Ireki menu nagusia
Jakarta indonesiar finantzen zentroa da.

2018an Indonesiako ekonomia munduko 16. handiena izan zen.

Etorkizun handiko herrialdetzat hartzen da Indonesia, eta esan daiteke “dragoi berria” dela Ozeano Bareko eskualdean: hazkundea handia da, kanpoko desorekak gutxiagotu dira, atzerrira zabaldu da. Ez da ahaztu behar, ordea, Indonesia Hirugarren Munduko herrialdea denik. Biztanle/urteko errenta 980 dolar zen 1995. urtean. Nekazaritzak, oraindik, biztanle aktiboen erdia enplegatzen du. Arroza da oinarrizko elikagai eta laborea, eta “iraultza berde” delakoaren abantailak baliatu ditu (bi eta hiru uzta urtean). Javako uharteak, ikaragarri jendeztatua izanik ere, bere beharrak asetzen ditu, eta esportatu ere egiten du, urte oparoetan. Gai asko lantzen da: kafea, tea, azukre kanabera, tabakoa, kopra, kakahueteak, esentziazko olioak, bizigarriak. Basoa lehen mailako baliabide iturria da, eta munduko lehena da gaur Indonesia zur tropikalen esportazioan. Petrolio eta gas naturalaren ekoizpena ere gorantz ari da (Sumatran, Javako itsasoan eta Borneoko hego-ekialdean), eta dibisa asko ekartzen dio herrialdeari; orobat da garrantzitsua meatzaritza: eztainua, kobrea, nikela, bauxita, manganesoa eta zilarra erauzten dira. Industria garapena, estatuaren kontrolaren mende egon ondoren luzaroan, pribatizazioaren bidetik abiatu da 1988tik aurrera, eta atzerritar kapitaletara zabaldu da (japoniar eta amerikar kapitaletara batez ere), langileen kostua apala baita. Industria sektoreak ugaltzen ari dira (nekazaritza-elikagaiena, kimikagintza, aluminiogintza, ehungintza, zur eta papergintza), eta hamar milioi lagun inguru enplegatzen ditu. Merkataritza balantzak aski soberakin uzten du, eta esportazioak ere biderkatzen ari dira; gaur egun, sarreren % 40 baino ez du hartzen petrolioaren esportazioak. Indonesiaren arazo nagusia lurralde oso zabal eta oso zatikatu baten gobernua eta kudeaketa da, trukeen oreka ahula baita oraindik, eta nabarmenak garapenaren desberdintasunak. 1967az gero ASEAN erakundearen kide da Indonesia (Asia hego-ekialdeko nazioen elkartea).

1997. urte amaiera-1998aren hasieran, rupiak berebiziko beheraldia izan zuen, eta 1998an % 13,7 murriztu zen NPG, bankuek finantza arazo handiak izan baitzituzten, eta mailegu asko utzi zuten ordaindu gabe. Indonesiar gobernuak, hasieran, zalantza egin zuen beteko ote zituen Nazioarteko Diru Funtsarekin itundu zituen baldintzak 42 mila milioi dolarreko laguntza sorta bat eskuratzeko; zalantza horiek inbertsoreen konfiantza falta areagotu zuten, eta kapital askok alde egin zuen. Aldi berean, istilu handiak izan ziren, jatorri txinatarreko negozioburuen kontra gehienak, eta horrek areago hondatu zuen egoera. Horren guztiaren ondorioz, Suharto presidenteak dimisioa eman zuen 1998ko maiatzaren 21ean. Haren ondorengoak, B.J. Habibiek, NDFarekiko lankidetza hobetu zuen. Diru hornigaiak hilabete gutxitan segurtatu ziren, eta urrirako, inflazioa –urteko % 70ra iritsia zena–, asko jaitsi zen. Gobernuak orobat iragarri zuen 1998aren bukaeran bankuak berriz kapitalizatzeko programa bat, baina 1999aren hasieran plangintza horrek arazoak izan zituen, funts publikoekiko mendekotasuna zela-eta.

ErreferentziakAldatu