José Manuel Caballero Bonald

José Manuel Caballero Bonald (Jerez de la Frontera, Cádiz, Espainia, 1926ko azaroaren 11 - Madril, 2021eko maiatzaren 9a) gaztelaniazko poeta, nobelista eta saiakera-idazlea izan zen. 2012an Miguel de Cervantes saria jaso zuen[1].

José Manuel Caballero Bonald
Caballero Bonald.jpg
Bizitza
Jaiotza Jerez de la Frontera1926ko azaroaren 11
Herrialdea  Espainia
Lehen hizkuntza gaztelania
Heriotza Madril2021eko maiatzaren 9a (94 urte)
Hezkuntza
Heziketa Sevillako Unibertsitatea
(1949 - 1952)
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak poeta, idazlea, gidoilaria, eleberrigilea, saiakeragilea, literaturan aditua eta prosalaria
Jasotako sariak
Kidetza North American Academy of the Spanish Language (en) Itzuli
Mugimendua 1950eko belaunaldia
Genero artistikoa olerkigintza
eleberria
saiakera
fcbonald.com

Bizitza eta lanakAldatu

Caballero Bonald literaturgintza eta irakaskuntza elkarri uztartuta ibili izan zen. Kolonbia, Frantzia eta beste hainbat herrialdetako unibertsitateetan literatura-irakasle izan zen, eta hainbat sari jaso zituen poesiaren eta eleberriaren arloan (Poesiako Boscán saria, Biblioteca Breve izenekoa, eta hiru bider Espainiako Kritikaren Saria).

1948an hasi zuen bere ibilbide poetikoa, Poesías (Poesiak) obrarekin. 1952an plazaratu zuen lehen poema-liburua, Las adivinaciones (Asmakizunak). Horren segidan etorri ziren Memorias de poco tiempo (1954, Denbora gutxiren oroimena); Anteo (1956); Las horas muertas (1959, Ordu hilak); eta Pliegos de cordel (1963, Lokarridun orriak). Vivir para contarlo (1969, Ezagutarazteko bizi) liburuan bildu zituen aurrez aipatutakoak.

Poesia sinbolikoa eta intimista da berea, bere garaiko gizartearekiko adostasunik eza erakusten duena. Hizkera aberatsa darabil, barrokismoa eta herri-hizkuntza bateratzen dituena. 1950eko belaunaldi poetikoko kide da, José Ángel Valente, Ángel González, Jaime Gil de Biedma, Carlos Barral, Claudio Rodríguez eta beste hainbatekin batera. 1984an, Laberinto de fortuna (Zortearen labirintoa) kaleratu zuen, eta handik urte batzuetara Diario de Argónida (1997, Argonidaren egunkaria).

Eleberrigintzan hasi zelarik, 1961ean Biblioteca Breve saria eman zioten Dos días de setiembre (Iraileko bi egun) liburuagatik. Errealismo sozialaren kutsu nabarmena du nobela honek, eta Andaluziako herri batean aberatsen eta nekazari txiroen arteko ezberdintasunak ditu oinarritzat. Ágata ojo de gato (1974, Agata katu-begi) idatzi zuen ondoren, errealismo magikoaren mugetan dabilena. Tiempo de guerras perdidasek (1995, Gerra galduen garaia) kutsu autobiografikoa du, baita La costumbre de vivir (2001) lanak ere. La novela de la memoria (2010) lanak aurreko biak biltzen ditu ale bakar batean.

Saiakera-libururik ere idatzi izan zuen Caballero Bonaldek, hainbat gairen ingurukoak: Breviario del vino (1980, Ardoaren eskuliburua); Narrativa cubana de la revolución (1968, Iraultza garaiko Kubako narratiba); Luces y sombras del flamenco (1975, Flamenkoaren argiak eta itzalak); Sevilla en tiempos de Cervantes (1991, Sevilla Cervantesen garaian); Mar adentro (2002); José de Espronceda (2002); Encuentros con la poesía (2006) eta Un Madrid literario (2009).

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu