Isabel Villenakoa

XV. mendeko lekaime eta idazle valentziar protofeminista

Elionor Manuel Villenakoa edo Isabel Villenakoa (c.1430Valentzia, 1490eko uztailaren 2a)[1] XV. mendeko lekaime eta idazle valentziar protofeminista izan zen.

Isabel Villenakoa

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakElionor Manuel de Villena
JaiotzaValentzia, 1430
HerrialdeaAragoiko koroa
HeriotzaValentzia1490eko abenduaren 18a (59/60 urte)
Familia
AitaEnrique de Villena
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako gaztelania
Old Catalan (en) Itzuli
Medieval Latin (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta moja katolikoa
Izengoitia(k)Católica cristiana
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaKlaratar

Find a Grave: 10864141 Edit the value on Wikidata

Isabel 1430ean jaio zen, Valentzia hirian. Enrique Villenakoa Trastamara etxeko ondorengoaren alaba ez-legitimoa izan zen,[1] eta baita Alfontso Zaharraren, Gandiako lehen dukearen, birbiloba ere. Jaiotzean Elionor izena jarri zioten, ohikoa bere familian, eta txikitatik bizi izan zen Maria Gaztelakoaren gortean, Aragoiko tronurako hautagaien emakume ondorengoek bertan bizi behar izan baitzuten, Caspeko hitzarmenean amaitu zen interregnoa izan zen bitartean.[2] Trastamaratarrek emakume horiek, nahita ala ez, familiaren aliatuekin ezkonarazten zituzten. 1445ean, Valentziako moja klaratarren Trinitatearen monasterio berrian (Tordesillaseko araua). Han Isabel izena hartu zuen, agian Aragoiko familiako erregina santuaren omenez, eta 1462an bertako abadesa aukeratu zuten.[1]

Isabel Villenakoak Trinitatearen monasterioko lanak bultzatu zituen, eta Valentziako gotiko berantiarreko harribitxi bihurtu zuen lortu zituen dohaintza handiei esker.

Isabelek pertsona bertutetsu eta adimentsu ospea hartu zuen, eta oso gogoan zuen bere leinuaren jatorri erreala. Valentziako garaiko hainbat idazlek bere zintzotasuna eta erudizioa goresten zituzten idatziak eskaini zizkioten. Isabel Villenakoa ezagutzen dugun Valentziako literaturako lehen emakume idazlea da. Komentu berean bizi izan zen berrogeita bost urtez, eta bertan hil zen Valentzia 1490ean jo zuen epidemia baten ondorioz.[1]

Vita Christi da kontserbatu den Villenaren lan bakarra. Aldonça Montsoriukoa abadesak Valentzian, 1497an, argitaratu zuen.

Elionor izatetik Isabel izatera aldatu

 
Isabel Villenakoa Vita Christi liburua klaratarrei ematen ari zaiela.

1445ean, 15 urte baino ez zuela, Valentziako moja klaratarren Trinitate Txit Santuaren komentuan (Tordesillasko arau berritua) sartu zen bere borondatez. Komentua Maria erreginak fundatu eta finantzatu zuen aurreko urtean Elionorrek berak erreginari bere zorra kitatzeko emandako diruarekin. Maria erreginak espazio pribatu bat izan zuen komentuan erretiro-orduak beste edozein mojaren moduan pasatzeko. Elionorrek orduan hartu zuen Isabel izena. Isabel Villenakoa, Trinitate komentuan klarisa gisa izan zuen bizimoduagatik, zintzotzat eta bertute handikotzat hartu izan zuten garaikideek.

1462an abadesa izendatu zuten. Kargua, baina, ez zuen onartu hurrengo urtera arte, alaba ez-legitimoa izateagatik aita santuaren dispentsa bat behar baitzuen. Abadesa egin ondoren, bere ardura eraginkortasun eta erantzukizun handiz eraman zuen bere bizitza guztian. Diru kontuetan zorrotza zen, eta Trinitate monasterioko lanak jarraitzeko eta bukatzeko jasotzen zituen dohaintza guztiak erregistratu zituen. Bere lanean frantziskotarren espiritualtasun zorrotzarekiko konpromiso handia sumatzen da, Tordesillasko arau erreformatuari zegokion bezala, Clara Asiskoak, ordenaren sortzaileak, proposatutako sinpletasunera itzultzeko eskatzen baitzuen.

Bere obra: Vita Christi aldatu

 
Villenakoaren Vita Christi

Vita Christi Jesukristoren bizitzari buruzko narrazioa da, komentuko mojen hausnarketetan laguntzeko idatzia. Autoreak maisuki bete zuen bere lana, bai pasadizo narratibo bizietan, bai estilo erretoriko jasoa erabiltzean, gaiari zegokion bezala. Lanaren berezitasunik handiena da Isabel Villenakoa oso kontziente dela bere hartzaile zuzenen izaeraz (Trinitateko mojen komunitatea), eta horregatik, kontaketa ikuspegi kontzienteki femeninoaz markaturik dagoela. Horrela, Kristoren bizitza izan behar zuena Ama Birjinaren bizitza da bere eskuetan: liburua Ama Birjinaren jaiotzarekin hasi eta haren jasokundearekin amaitzen da. Egileak Christi vitae generoko beste lan batzuk ezagutu zituen, hala nola Ludolf Saxoniakoarena, Joan Roís Corellakoak "Kartusiarra" izenburupean itzulia eta arrakasta eta hedapen handia izan zuena. Baina Villenaren lanak oso ezaugarri pertsonalak ditu; esate baterako, sarritan latinezko pasarteak tartekatzen ditu (gehienetan liturgiatik datozenak), eta, ondoren, erromantzez haien glosa egiten du eta naturaltasun osoz txertatzen ditu narrazioan, adibidez, pertsonaien elkarrizketetan. Villenak ez du arazorik Ebanjelio kanonikoekin zerikusirik ez zuten Jesus eta Mariaren bizitzako pasarteak txertatzeko, ebanjelio apokrifoen elementuak erantsiz, oso ezagunak baitziren artean erdi aroan, nahiz eta ortodoxia zorrotzenak onartzen ez zituen.

Lan femeninoa ala feminista? aldatu

Feminitatea nahita aukeraturik dago, eta edozein orrialdetan aurki daiteke:

  • Emakumeak dira liburuaren benetako protagonistak.
  • Emakumearen munduko gai tradizionalei egotzi ohi zaizkien zenbait xehetasun nabarmentzen dira: amatasunaren ikuspegia, haurrei tratu amultsua emateko joera, etxeko bizitzaren xehetasunak, emakumeen arteko konfiantza eta laguntza.
  • Mundu alegoriko eta zerutiarra Erret Gorte gisa aurkezturik. Zehaztasun handiz deskribatzen ditu mundu horren ponperia eta luxua, bertan aplikatzen diren protokolo guztiak edota jantziak eta apaingarriak.

Baina gehien eztabaidatu den kontua da ea Isabelek, bere lana ikuspuntu «femenino» batetik egiteaz gain, lan «feminista» ere egin ote zuen. Ausartegia izan liteke XV. mendeko emakume bat feministatzat hartzea, baina begibistakoa da haren liburua Erdi Aroko literatura guztia bereizten duen misoginiaren kontrako erantzuna dela. Jaume Roig-ek, Espill (Ispilua) XV. mendeko katalanezko literaturako libururik misoginoenaren autoreak, harreman estua zuen Trinitatearen komentuarekin, bertako medikua baitzen. Isabelek, seguru asko, Roigen liburua eta jarraitzen zuen tradizioa ezagutuko zituen, eta Vita Christi idaztean Espill-i erantzun bat eman nahiko zion,[3] emakumearen bertuteak nabarmenduz eta akusazioen faltsutasuna erakutsiz:

  • Misoginoek emakumea aldabera dela esaten badute, Isabelek gizonak guztiz aldakor aurkezten ditu, eta emakumeak irmo bihurtzen ditu.
  • Misoginoek emakumea deabruarekin lotzen badute eta emakume gaiztoen zerrendak ematen badituzte, Villenak izan diren emakume zintzoen zerrenda aurkezten du.
  • Autoreak etengabe adierazten du Jesusek maiteago zituela emakumeak gizonak baino.
  • Jesukristok berak ere, Villenaren kontakizunean, behin eta berriz gaitzesten ditu misoginia eta misoginoak.

Feminismoa emakumearen defentsa dela ulertzen badugu, zalantzarik gabe, Isabel Villenakoa feministatzat har daiteke, nahiz eta garai hartan feminismoa mugimendu antolatu gisa artean agertu ez. Era berean, bere jenialtasuna ikus dezakegu kristau-salbazioaren historia kontatu eta interpretatzeko moduan, Jesukristoren inguruan zebiltzan emakumeen ikuspuntuaz baliatzen baita; horrela, salbazioaren historia horretan emakumeen balioa eta protagonismoa aitortu zituen.

Ez dakigu nola lortu zuen Isabelek bere prestakuntza intelektual eta literarioa; baina, Enrique Villenakoa katalanezko eta gaztelaniazko idazle jakintsuaren alaba izanik, ez da harritzekoa prestakuntza intelektual sendoa izatea. Badakigu Maria erreginaren gortean liburutegi bikaina zegoela, gehienbat testu moralak biltzen zituena. Hango liburu asko jarauntsi zituen aurrerago Trinitateko komentuan irakasle izango zen erreginaren dametako batek, eta horregatik, liburu horiek Isabel Villenakoa abadesa izan zen komentura helduko ziren. Isabel Villenakoaren eragina XV. mendetik XVI. mendera bitartean idatzitako pintura-eskuizkribu batean ere ikusten da. Bertan Villenak bere Vita Christi liburuan deskribatu zituen eszenak agertzen dira.

Aldarrikapen feminista aldatu

Vita Christi liburua Jesusen bizitza kontatzean oinarritzen da, eta helburua du irakurlearen debozio emozionala piztea eta kristaua hunkitzea, istorio honetako pertsonaia nagusiekin identifikatu dadin.[4] Hala ere, Villenaren Vita Christi oso lan pertsonala da hainbat alderditan, emakumeek eta ekarpen feministek duten presentzia eta garrantzian, hain zuzen.[5]

Obra hau Kristoren bizitzan agertzen ziren emakumeei buruzkoa da. Vita Christi-n Santa Ana, Ama Birjina eta Maria Magdalena ohiko emakume, amona edo amak dira, Kristoren bizitza edozein emakumeren moduan bizi dutenak, hau da, giza sentimenduekin. Lan bikain honek, pertsonaia femeninoetan enfasia jartzeaz gain, Bibliako testu apokrifoak baliatu zituen, eta ez zuen arazorik izan testu sakratuen ortodoxiatik urrun zeuden sinesmenak eskaintzeko, horixe egin baitzuen, adibidez, Maria, Jesus zerura igo ondoren, Eliza berriko buru eta «papisa handi» gisa eta «doktore» gisa, apostoluen maistra, aurkeztean.[6]

Vita Christi-ren lehen xedea erlijio-debozioa sustatzea zen; baina, horrez gain, egileak emakumeen defentsa argudio sendoetan oinarritua eta ukatzeko gaitza egiteko ere aprobetxatu zuen.[7] Haren analisiak frogatzen du autoreak zuzenean kontra egin ziela Aragoiko Koroan hainbat hamarkadatan oso ugaria izan zen literatura misoginoaren topikoei.

Aipatzekoa da Villenaren lanak, komentuko ahizpa eta hurbileko fededunen artean arrakasta izateaz gain, literatura eta intelektualitatearen munduko gizon askoren mirespena ere eragin zuela.

Oso adierazgarria da, bestetik, lan hau, emakume batek idatzia, beste bi emakumeren ekimenez inprimatua izan zela, Isabel Villenakoaren ondorengoak, Aldonça de Montsoriu abadesak, inprentara eraman baitzuen lehen aldiz, Gaztelako Isabel I.a erreginak irakurtzeko adierazi zuen interesagatik.[8][9] Ez dirudi erreginak batere zailtasunik izan zuenik jatorrizko hizkuntzan irakurtzeko.

Villenaren Vita Christi liburuaren hiru edizio egin ziren gutxienez: Valentzian, 1497an (Lobo de la Roca); Valentzian, 1513an (Jorge Costilla, xilografia ugarirekin), eta Bartzelonan, 1527an (Carles Amorós).[3]

Autorearen garrantzia, geroago, ez zen izan behar bezala balioetsia, Valentziako urrezko mendeko ezinbesteko lantzat jo ez zelarik; baina, hala ere, emakume askok irakurri eta estimatu zuten, adibidez, María Jesús Agredakoa mistikak edo, goian esan bezala, Isabel Katolikoa erreginak. Isabel Villenakoaren Vita Christi 1497an argitaratu zen azkenean, Trinitateko monasterioan haren ondorengoak egindako bitartekaritzari esker.

Vita Christiren estiloa aldatu

Tradizionalki, Isabel Villenakoaz autore xaloa izan zela esan izan da, hizkuntza sinple eta gutxi landua erabili zuena, txikigarriz betea. Azterketek erakutsi dute, ordea, bere obran agertzen diren txikigarriak arraroak direla haurren munduaren erreferentzietatik kanpo. Ikusi da, halaber, autore honek estilo jasoa duela, gai sakroetarako erretorikaren arauek eskatzen zuten moduan, eta hainbat baliabide erretoriko erabiltzen dituela Vita Christin, hala nola, epitetoak, sinonimiak, litoteak, metaforak, hiperboleak, girotzeak, ekfrasiak, hiperbatonak eta abar. Isabel de Villena maistra da arte-prosaren erabileran, Joan Roís Corellakoa herrikidearen antzera. Ez da harritzekoa hori, kontuan hartzen badugu haren aita, Enrique Villenakoa, maisua zela goi mailako erretorika erabiltzean. Baina Isabel Villenakoa narratzaile bikainak ez du inoiz uzten bere trebetasun erretorikoek narrazioaren emozioa oztopa dezaten, modu arinean jarrai baitakioke kontakizunaren hariari. Bere teknika anplifikatzailea ere azpimarratu behar da: Ebanjelioaren bertset bakar batetik abiatuta kapitulu osoa idazteko trebetasun bitxia du, gainerakoa bere irudimen miresgarriarekin eraikiz.

Joan Fusterren arabera, Vita Christin bi narrazio-plano ematen dira, paraleloan lantzen direnak: terrenala, zeinean Familia Sakratuak miseriak eta penalitateak pairatzen dituen, eta zerutiarra, luxuz beteriko gorte baten moduan aurkeztua. Autoreak zeruko zeremonien protokoloaren solemnitatea eta handitasuna deskribatzen ditu, oihalen, bitxien, janarien eta eszenografiaren handitasunean laketuz.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d (Gaztelaniaz) «ISABEL DE VILLENA» Real Monasterio de la Santísima Trinidad de Valencia (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  2. Rotger, Agnès. (2017). Elles! : 65 dones oblidades de la història. (1ª ed. argitaraldia) Institut Català de les Dones ISBN 978-84-393-9607-9. PMC 1027668408. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  3. a b «SOR ISABEL DE VILLENA Primera escritora en valenciano» www.uv.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  4. CANTAVELLA, Rosana (introcducción), PARRA, Lluïsa (transcripción) Protagonistes femenines a la Vita Christi, pp 180, ed. La Sal Ediciones de les Dones, Barcelona. ISBN:8485627458.
  5. Zabala M., Iris. (2000). Breve historia feminista de la literatura española (en lengua catalana, gallega y vasca). (1a 7. argitaraldia) Anthropos ISBN 84-7658-577-2. PMC 44727192. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  6. Escritora cercana, Isabel de Villena (1430-1490). MUJERES EN LA HISTORIA. Breves biografías de mujeres que escribieron alguna página de la historia. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  7. Fuster, Joan. El món literari de sor Isabel de Villena. Barcelona: Edicions 62, p. 153-174.
  8. (Gaztelaniaz) «Sor Isabel de Villena (1430-1490)» Ateneu Cultural Ciutat de Manises 2021-05-05 (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  9. Caso, Ángeles. (2006). Las olvidadas : una historia de mujeres creadoras. Círculo de Lectores ISBN 84-672-1775-8. PMC 433651065. (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).

Bibliografia aldatu

  • Alemany Ferrer, Rafael, «La interacción de lo humano y lo divino en la Vita Christi de sor Isabel de Villena», in María Antonia Martínez Pérez (arg.), Actas del XIV Congreso Internacional de la Asociación Hispánica de Literatura Contemporánea, Murtzia, Universidad de Murcia, 2012, 131-140. or. ISBN 978-84-15463-31-3. http://hdl.handle.net/10045/27141
  • Hauf i Valls, Albert Guillem (ed.). Panorama crític de la literatura catalana ( Edat Mitjana. Segle d'Or). 2. Bartzelona: Vicens Vives, 2011. ISBN 9788468206721. 
  • Villena, Isabel de. Femme dans la Vie du Christ. Perpinyà: Éditions de la Merci, 2008. ISBN 978-2-9531917-1-4. 
  • MASSOT I MUNTANER, J. (coord.). Miscel·lània Jordi Bruguera. 69. Barcelona: Publicacions de l'Abadia de Montserrat, 2015 (Estudis de llengua i literatura catalanes). ISBN 9788498837841. 
  • FERRANDO, Antoni. (Desembre, 2015).  doi:10.7203. ISSN - 4841 2340 - 4841..
  • ALEMANY FERRER, Rafael. (2012). ISSN 0391-5654..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu