Isola Tiberina (latinez: Insula Tiberina) Tiber ibaian dagoen uharte bakarra da. Sedimentuen metaketen ondorioz sortu zen.

Isola Tiberina
Datu orokorrak
Motaibai-uharte
Luzera270 m
Zabalera67 m
Azalera0,018 km²
Geografia
Map
Koordenatuak41°53′27″N 12°28′38″E / 41.8908°N 12.4772°E / 41.8908; 12.4772
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Lazio
Italiako hiri metropolitarraErromako hiri metropolitarra
HiriaErroma
Ur-gorputzaTiber

Txalupa itxura du eta gutxi gorabehera 270 m luze eta 67 m zabal da.

Historia aldatu

 
Uhartea 1593eko irarlan batean.

Kondairaren arabera, uhartea K. a. 510. urtean sortu zen Tarquino erregearena zen Campo Marzio izeneko zelaian garia segatu ondoren geratu ziren lasto hondarren metaketen ondorioz. Hala ere, ikerketa batzuek frogatu dute uhartea ustezko gertakizun hori baino lehenago sortu zela. Uharteak hiriko bizitzarekin loturarik ez zuenez, Eskulapioren (medikuntzaren jainkoa) tenplua eraiki zuten. Jainko hau gurtzen K. a. 292. urtean hasi ziren, izurrite baten ondoren. K. a. I. mendearen hasieran, opus quadratum teknika erabiliz monumentalizatu egin zuten, ponte Fabrizio eta ponte Cestio zubiak eraiki zituzten aldi berean. Bi zubiek Vicus Censorius delakoak batzen zituen. Monumentalizazio horretan, uharteak berez zeukan itsasontzi itxura nabarmendu egin zuten eta gaur egun ere itsasontziaren branka antzeman daiteke. Itsasontziaren kanpoaldea trabertinozko blokeez osatuta zegoen; barrualdea, ordea, peperino harriz osatuta. Horretaz gain, apainketa batzuk zeuden, Eskulapio bere sugearekin eta seguru aski itsasontziak lotzeko erabiltzen zen zezen buru batekin irudikatzen zutenak. Uhartearen erdian obelisko bat zegoen, masta nagusi sinboliko bat irudikatzeko eta esandako jainkoa K. a. 292. urtean Epidaurotik iritsi zela gogorarazteko. Izan ere, bi urte lehenago Erromako hainbat jakintsu Greziako hiri horretara joan ziren izurrite baten ondoren jainkoari aholkua eskatzeko; mitoak dioenez, suge bat (jainkoaren sinboloa) tenplutik atera eta itsasontzira igo zen. Behin Erromara iristean, sugea uhartera zuzenean joan eta bertan hartu zuen bizilekua; jainkoari eskainitako tenplua eraiki ondoren, izurritea mirariz desagertu omen zen.

Monumentuak aldatu

Tenpluak aldatu

 
San Giovanni Calibita eliza.
 
Uharteko harrizko itsasontziaren hondarrak.
 
Iparraldeko muturra.

Eskulapioren tenplua uhartearen hegoaldean eraiki zuten K. a. 289. urtean. Leku horretan, gaur egun, San Bartolomeo eliza dago: barrualdean dagoen putzuaren lekuan antzinako santutegiko iturria zegoen. Tenpluaren alboetan bi atari zeuden erromesei eta, bereziki, gaixoei harrera emateko. Bestalde, eraikuntzaren iparraldean hainbat santutegi txiki zeuden: K. a. 194. urtean Fauno eta Veioveri eskainitako bi tenpluak; jatorri sabinarra duen Sancus jainkoari eskainitako aldarea eta Iuppiter Iuralius ("zinen bermatzailea") jainkoarentzako kapera bat, orain San Giovanni Calibita eliza kokatzen den lekuan, hain zuzen ere.

Izan ere, egun Fatebenefratelli ospitalearen zimenduen artean daude aipatutako santutegiak. Uhartean bertan beste jainko batzuk ere gurtzen zituzten, esate baterako, Tiberino jainkoa eta Gaia eta Belona jainkosak.

Obeliskoa desagertu ondoren, zutabe bat jarri zuten haren lekuan eta bertan urtero abuztuaren 24an pazkokoa egin ez zutenen zerrenda ipintzen zen. Geroago, zutabea San Bartolomeo elizaren atarira eraman zuten eta 1867. urtean puskatu zen, gurdi baten kolpe baten ondorioz. Gaur egun uhartearen erdialdean gurutze bat zuen tenplete txiki bat dago. Pio IX.a aita santuak Ignazio Giacomettiri eskatu zion tenplete hori eraikitzea 1869. urtean eta haren lau nitxoetan uhartearekin lotutako santuak daude irudikatuta, esaterako, San Bartolome, San Paolino Nolakoa, San Frantzisko Asiskoa eta San Joan Jainkoarena. Abuztuaren 24an angurrien festa ere ospatzen zen eta hainbat saltzailek beren salgaiak erakusten zituzten. Bitartean, pertsona batzuek igeriketa lehiaketak egiten zituzten, Fabricio zubitik Ponte Rottora arte angurriak hartzeko. Jokoak 1870. urtean debekatu ziren, ibaiko ur-lasterrengatik egondako ezbeharren ondorioz.

San Bartolomeoren eliza aldatu

Eskulapioren tenpluaren hondakinen gainean Odon III.a enperadoreak eliza bat eraiki nahi izan zuen X. mendean Adalberto, Paolino eta Bartolomeo santuei eskaintzeko. Hala ere, 1180. urtean, Alexandro III.a Aitasantuak eliza zaharberritu zuen eta aipatutako azkeneko santuari bakarrik eskaini zion (garai horretakoa da egun elizaren aurrealdean dagoen mosaiko atala). Urte batzuk lehenago, 1113. urtean, hain zuzen ere, kanpandorre bat gehitu zioten Paskoal II.a Aitasantuaren eskariz. Barrualdean putzu zahar bat dago, antzinako zutabe baten enbor atal bat aprobetxatuz egina, hiru santuak (edo agian Salbatzailea, San Adalberto, San Bartolomeo eta Odon III.a) irudikatuta dituena, Nicola d’Angelok edo Pietro Vassalletok egindakoa den baxuerliebean. Erromatarrek pentsatzen zuten putzuko ura mirarigilea zela, Esuperanzio eta Marcello martirien hezurrez gain honako hau esaten zuen idazkun bat ere aurkitu baitzuten: “Os putei Sci sancti circumdant orbe rotanti”; joan den mendean, putzua itxi egin zuten ura osasunarentzat kaltegarria zelako.

Elizan, ezkerreko lehenengo kaperan, Argiontziaren Birjinaren freskoa kontserbatu da (1557ko uholdeari eta orduan gertatutako mirariaren tradizioari lotua). Freskoa XIII. mendearen bigarren zatian margotu zen, eta bertan Amabirjina Jesus Haurrarekin agertzen da, harkaitz handi baten gainean; horregatik, Harkaitzeko Amabirjina bezala ere ezagutzen zuten. Kondairaren arabera, ur goraldi baten ondorioz, urak irudia estali zuen baina aurrean zuen argiontzia piztuta mantendu zen gertakizuna amaitu arte. Sakramentuaren Kaperan, aldiz, hamalau zentimetroko diametroa duen kanoi bala bat dago, 1849ko Erromaren setioan jaurti eta han erori zena: osorik eta bizirik geratu zirenek leku hartan utzi zuten kanoi bala hura gertakaria gogoratzeko.

XVII. mendean Tiberren hildakoen omenezko zeremonia bat egiteko ohitura sortu zen: azaroaren 2an, hildakoen egunean, San Bartolomeo elizatik Confraternità dei Sacconi Rossi di Santa Maria dell’Orto delakoaren prozesioa abiatzen zen, lastargiak eskuetan, ibai ertzera iritsi arte, eta han ura bedeinkatu eta lore koroa bat jaurtitzen zuten. Urte batzuetan prozesioa egiteari utzi ondoren, 1984. urtean berriz ekin zion Confraternità dei Sacconi Scuri delakoak. Beste tradizio baten arabera, Giambattista Orsenigo Lonbardiako fraidea hagin-ateratzaile ezin hobea zenez, 1867 eta 1903. urteen artean pertsona ospetsu ugari izan zituen paziente, horien artean Leon XIII.a Aita santua.

Joan Paulo II.ak, 2000. urteko Jubileu Nagusiaren prestakuntzan, erabaki zuen “Martiri Berrien” batzorde bat ezartzea, XX. mendeko kristau martiriak aztertzeko. Batzordeak bi urte eman zituen lanean San Bartolomeoren elizaren barnean, eta martiri eta fedearen lekukotasunei buruzko 12.000 bat txosten bildu zituen, mundu osoko elizbarrutietatik bidaliak.

Jubileu Nagusia amaitu ondoren, Joan Paulo II.ak nahi izan zuen XX. mendeko fedearen lekukotasun horien oroigarria San Bartolomeoren Basilikan ikusgai egotea; ondorioz, 2002ko urrian, ospakizun ekumeniko bat antolatu zen eta aldare nagusian XX. mendeko martiriei eskainitako ikono handi bat ipini zen. Ikonoak, Apokalipsitik hartutako sinbologia erabiliz, batzordeari esker ezagutu diren martirien istorioak irudikatzen ditu. Martirien beste oroigarri batzuk alboko kaperetan ipini ziren, kapera bakoitza garai historiko berezi bati eskainiz.

Fatebenefratelli ospitalea aldatu

San Bartolomeo elizaren parean dagoen ospitale hau 1583an sortu zuten Jainkoaren San Joan-en jarraitzaileek eta Cesare Bazzanik zaharberritu zuen 1930-1934. urteetan. Ospitalearen eskuinaldean San Giovanni Calibita eliza dago, Iuppiter Iurarius jainkoaren tenpluaren hondakinen gainean eraikia, eta 870. urte inguruan santuari eskainia. Aurrealdea Luigi Barattonik 1640. urtean hasi eta 1711. urtean Romano Carapecchiak bukatu zuen.

Kanpo estekak aldatu