Inprimatzea testu eta irudiak txantiloi bat erabiliz erreproduzitzen duen prozesua da. Paperan inprimatu aurretik erabilitako inprimatze prozesuek zigilu zilindrikoak erabiltzen zituzten, adibidez Ziroren zilindroa eta Nabonidoren zilindroak. Paperaren gaineko lehen inprimatzeak inprimatze xilografikoa izan zen, Txinan K. a. 220a baino lehen agertu zena. Beranduago tipografia higigarria asmatu zuen Bi Shengek 1040. urtean, eta Johannes Gutenbergek inprenta asmatu zuen XV. mendean. Inprimatzearen teknologiak paper garrantzitsua izan zuen Berpizkundean eta Zientzia Iraultzan, eta gaur egungo masen hezkuntza eta ezagutzan oinarritutako gizartearen oinarria da.

Inprimatze-teknika ezberdinekin egindako collagea

Historia

aldatu

Txinan, K. a. 220. urte inguruan, inprimatzeko ezinbesteko diren hiru gaiak ezagutu eta erabiltzen zituzten jadanik: papera, tinta eta harrizko, zurezko edo metalezko moldeak. Horixe izan zen, beraz, inprimeriaren hastapen enpirikoa.

XI. mendean, Bi Sheng txinar alkimistak erabili zituen, lehenbiziko aldiz, zeinu mugikorrak, zurezkoak (xilografia), baina txinar alfabetoak dituen ideogramak ugari zirenez gero, ez zen teknika hura zabaldu. Papera XII. mendean iritsi zen Europara, arabiarrek ekarria, eta, XIII. mendean, italiarrak eta frantziarrak hasi ziren papera egiten.

Europan, xilografiaz (baina zeinu mugikorrak erabili beharrean, zurezko xaflez baliatuz) inprimatutako lehenbiziko liburuak XV. mendean agertu ziren. Geroxeago, metalezko xaflak hasi ziren erabiltzen (metalografia), zurezkoen ordez. Zeinu mugikorrak eta behin baino gehiagotan erabiltzeko modukoak lortzea zen hurrengo urratsa, eta grekozko eta latinezko alfabetoak, zeinu gutxi dituztelako, guztiz egokiak ziren horretarako.

Laurens Coster holandarrari egozten zaio horiek sortu izana. Johannes Gutenberg alemaniarra izan zen, dena den, inprimeria modernoaren lehenbiziko teknikak gauzatu zituena, XV. mendearen erdialdean. Gutenberg metalezko zeinu mugikorrez eta behin baino gehiagotan erabiltzeko modukoez baliatzen zen. Zeinuak –hitzak, tarte hutsak eta lerroak osatuz– zurezko kaxa batean jartzen ziren, eta, tintaz busti ondoren, papera jartzen zen haien gainean. Torloju baten bidez, xafla bat jaitsarazten zen papereraino, eta, xafla hura paperaren kontra zapatuz, zeinuak paperean inprimatzen ziren.

Xilografiaren aldean, hiru abantaila nagusi zituen Gutenberg-en teknikak: askoz azkarrago osatzen ziren inprimatu beharreko testuak, kalitate hobea zuten inprimatutakoak, eta paper orri baten bi aldeetan inprima zitekeen. Estrasburgon egin zituen Gutenbergek bere teknikaren lehenbiziko saioak (1434-39). Gutenbergek, 1450ean, elkarte bat eratu zuen, Mainzen (Alemania), Johann Fust zilargin aberatsarekin, eta, geroxeago, Peter Schoeffer metal irartzailearekin. Elkartea 1455ean hautsi zen. Lankidetza horren emaitza da Gutenbergen teknikak sortutako lehenengo maisu lana: Mazarinoren Biblia (Berrogeita bi lerroko Biblia izenaz ere ezaguna; 1455). Gutenberg-en teknikari zor zaizkion lehenbiziko liburuetan, hauek dira nagusietakoak: Latinezko gramatika (Aelius Donatus-ek idatzia; 1445), Astronomia egutegia (1447), Konstantzako mezaliburua (1450), Barkamenen buldak (1454), Turkiarren aurkako Gurutzadak (1454), Mainz-eko salmotegia (1457), Hogeita hamasei lerroko Biblia (1458), Catholicon (1460), etab.

Aro modernoa

aldatu

XVI. eta XVII. mendeetan, zeinuak hobetu ziren: A. Manuzio veneziarrak, 1501ean, hizki kurtsiboak (aldini eta italiarrak ere deituak) sortu zituen, eta Claude Garamond frantziarrak (1499-1561) garamond hizkiak. XVIII. mendean aurrerapauso handiak eman zituen inprimeriaren teknologiak: Didot frantsesak (1777) asmatu zuen burdinazko prentsa, prentsaren xafla eta zeinuen kaxa neurri berekoak zituelako kolpe bakar batez (lehenago bi behar ziren) inprimatzen zuena. Prentsa hori Stanhope britainiarrak hobetu zuen (1795). Garai bertsuan agertu ziren, Frantzian, berunezko xafla erliebedunen bidez inprimatzeko teknikak, estereografia izenekoa.

Une horretatik aurrera, mekanizazioa nagusitu zen inprimerian. Urrats garrantzitsuena izan zen papera zanpatzen zuen xaflaren ordez zilindro bat erabiltzea, kalitate handiagoa lortzen baita zilindroaren bidez zanpatuz gero, presioa hobeki erregulatzen duelako.

Aro garaikidea

aldatu

XIX. mendean, tresna eta teknika berriak agertu ziren, mekanizazioaren ildo beretik: linotipia, monotipia, errotatiba... Ottmar Mergenthaler alemaniarrak asmatu zuen, 1880an, Estatu Batuetan, linotipia (zeinuak banaka ezarri beharrean, lerro osoak ezartzen zituen tresna). Testuak osatzeko denbora ikaragarri laburtu zuen linotipiak, eta denbora luzean izan da inprimatzeko teknikarik erabiliena, XX. mende erdialdera arte. Tolbert Lanston-ek monotipia asmatu zuen 1885ean, Estatu Batuetan. Teknika haren bidez, banaka konposatzen ziren zeinuak. Lehenbiziko errotatiba 1855ean patentatu zen. Errotatibak lastertu egin zuen inprimatze prozesua, inprimagailura sartzen den papera, orriz orri igaroarazi beharrean, biribil batean bilduta baitago eta etengabean automatikoki sartzen da.

XIX. mendearen bukaerakoak dira, baita ere, fotograbatu eta offset teknikak, metalezko zeinuak baztertu zituztenak. Sistema haietan oinarritutako zenbait teknikaren bidez, testuak paperean zuzenean osatzera iritsi zen, idazmakina bereziak erabiliz. Paperean osatutako testuak, fotografia sistemaren bidez tratatzen ziren, inprimatu nahi zen testuaren oinarria sortzeko. 1950etik aurrera hasi ziren agertzen testuak fotografia bidez eratzen dituzten tresnak, eta informatikarekin batera garatu dira, gaur egun ezagutzen diren teknologietaraino. Testu konposizioari buruz esandakoaren bide bertsutik garatu da, halaber, irudiak irartzeko artea: xilografia, metalografia (XV. mendearen erdialdean), litografia (Aloys Senefelder txekoak, 1796an asmatua, irudiaren euskarritzat harri porotsua erabiltzen duen teknika), fotograbatua (Nicéphore Niepce frantsesak asmatutako teknika, fotografiaren oinarriak jarri zituena).

Inprimeria Euskal Herrian

aldatu

Arnaut Gilen Brocariok[oh 1] jarri zuen, Iruñean, Euskal Herriko lehenbiziko inprimeria, eta 1489an eman zuen argitara lehen liburua: Manuale secundum consuetudinem ecclesiaæ pampilonensis Orobat Iruñean inprimatu zituen, besteak beste, Regulas liburua (1492koa, Esteban de Masparrauthek idatzitakoa. Ale bakar bat geratzen da, Savonako udal liburutegian dagoena, Italian) eta Epílogo en medicina y cirugía conveniente a la salud (1495ekoa).

Iruñeko inprimerian hogeita bosten bat liburu argitara eman ondoren, Logroñora joan zen Brocario, Agramondarren eta Beaumontarren arteko gerra hasi zenean (1503), eta bertan jarraitu zuen inprimatze lanetan. Beste zenbait hiritan ere inprimatu zuen, 1523an hil zen arte: Alcala de Henaresen (han inprimatu zuen, Cisneros kardenalaren aginduz, Biblia poliglota complutensis liburua, 1514-1517an inprimatua eta 1522an argitaratua), Valladoliden eta Toledon.

Miguel Egia (Brocarioren suhia) izan zen Euskal Herriko bigarren inprimeria jarri zuena, Lizarran, 1546an. Liburu gutxi inprimatu zituen Egiak Lizarran; lehenbizikoa Vocabularium ecclesiasticum (Rodrigo Fernándezek idatzitakoa) izan zen. Egiaren inprimategian, Adrian Anverskoak jarraitu zuen inprimatze lanetan, 1567 arte. Hauek dira garai hartan Lizarran inprimatutako liburu nagusiak: Manual de confesores y penitentes (1556koa, Martin Azpilikuetak idatzitakoa), Amadís de Gaularen zazpigarren liburua, Cuadernos de Cortes, Recopilaciones de Leyes y Ordenanzas eta Elio Antonio de Nebrijak prestatutako latin-gaztelania hiztegia (Lexicon eta Dictionarium izenez ezagutzen dena).

1568an Iruñera joan zen Adrián de Anvers, eta 1569an, Iruñean, Tomás Porralis Saboiakoak inprimatu zuen De Institutione Gramaticæ (Nebrijak idatzitakoa), eta Porralisek berak liburu batzuk inprimatu zituen Tuteran 1572 eta 1573an, Juan Huarte de San Juanen Examen de ingenios liburuaren bigarren argitalpena, besteak beste.

Porralisek Iruñean jarraitu zuen, inprimatzaile bakarra zela, 1591. urtea arte. Urte horretatik aurrera, Petri bere semeak jarraitu zuen inprimatze lanetan Iruñean bertan. Pedro Porralisen lehenbiziko lana izan zen Crónica del Sereníssimo Rey Don Pedro, hijo del Rey don Alonso de Castilla.

Matías Marések jarri zuen, Bilbon, Bizkaiko lehen inprimeria, 1578an, eta bertan jarraitu zuen Marések inprimatze lanetan 1587a arte, eta 1592tik aurrera Iruñean eta Iratxen lan egin zuen. Pedro Cole de Ibarrak jarraitu zuen, Bilbon, Marésen lana, eta hark inprimatua da, besteak beste, 1596an argitaratutako Doctrina Christiana en Romance y Bascuence eta Betolazak idatzitako Refranes y sentencias. Baionako lehen inprimeria 1642an jarri zen, Gipuzkoakoa 1668an, Donostian, eta, azkenik, Arabakoa 1722an, Gasteizen.

XVIII. mendea ekoizpen handikoa izan zen aurreko mendeen aldean. Gasteiz hiriburu berantiarraren ondoren, Euskal Herriko hiriburu handiek (ez Donibane Garazik eta ez Maulek) bazuten inprimategi finko bat, foru eta udal agintarien babespean. Inprimatzaile leinuak eratu ziren hiriburu bakoitzaren inguruan (Fauvet-Duhart, Ezkerro, Zafra, Eguzkitza, Ugarte, Riesgo, Robles, besteak beste). Matxinada eta gerra fase baten ondoren, 1728tik aurrera, inprimaketak gorantz egin zuen, eta 1766an heldu zen bere gorenera, Jesusen Konpainiaren inprimatze-lan ugarikoa. Alabaina, Konpainia erlijioso hori debekatua izan zen, eta trukean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jarduera bizia agertu zuen inprimaketan, Gasteiz oinarri harturik, baita espainiar errege aginduen berrargitalpen eta zabalkundeak ere, Bilbo erdigune harturik.

XVIII. mendean, gehiena gaztelaniaz inprimatu zen, nabarmen gutxiago frantsesez eta latinez, eta gutxiago euskaraz, batez ere gai katoliko erlijiosoei loturik. 1766an, euskaraz inprimatzea debekatu zen, eta debeku hori 1782tik aurrera hasi zen gainditua izaten. Une horretan, hain zuzen, Francisco Lalamak moldiztegia ezarri zuen Tolosan, eta zenbait euskarazko idazki argitaratu, berrinprimatzeak bereziki. Baionan, errelazioneak berripaperak hasi ziren ateratzen Paul Fauveten inprimategitik, hurrengo mendeko Ipar Euskal Herriko kazetagintzaren aitzindari. Euskaraz inprimatzeko debekua Konbentzioaren Gerraren epelean eta kontrairaultza giroan gainditu ahal izan zen bakarrik, 1801. urtetik aurrera.

Erreferentziak

aldatu
  • Lan honetako edukietako batzuk cc-by-sa-3.0 lizentziapean dagoen Lur Entziklopediatik hartu dira.

Oharrak

aldatu
  1. Frantziarra, alemaniarra edo espainiarra ote zen argi ez dagoen arren, inprimatzeko artea Mainz-en ikasi zuen

Kanpo estekak

aldatu