José María Yanguas Air Pyrénées konpainiako pilotu ospetsu bat zen. Haren kontra zeuden frankistekiko kolaborazio susmoak gorabehera, Jose Antonio Agirrek bere postuan mantendu zuen.[1] 1937ko ekainaren 21ean, matxura baten itxurak eginez, Zarauzko hondartzan hartu zuen lurra, hegazkinean zeramatzan pertsonalitateak frankisten eskuetan utziz; atxilotutako guztiak Gasteizera eraman zituzten eta guztiei heriotza zigorra ezarri zieten; azkenik, 1937ko ekainaren 26an, bi izan ziren erailak: Jose Agirre kapitaina eta Alfredo Espinosa, Jaurlaritzaren Osasun Kontseilaria. Ekintzaren helburua, dena dela, Jose Antonio Agirre bera zen, baina Yanguasek ez zuen lortu.[2]

José María Yanguas
Bizitza
Jaiotza?
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakhegazkinlaria eta espioia
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Biografia

aldatu

Jose Maria Yanguas Asturiasen jaiotako hegazkin-pilotua zen. Bilboko Aero Clubeko partaidea zen eta Push Moth hegazkin zahar bat zuen. Pilotu bezala Air Pyrénées konpainian lan egiten zuen. Garaiko Eusko Jaurlaritzaren errespetua zuen eta gerraren hasieran Legution borroka batzuetan hartu zuen parte. Gerra garaian 60 pertsonalitate baino gehiago eraman zuen batetik bestera: Jesus Maria Leizaola, Julian Zugazagoitia, Andres Irujo, Mijail Koltsov eta Juan Astigarribia, besteak beste. 1937an zehar interes handia erakutsi zuen Agirre bera eramateko eta horrek susmoak piztu zituen.[3] 1937ko ekainean Eliodoro de la Torre Begoñako Andre Mariaren bitxiak eta Emakume Abertzale Batzaren emakume batzuenak Tolosara (Okzitania) eramateko enkargua jaso zuen, Bilbon arriskuan baitzeuden, eta horrela egin zuen, Tolosako Banca Courtoisen utzirik. Bueltarako, Alfredo Espinosa Osasun kontseilaria Jaurlaritza zegoen tokira eramateko eskaera jaso zuen. Espinosa Frantzian zebilen, euskal erbesteratuen kanpamenduak prestatzen. Ekainaren 21an, Yanguasek Zarauzko hondartzan hartu zuen lurra, hegazkinak matxura bat zuela itxurak eginez. Hondartzan dena prest zegoen hegazkina iritsi zenerako: bainu etxetxoak kenduta, herriaren argi nagusiak itzalita eta frankisten itsas ontziak Zarautzen aurrean; horrek guztiak dena aurretik prestatu zegoela erakusten zuen. Hegazkinean zihoazen guztiak Julian Troncoso komandante frankistaren eskuetan gelditu ziren. Atxilotutako guztiak (Emilio Ubierna, Georges Rougé, Eugenio Urgoiti, Pablo Martínez Baigorri,[4] Jose Agirre eta Alfredo Espinosa) Gasteizera eraman zituzten eta guztiei heriotza zigorra ezarri zieten. Azkenik, 1937ko ekainaren 26an, bi izan ziren fusilatuak: Jose Agirre kapitaina eta Alfredo Espinosa.

Yanguas libre gelditu zen eta Joaquin Goyoaga automobil lantegi baten gerente eta frankista ezagunarekin batera, automobilez Tolosara itzuli zen eta han utzitako bitxi guztiak hartu zituen. Begoñakoak santutegira itzuli ziren eta besteak, EABrenak, betirako desagertu ziren. Antza, Yanguasek eta Goyoagak Troncosoren eskuetan utzi zituzten bitxiak eta harkk, ondoren, Fidel Dávila Arrondo generalari eman omen zizkion. Birjinaren bitxien itzulera Erregimenak erabili zuen helburu propagandistikoz eta nazionalisten aurkako publizitatea egiteko. Ofizialki Goyoaga izan zen bitxiak «berreskuratu» zituena.[5]

Frankistek traidore bat gaizki ikusten zutelako edo, agian, Yanguas Frantziara itzuli zen, bere lana jarraitzera. 1937ko amaieran Mexikora erbesteratu zen.

Bibliografia

aldatu

Erreferentzia zerrenda

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2009). Los crímenes de Franco en Euskal Herria, 1936-1940. Txalaparta ISBN 978-8481365597. OCLC .642293224 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  2. (Gaztelaniaz) «Espionaje nacionalista en la GCE» Foro de Historia Militar el Gran Capitán (web.archive.org) 2015-09-23 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  3. (Gaztelaniaz) Barruso Barés, Pedro. (2001). El frente silencioso: la Guerra Civil Española en el sudoeste de Francia, 1936-1940. Alegia: Hiria ISBN 978-8495421951. OCLC .51886648.
  4. Air Pyrénées barruan Yanguasen nagusia zen eta iturri batzuen arabera konspirazioan parte hartu zuen. Ikus (Gaztelaniaz) Ojanguren, Angel de. (1990). Angel Ojanguren, de proconsul británico a delegado vasco en Roma. Bilbo: Fundación Sabino Arana, 121. or. OCLC .641919454.
  5. (Gaztelaniaz) López Becerra, A.. (1937-08-15). «Las alhajas de la Virgen de Begoña» La Gaceta del Norte (Bilbo): 10...