Biografia aldatu

Tabei Miharun jaio zen, Fukushima prefekturan, 1939an. Zazpi neba-arrebetatik bosgarrena zen. 10 urte zituela, Nasu mendira igo zen, Japonia iparraldeko sumendi batera.[2] Esperientzia horrek betiko aldatu zuen bere bizitza. Bere familiak ez zuen kirol honetan laguntzeko baliabide ekonomikorik, eta, horregatik, Bigarren Hezkuntzako ikastaldi garaian ez zuen igoera askorik egin.[3]

1958tik 1962ra Ingeles Literatura ikasi zuen Emakumeentzako Showa Unibertsitatean. Han, Unibertsitateko Mendi Klubean sartu zen.

1965ean Japonian eskalatzen ari zela ezagutu zuen Masanobu Tabei eskalatzailearekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan zituen: alaba bat, Noriko, eta seme bat, Shinya. 2012an peritoneoko minbizia diagnostikatu zioten baina Tabeik mendizaletasun jarduera askorekin jarraitu zuen. 2016ko urriaren 20an hil zen, Kawagoeko ospitale batean.[4]

Mendizaletasuna aldatu

Tabeiren mendizaletasuna 10 urterekin piztu zen, Japonia iparraldeko Nasu sumendira igo zenean. Bere familiaren egoera ekonomikoaren ondorioz, ordea, ezin izan zuen zaletasun hori asko garatu lehen urte haietan.[2]

Unibertsitatean graduatu ondoren, 1969an, Joshi-Tohan Club sortu zuen, Japoniako Emakumeentzako Mendi Kluba.[5] "Goazen atzerrira gure kabuz" zen klubaren leloa, eta mota honetako lehena izan zen Japonian.[6] Kluba sortzearen arrazoia, Tabeiren azalpenen arabera, orduko mendi edo eskalada taldeetan topatzen zuen giro maskulinoegia izan zen; gizon batzuk ez zuten berarekin eskalatu nahi izaten, eta beste batzuk pentsatzen zuten senar bat aurkitzeko erabiltzen zuela eskalada.[7]

Tabeik bere eskalada jarduerak finantzatzeko Journal of the Physical Society of Japan aldizkarian editore bezala egin zuen lan.[6]

Joshi-Tohan Club-ak 1970ean egin zuen bere lehen espedizioa, Nepaleko Annapurna III mendira. Gailurrera arrakastaz iritsi ziren hegoaldeko zatian ibilbide berri bat erabiliz, emakumezkoen lehen igoera eta Japoniako lehen igoera izan zen.[8]

Everestera espedizioa aldatu

 
Everest mendia.

Annapurna III.aren gailurrera arrakastaz iristea lortu ondoren, Joshi-Tohan Club-ak Everest mendiari ekitea erabaki zuen. Horretarako, Japanese Women's Everest Expedition (JWEE) bezala ezagutzen den taldea sortu zuen klubak, Eiko Hisanok zuzenduta. JWEEk 15 kide zituen, gehienak hainbat lanbidetatik zetozen emakume langileak. Emakumeetako bi, Tabei barne, amak ziren. Everesterako igoera baimena eskatu zuten 1971n, baina lau urte itxaron behar izan zuten eskaladako egutegi formalean leku bat jasotzeko.[9][10]

Espediziorako babesleak aurkitzen lagundu zuen Tabeik, nahiz eta maiz esan zioten emakumeek "haurrak hazten egon beharko luketela". Yomiuri Shimbun egunkaritik eta Nippon Television-etik azken orduko finantzaketa lortu ahal izan zuen, baina taldeko kide bakoitzak 1,5 milioi yen ordaindu behar zituen oraindik. Tabeik piano klaseak eman zituen, beharrezko dirua biltzen laguntzeko. Dirua aurrezteko, Tabeik bere ekipoaren zati handi bat ekoitzi zuen bere kabuz, bere autoaren estalkiarekin eskularru iragazgaitzak sortuz eta galtzak gortina zaharrekin josiz. [11]

 
Junko Tabei Ismoil Somoni haitzan, 1985ean.

Entrenamendu luze baten ondoren, espedizioa 1975eko maiatzean abiatu zen. Taldeak komunikabideen arreta erakarri zuen, igotzen hasi zirenean kazetari eta telebista-kamerak izan zituzten inguruan. Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgayk 1953an mendia igotzeko egin zuten bide bera erabili zuten, eta sei xerpa gidari izan zituzten bidelagun.[12] Maiatzaren 4an, 6.300 metrora kanpatzen ari zirela, elur-jausi batek kanpalekua jo zuen. Tabei eta beste lau eskalatzaile elur azpian lurperatuta geratu ziren. Tabeik konortea galdu zuen eta xerpa gidariek atera zuten. Zorionez, ez zen biktimarik izan. Tabeik ezin zuen ia oinez ibili, eta bi egun eman behar izan zituen bere onera itzultzen. Hala ere, ahal bezain laster, espedizioari ekin zion berriro, eta bere taldea mendirantz zuzentzen jarraitu zuen.[6]

Hasiera batean taldeak tontorrera bi emakume bidaltzeko asmoa zuen arren (xerpa batek lagunduta), garaiera gaitz baten ondorioz taldeko xerpek ezin izan zituzten bi eskalatzailerentzako oxigeno botilak garraiatu. Emakume bakarrak jarrai zezakeen. Eztabaida askoren ondoren, Eiko Hisano taldeko buruak Tabei izendatu zuen tontorrera igotzeko. Tontorrera hurbiltzean, Tabei haserretu egin zen aurreko espedizioetako oharretan aipatu ere egiten ez zen izotz-gandor mehe eta arriskutsu bat zeharkatu beharko zuela jakitean. Alde batera eta bestera ibili zen arrastaka, bere bizitzako esperientziarik tensoena izan zela adierazi zuen. Elur-jausia gertatu eta hamar egunera, 1975eko maiatzaren 16an, Ang Tsering xerpa gidariarekin, Everesteko gailurrera iritsi zen lehen emakumea bihurtu zen Tabei.[12]

Lorpen honen emaitza gisa, Tabei harreta izugarria jaso zuen. Katmandun, haren omenezko desfilea egin zuten. Japoniara itzuli zenean, harrera egin zioten milaka jarraitzailek Tokioko aireportuan. Nepalgo Erregearen eta Japoniako gobernuaren mezuak jaso zituen, Everesteko espedizioari buruzko telesail bat egin zen, eta Tabeik agerraldiak egin zituen Japonia osoan zehar. Hala ere, Tabei deseroso sentitzen zen fama maila horrekin. Beranduago egindako adierazpenetan, hedabideei esan zien nahiago zuela Everesteko gailurrera igotako 36. pertsona gisa gogoratua izatea: "Ez nuen Everesteko lehen emakumea izateko asmorik".[13]

Everesten ondoren aldatu

 
Junko Tabei, Nobuko Yanagisawa eta Mayuri Yasuhara Ismoil Somoni haitzean, 1985ean.

Everesteko espedizioaren ondoren, Tabeik bere mendizaletasun jarduerekin jarraitu zuen, besteak beste kontinente bakoitzeko mendirik altuena eskalatu zuen: Kilimanjaro (1980), Aconcagua (1987), Denali (1988), Elbrus (1989) eta Vinson (1991). 1992ko ekainaren 28an, Puncak Jayako gailurrera iritsi zen Indonesian, Ozeaniako mendirik garaiena, eta, horrela, Zazpi Gailurrak osatu zituen lehen emakumea bihurtu zen. Munduko herrialde bakoitzeko mendirik altuena eskalatzeko helburu pertsonala zuen, eta hil baino lehen horietatik gutxienez 70 igo ahal izan zituen.[14]

Everest mendiaren ondoren ez zuen berriz babes korporatiborik onartu, nahiago izan zuen ekonomikoki independente izan. Dirua aurreztu zuen bere espedizioak finantzatzeko, ordainpeko agerpen publikoak eginez, mendi-eskaladako ibilbideak gidatuz eta haurrei musika eta ingeles klaseak emanez. Tabeiren lagun eta jarraitzaileek batzuetan janaria eta tresneria ematen zioten espedizioetarako.[15]

Omenaldiak aldatu

Tabei hil aurretik, astronomo batek 6897 Tabei asteroidea izendatu zuen bere omenez.[11]

2019ko irailaren 22an, Googlek bere jaiotzaren 80. urteurrena ospatu zuen Doodle batekin.[16]

2019ko azaroaren 19an, Plutongo mendikate bat Tabei Montes izendatu zuten, Tabeiren alpinismo lorpenen omenez. Plutonen mendiak izendatzeko gaia "lurraren, itsasoaren eta zeruaren esplorazioan horizonte berriak zeharkatu zituzten aitzindari historikoak" da.

Erreferentziak aldatu

  1. «Falleció Junko Tabei, la primera mujer que escaló el Everest» www.20minutos.com - Últimas Noticias 2016-10-22 (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  2. a b «Junko Tabei defied Japanese views of women to become an - 04.29.96 - SI Vault» web.archive.org 2013-10-07 (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  3. (Gaztelaniaz) López, Alberto. (2019-09-22). «Junko Tabei: la primera alpinista en llegar al Everest rompiendo barreras y prejuicios» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  4. (Ingelesez) «Japanese Climber Junko Tabei, First Woman To Conquer Mount Everest, Dies At 77» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  5. (Ingelesez) Marinaro, Claudia. (2017-10-13). «Biography – Junko Tabei, Climber» The Heroine Collective (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  6. a b c (Ingelesez) Horn, Robert. «NO MOUNTAIN TOO HIGH FOR HER JUNKO TABEI DEFIED JAPANESE VIEWS OF WOMEN TO BECOME AN EXPERT CLIMBER» Sports Illustrated Vault | SI.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
  7. (Ingelesez) Douglas, Ed. (2016-11-10). «Junko Tabei obituary» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  8. «JAPANESE WOMEN'S ANNAPURNA III EXPEDITION, 1970 : Himalayan Journal vol.30/7» www.himalayanclub.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  9. (Ingelesez) Frenette, Brad. (2017-10-20). «A Final Interview With the First Woman to Summit Everest» Outside Online (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  10. (Ingelesez) Background | JWEE 1975: Women's Quest for Everest. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  11. a b (Ingelesez) Padoan, Amanda. (2016-11-02). «The Inspiring Story of the First Woman to Summit Everest» Outside Online (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  12. a b (Ingelesez) «It’s 1975. No woman had scaled Mt Everest yet…» Condé Nast Traveller India 2013-09-25 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  13. (Ingelesez) «The remarkable story of the first woman to climb Mount Everest» The Independent 2019-09-22 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  14. (Ingelesez) «Junko Tabei | Japanese mountaineer» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  15. (Ingelesez) «Japanese Woman Scales Mountains While Ignoring Society's Stereotypes» Los Angeles Times 1991-03-31 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  16. (Ingelesez) Junko Tabei’s 80th Birthday. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).