Joanikot Arberoa (nafar erromantzez: Johan de Arberoa) —Joanikot kapitaina deituraz ere ezaguna— (? – Iruñea, 1521eko uztailaren 26a) baxenafar gudaria izan zen Nafarroako konkistaren garaian.

Joanikot Arberoa
Bizitza
JaiotzaNafarroa Beherea, ezezaguna
Herrialdea Nafarroako Erresuma
HeriotzaIruñea1521eko uztailaren 26a ( urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: urkatzea
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakofizierra
Zerbitzu militarra
Graduakapitain
Parte hartutako gatazkakNafarroako konkista

Biografia aldatu

Joanikot Hoztako Maiarekin ezkondua zen eta Zangozako merindadeko Tebas herrian bizi ziren.[1][2] Oztarrak beaumontar leinu nabarmena zen eta Olkotz dorrearen jabeak ziren.[3]

Noaingo gertaeren ostean, eta behin Iruñea kontrolpean izanda, Donibane Garazi bihurtu zen gaztelarren hurrengo helburua. Behe Nafarroako hiria gotorleku garrantzitsu batek babesten zuen mende askotatik, eta 300 lagun inguru geratu ziren hura defendatzeko, Noaingo porrotetik hara iritsitakoak. Haien buru, Joanikot Arberoa kapitaina.[4]

Baxenabartarra gaztetatik ibili izan zen armen negozioan. Maia Hoztakoarekin ezkonduta beaumontarren leinuarekin ahaidetu zen eta 1512ko konkistan espainiarren alde borrokatu zen. Baina bederatzi urte geroago Asparrotseko jaunaren ondoan ikusiko dugu Noainen nafarren kausa legitimista defendatzen, beste beaumontar asko bezala kamiseta aldatuta. Eta Donibane Garaziko gazteluaren ardura eman ziotenean, nafar soldadu leialez inguratu zen, hura heriotzara arte defendatzeko.[4]

1521eko udan Luis IV.a Beaumontekoa kondestablea, Mirandako kondea Nafarroan ez zegoenez, erregeordearen lotinant eta kapitain jenerala izan zen. Karguan zegoenez, Donibane Garazi erasotzea erabaki zuen. Zitadela 21 egunez bonbardatu zuen.[5]

1521eko uztailaren 20an, Baionatik ere entzun zen bonbardaketa gogor baten ondoren milaka gaztelar eta nafar beaumontarrek gaztelu zaharra asaltatu eta hango garnizioko soldadu gehienak basaki hil zituzten –harresitik behera botata–. Seguruenik proportzioan sarraskia Noaingoa baino handiagoa izan zen.[4] Diego de Verak zuzendutako zalditeriak azken oldarra egin zuen.[6] Setioan 300 hildako ere izan ziren.[5]

Bizirik geratu zirenak Iruñera eraman zituzten preso, nahiz eta askok bidean ihes egin, Joanes Bakedano Ameskoako jaunak bezala.[4] Joanes Jatsu Azpilikueta ere bertan izan zen.[6]

Joanikot kapitaina heriotzara zigortu eta uztailaren 26an Nafarroako hiriburuan barrena pasiatu zuten burdinazko hesi batean gainean arrastaka, pregoilariak zigorra bozgoran irakurtzen zuen bitartean. Urkatua izan aurreko azken hitzetan esan zuen ez zela traidorea, berak Nafarroako erregeari baino ez ziola zin egin. Heriotza mantsoa eta krudela izan zuen sokatik zintzilik –seguruenik ez zelako jaiotzaz noblea–, eta ondoren bere gorputz zatikatua Iruñeko ateetan eduki zuten ikusgai. Kapitain fidelaren burua pikota batean jarri zuten.[4] Heriotzak hainbat lekuko izan zituen eta horietako batzuk- tartean Martin Urtsua kapitainak, Migel Arbizu Gorteko notarioak edota Antso Lizarrakoak- bere krudelkeria nabarmendu zuten.[5]

Gaztelarrek segituen abandonatu zuten Donibane Garazi, Pirinioez bestaldean ez baitziren seguru sentitzen. Hango gaztelua esku batzuetatik bestera pasa zen hainbat aldiz aste horietan, batzuek su eman eta besteek birrindu, abuztuaren 14an tropa espainiarrek erabat deuseztatu zuten arte, Iruñera itzuli baino lehen. Hala, XII. mendetik Nafarroako Erresumako sinbolo eta gotorleku estrategiko izandakoa betirako galdu zen.[4]

Pastorala aldatu

2017an Joanikot pastorala antzeztu zuten Altzai eta Lakarriko herritarrek historia hori gogoratzeko.[6] Joana Etxart zuberotarrak idatzia, lehenengo antzezpenean 3.000 lagun eta bigarrenean 2.500 izan ziren.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. Ordoki, Zuhaitz. (2017-09-07). «Joanikot, gure historiarekin zita» Zuzeu.
  2. Aurkenerea, Joseba. (2017-08-09). «Joanikot pastorala gure historiaren zurrunbiloetan» Kazeta.info.
  3. (Gaztelaniaz) Asiron, Joseba. (2012/07/29). «Ejecución de Johan de Arberoa» Diario de Navarra.
  4. a b c d e f Apaolaza Avila, Urko. (2021-6-30). «Donibane Garaziko gaztelua eta Joanikot kapitainaren patua» Argia., CC-BY-SA lizentzia
  5. a b c (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530. Pamiela ISBN 84-7681-340-6..
  6. a b c (Gaztelaniaz) Rekalde, Angel; Garate, Luis Mª Martínez. (2017-9-4). «Joanikot pastorala» Nabarralde.
  7. (Gaztelaniaz) Rekalde, Angel; Garate, Luis Mª Martínez. (2017-9-2). «Joanikot pastorala» Diario de Navarra.

Kanpo estekak aldatu

  • Joseba Aurkenerena: Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa. [1]