Jaione Murelaga Izagirre

Lekeitioko emakumezko lehen alkatea

Jaione Murelaga Izagirre (Lekeitio, Bizkaia, 1959ko uztailaren 1aArrasate, Gipuzkoa, 2006ko ekainaren 7a) Lekeitioko alkatea izan zen, herriko emakumezko lehenengo alkatea, hain zuzen.[1]

Jaione Murelaga Izagirre

Bizitza
JaiotzaLekeitio1959ko uztailaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza2006ko ekainaren 7a (46 urte)
Jarduerak
JarduerakAlkatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euskal Herritarrok

Gaztetatik politikagintzari eta herrigintzari lotua, herriko zinegotzi izan zen eta ondoren alkate. Lekeitio UEMAn sartu zuen, Irisgarritasun Planari heldu zion eta arrantza sektorearen beherakadaz erreparatuta, Garapen Agentzia eta Behargintza sustatu zituen, bere zinegotzi taldearekin batera.

Jaiotza

aldatu

Lekeitioko Azpiri kalean jaio zen San Pedro Baltz egunean. Hamar senideko familian hazi zen, nahiz eta euretako bat oso txikitan hil zen eta denera bederatzi geratu ziren. Bera zazpigarrena zen, eta bederatzi senideez gain, gurasoak eta aitona-amonak eta osaba bat ere bizi ziren denak elkarrekin. Ama, Eugeni Izagirre Bengoetxea lekeitiarra zuen eta aita Patxi Murelaga Ibarra lekeitiarra baita, arrantzalea.

Patxi, Jaioneren aita, Kongon marinel egon zen garaian, urtean behin bakarrik etortzen zen etxera. Beraz, Eugenik eraman behar izan zuen etxea eta etxeko denen martxa. Eta hori gutxi balitz, herrian ere lana egiten zuen, herriko Gestoretako sustatzailetakoa izan zen Eugeni. Eugeniren ama ere ―Jaionen amuma― abertzale sutsua izan zen.

Ikasketak

aldatu

Jaionek ikastolan egin zituen lehen ikasketak bere ahizpekin batera. Garai hartan, ikastolek ezkutuan aritu behar izaten zuten, artean Francoren diktadurapean baitzeuden. Gerorago, ikastolak akademia gisa moldatu behar izan zuten beren proiektua aurrera ateratzeko eta Lekeition Colegio Uribe izena hartu zuen eta, gaur egun, Otxoa Urkiza plaza dagoen lekuan, Casas Sociales deitutakotan kokatu ziren. Bertan jarraitu zuen ikasten Jaionek.

Bigarren mailako ikasketak gazteleraz egin behar izan zituzten. Jaionek Lanbide Heziketako administrari laguntzailea (Auxiliar Administrativo) egin zuen herrian bertan, orain Eusebio Erkiaga Kultur Etxea dagoen eraikinean. Ondoren, Administrarien bigarren zikloa egiteko, Bilbora joan behar izan zuen.

Administratibo ikasketaz gain, Ingalaterrara ere joan zen ingelesa ikastera. Lan munduan hasi zenean, lehenengo Cikautxo lantegian egon zen administrari eta gero BBK banketxean hasi zen lanean.

Politikagintza

aldatu

Bere belaunaldiko gazte asko bezala, garai gogorrak bizi behar izan zituen Jaionek. Euskal Herriko politikagintzan eta gizarte mailan ere, tentsio handiko garaiak ziren. 1990eko apirilean bere anaia Andoni atxilotu zuen Ertzaintzak. Espetxeratu egin zuten eta Andonik torturak jasan izana salatu zuen.[2] 1994eko ekainean, Andoni torturatu zuten ertzainei epaiketa egin zioten. Gasteizko Entzutegi Probintzialak absolbitu egin zituen.[3]

Garai hartan, Jaione, Etxerat taldeko kide zen. Baina pausu bat gehiago ematea erabaki zuen eta 1995eko maiatzaren 28an, Lekeitioko Udal Hauteskundeetara aurkeztu zen Herri Batasunako zerrendetan, zinegotzi gisa. 1995etik 1999era, zinegotzi izan zen Herri Batasunatik, eta berarekin batera: Imanol Arrinda Mendiguren, Bego Lorente Txurruka eta Zigor Txopitea Bazterretxea egon ziren zinegotzi beren alderditik. Hauteskunde haietan EAJ-PNVek eskuratu zituen jarleku gehien (6), Herri Batasunak 4 eta EAk 3. EAJ-PNVko Xabier Txakartegi Zendoia izan zen alkate.[4]

Jaione zinegotzi egon zen garai haietan, gertakizun esanguratsuak egon ziren euskal politikagintzan eta gizartean. Euren jardunean zuzenean eragin zutenak: 1997an, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak atxilotu zituzten, Mahai berria osatu behar izan zen, dena kide berriekin. 1998an, Lizarrako Akordioaren ondoriozko ETAren bake-testuinguruan, Herri Batasunak, Zutik-ek eta Batzarre-k Euskal Herritarrok (EH) sortu zuten.[5] 1998ko irailaren 18an, Lizarra-Garaziko prozesua bultzatzeko, mugarik gabeko su-eten orokorra aldarrikatu zuen ETAk. 23 eragilek bost egun lehenago sinatu zuten Lizarra-Garaziko hitzarmena.[6]

Alkate

aldatu

1999eko ekainak 13ko Udal Hauteskundeetan Euskal Herritarrok hautahaitzeko (EH) alkategai aurkeztu zen Jaione eta irabazi egin zuten. Bere alderdiak irabazteaz gain, Lekeitioko lehenengo emakumezko alkatea izatea lortu zuen Jaionek. Zinegotzi talde hau izan zuen bere ondoan: Karle Beristain Bernedo, Zigor Txopitea Basterretxea, Andoni Seijo Arrinda eta Iñaki Gezuraga Ozkorta. EH-ek 5 jarleku lortu zituen, EAJ-PNV-ek 5 eta EA-k 3.[7][8]

Udal ordezkari izatearen ondorenak

aldatu

Murelaga zinegotzi eta alkate izan zen garai haietan, konpromiso eta erantzukizun politikoei aurre egiten jakin behar izan zuen, bere lantaldearekin batera.

1999eko apirilaren 30ean, intsumisoei laguntzeagatik prozesatuak izan ziren. Gero absolbituak.[9][10]

2000ko urtarrilaren 11ean hogeita bost alkate izan ziren gose greban Altsasun, presoak Euskal Herriratzeko eskatzeko. Jaione bertan izan zen.[11]

2001eko otsailaren 17an, 913 hautetsiren babesa izan zuen Udalbiltzaren aldeko Hautetsiak taldekoen batzarrerako deialdiak. Deialdi honetan egon zen Murelaga.[12]

Bere agintaldiko erabaki aipagarrienak

aldatu

UEMAn sartzea

aldatu

1999ko otsailean sartu zen Lekeitio UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea).[13][14] 2001eko otsailean eman zen argitara, Espainiako abokatuak inpugnatu egin zuela Lekeitio eta Ondarroa UEMAn sartzearen erabakia. Garai hartan, eta urte luzetan, UEMA bera eta hainbat udalen euskararen aldeko ordenantzen aurkako epaiak ebatzi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak.[15][16]

2002ko ekainaren 8an,  Jaione Murelaga alkate zela egin zen UEMA eguna Lekeition. UEMA eguna dela eta eskainitako elkarrizketa batean, gure hizkuntzak erakundeen babesa behar duela azpimarratu zuen: “Hizkuntza bat ez du errekuperatuko hiztunak bakarrik. Instituzioek derrigorrez inplikatu behar dute normalizazioan.”[17][18]

Babes ofizialeko etxebizitzak

aldatu

2002ko irailean, Letraukua auzoan babes ofizialeko etxeak egiteko akordioa adostu zen Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren artean.[19][20]

Irisgarritasun Legea

aldatu

Irisgarritasun Legearen ezarpenerako hainbat proiektu onartu eta eraman ziren aurrera. 2001 eta 2002ko aurrekontuetan, Eskolapeko obrak, udaletxeko igogailua, Trinketeko aterpetxea eta Kultur Etxeko obrak burutzea jaso ziren.[21][22]

Igerilekua hondatuta gelditu zen haize bolada bortitz batekin: estalkia galdu zuen. Irisgarritasun Planari ere heldu behar zen garaia izanik, igerileku estalia egitea erabaki zen eta berriztatzearekin batera, irisgarritasun neurriak bete ziren.[23][24]

Behargintza

aldatu

2002ko uztailaren 28an, Euskaldunon Egunkariari eskainitako elkarrizketan, Lekeitiok zituen beharraz galdetuta hauxe nabarmendu zuen: Lekeition, ohituraz, arrantza zutabe nagusia izanda. Urte batzuetatik hona, ordea, hainbat arrazoi direla medio, utzi egin dio jarduera garrantzitsuena izateari (…) Ezin da ekonomi sektore bakar baten zentratu: dibertsifikatu beharra dago, ze turismoan ere ez da oinarritu behar herriko ekonomi jarduera. Lekeition plan estrategiko bat daukagu, eta, hori aurrera ateratzeko, Garapen Agentzian sartuta gaude, eskualdeko beste hainbat herri bezala. Behargintza bulegoa ere zabaldu dugu, horren premia ikusita. Bi horiek garapenerako ardatzak izango dira.[25]

Nortasun handikoa

aldatu

Bere zinegotzi kideek nortasun handiko emakumea gogoratzen dute. Ez ziren garai errazak eta talde batua lortu zuen. Ardura guztia zuela. Buruzagia zela. Taldeko gainontzeko zinegotziek, ibilbide politikoa kalean egina zuten, baina Jaionek, horretaz gain, bere lan esperientzia eta ikasketei esker, udaleko kudeaketa ere ondo ezagutzen zuen.

Bere senideek eta lagunek indar asko zuela diote eta irmo egoten zela, baina gero asko sufritzen zuela. Baina beti aurrera begira bizi zen emakumea zela. Oso lagun artekoa zela diote, beti laguntzeko prest: parrandazalea, kantazalea, konprometitua. Bidaiatzea zen bere beste afizioa: 1997an brigadista joan zen Kubara, Pili Robles Barainka bikotekidearekin batera. Aratusteak udaletxeraino ere eraman zituen: frak batekin jantzita agertu zen egunean.

Heriotza

aldatu

2003an alkatetza amaitu eta 2006eko ekainaren 7an hil zen. 46 urte besterik ez zituen eta oraindik gauza asko egiteko gogoa, hain zuzen, Bergarako UNEDen azterketa bat egin ondoren iritsi zitzaion heriotza; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egiten ari zen.[26]

Hiletak

aldatu

Udalak ez zuen ohar ofizialik atera Jaionen heriotzaren inguruan eta bere gorpua baimen gabe sartu behar izan zuten Udal Aretora herritarren azken agurra jaso zezan. EAJ-PNVko zinegotzi batek agur-idatzi bat bidali zuen prentsara, maila pertsonalean.

Omenaldiak

aldatu
 
Udaletxeko goiko sarrera eta Guzurmendi tabernak egiten duten txokoan dago ipinita, Jaione Murelaga Izagirreren omenezko plaka.
  • 2006: uztailaren 1ean herritarren omenaldia jaso zuen. Talaiaraino 200 lagun baino gehiago igo ziren, eta bertan gorpuaren errautsen erdia aireratu zuten; beste erdia, berriz, haritz handi baten azpian lurperatu zuten. Ondoren, ekitaldia egin zuten herriko enparantzan ­gudarien monolitoaren alboan, Murelaga Udalean presente izandako hiru legegintzaldietan alboan izandako kideek hartu zuten hitza. Murelagaren sendiari ere oparia egin zioten herritarrek: alkatetza makila.[27]
  • 2011: ekainean, Maitane Larrauri Fraile alkate zen garaian, beste omenaldi bat egin zitzaion. Orduko hartan, Udalak Jaioneren Txokoa ofizial bihurtu zuen eta lore eskaintza, bertsoak eta aurreskua eskaini zioten Lekeitioko lehenengo emakumezko alkateari.[28] Hainbeste neke, baina hainbat poz eman zion udaletxearen alboan, hantxe jarraitzen du Jaioneren txokoak, hormatik bere irudia begira dugula, irribarre batekin.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Base de datos de Alcaldes y Concejales» mpt.gob.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  2. «Euskal Memoria:-Euskal Memoriako blogak» www.euskalmemoria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  3. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  4. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  5. Ezker abertzalea. 2023-07-24 (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  6. «ETAk emandako su-etenak» Berria 2011-10-21 (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  7. «1999eko Udal Hauteskundeetako emaitzak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  8. Udalen osaketa, herriz-herri. Euskaldunon Egunkaria. .
  9. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Intsumisoei laguntza. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  10. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Intsumisoei laguntza. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  11. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Gose greba. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  12. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Udalbiltza. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  13. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Lekeitio UEMAn. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  14. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Lekeitio UEMAn. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  15. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «UEMA auzitan. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  16. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «UEMA auzitan. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  17. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «UEMA eguna Lekeition. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  18. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «UEMA eguna Lekeition. Elkarrizketa. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  19. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Babes Ofizialeko Etxeak Lekeition. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  20. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Babes Ofizialeko Etxeak Lekeition. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  21. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Irisgarritasun Legea: obrak. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  22. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Irisgarritasun Legea: obrak. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  23. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Irisgarritasun Legea: igerilekua. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  24. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Irisgarritasun Legea: igerilekua. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  25. (Ingelesez) Berria.eus. (2024-06-17). «Jaione Murelagari elkarrizketa. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  26. (Gaztelaniaz) PPLL. (2006-06-09). «Fallece la ex alcaldesa» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  27. «euskalherria.com - GARA - Paperezkoa:20060702 - Lekeitiarrek alkate izandako Jaione Murelaga omendu zuten atzo» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  28. «Murelaga gogoratuz» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2011-06-25 (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).

Kanpo estekak

aldatu