Imanol Oruemazaga Baseta (Berriz, Bizkaia, 1931Ondarroa, Bizkaia, 2017), apaiz, kultur eragile, politikari eta historialaria.

Imanol Oruemazaga
Bizitza
JaiotzaBerriz, 1931
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaOndarroa2017ko apirilaren 28a (85/86 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa, Laneko apaiza eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoa Herri Batasuna

Biografia aldatu

Imanol Oruemazaga Berrizen jaio zen 1931an, familia abertzale batean. Gerra zibilean aita kartzelan egon zen, abertzalea izateagatik.

Gasteizko seminarioan ikasi zuen, eta ondoren Basaurira joan zen apaiz. Berak eskatu zion Casimiro Morcillo Bilboko gotzainari langile herri batera bidaltzeko. 11 hilabete egin zituen Basaurin eta Pablo Gurpide gotzain izendatu zutenean, Ondarroara bidali zuten.

Apaiz Ondarroan aldatu

1956an heldu zen Oruemazaga Ondarroara, elizako organista izateko.

Hasiera-hasieratik izan zituen gatazkak herriko agintariekin. Espainiar ereserkia meza politikoetan bakarrik jotzea erabaki zuen, baina ez bestelako mezetan, herritarren sentimendu politikoak ez mintzeko. Hirugarren mailako hiletak ere kendu zituen (pobreentzako zirenak), eta hauei bigarren mailako elizkizunak ematen hasi zen tipleekin (aberatsei lehen mailakoak ematen zitzaizkien).

Kulturaren bultzatzaile aldatu

Umeei solfeoa erakutsi eta tiple abeslarien eskola martxan ipini zuen, Mari Kruz Lekunberri irakasle zelarik.

1957an Seaska inguruan euskarazko antzezlana prestatu zuen, Agustin Zubikarairekin eta hainbat herritarrekin batera. Euskal Herriko leku askotan antzeztu zuten. Ostean, G.A.O. sortu zuten (Grupos Artísticos de Ondarroa).

Prestatu zuten hurrengo euskarazko antzezlana Jaunaren bideetan izan zen. Eta 1964an Kresaletan, Domingo Agirreren jaiotzaren 100 urteurreneko lore jokoetan taularatzeko.

1964an Kresala elkartea sortu zuten, eta haren bitartez hainbat esparru landu zituzten, euskaraz: musika, antzerkia, hitzaldiak... Ikastola sortzeko lehen batzarrak ere talde horretatik atera ziren, eta Oruemazaga izan zen hasierako bultzatzaile.

Kamiñazpiko apaiz eta portuko langile aldatu

1967an organista postua utzi eta Kamiñazpi auzo berriko elizako arduradun izendatu zuten, bere eskariz, langile auzo hartan lan egin nahi zuelako. Eliza kudeatzeko herritar taldea osatu zuten, eta eliza horretan antolatu zuten ETA inguruko pertsona batzuek eskola soziala, Oruemazagaren eta elizako beste kideen baimenagaz.

Orduan hasi zen Oruemazaga portuan beharrean, tailer batean, eta apaiz gisa irabazten zuen soldata elizaren kudeaketaz arduratzen zen taldeari ematen zion.

Kartzela aldatu

1967ko urriaren 12an bandera espainiarra ipini zuten Ondarroako elizan, guardia zibilen meza ospatzeko. Aurretik beste meza bat zegoela eta, Oruemazagak bandera ezkutatzeko eskatu zuen. Erabaki horregatik, 25.000 pezetako isuna jaso zuen. Sasoi hartan mugimendu antifrankistan irizpide bat zegoen, multak ez ordaintzea, eta horren ondorioz Zamorako kartzelan sartu zuten hilabetez.

1968ko Derioko seminarioko itxialdian parte hartu zuen.

1969ko urtarrilean salbuespen egoera izendatu zuten Bizkaian, eta ondorioz hainbat herritar atxilotu zituzten Ondarroan, tartean Oruemazaga. Etxea miatu eta Kili Kiliak aurkitu zizkioten, eta han Euskal Herriko mapa bat zetorrela eta sartu zuten kartzelara. 6 hilabete egin zituen Zamoran. Epaiketan abokatu lanetan Txomin Saratxaga aritu zitzaion.

Herrian zegoen giro politikoaren ondorioz, herritar batzuen eta eliz hierarkiaren arteko gatazka sortu zen. Ondorioz, herriko apaiz guztiak aldatu zituzten. Oruemazagak Ondarroan geratzea erabaki zuen, eta horregatik apaiz lanak bertan behera utzi zituen. Eta herriko kristau komunitatean parte hartzen hasi zen: etxeetan dotrinak ematen, mendian ezkontzak egiten...

Herriko plazan egiten ziren batzar politikoetan parte hartzen ere hasi zen

Hirugarren atxiloketa aldatu

1973an hainbat herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak, baita Oruemazaga ere. Urte berean Jose Mari Otxoantesana ondarroarra atxilotu eta torturatu zuten, eta testigantza faltsu bat sinatzera behartu zuten, Oruemazagak armak eman zizkiola esanez. Oruemazagaren epaiketa bertan behera geratu zen gotzainak hala eskatu zuelako.

Urte horietan, Kresala elkartean lanean jarraitzen zuen, antzerkiak eta jardunaldiak antolatuz.

1979an Zubi Zahar Ikastolan hasi zen lanean, idazkari lez.

Herri Batasuneko zinegotzi aldatu

Ondarroako Udaleko zinegotzi aukeratu zuten 1979an, Herri Batasuneko zerrendatik[1].

1985ean atxilotu eta torturatu egin zuten Bilboko La Salve komisaldegian.

2000an Ondarroako Historia Zaleak elkartearen sortzailea izan zen.

Maria Goenagarekin ezkondu zen[2].

2017ko apirilaren 28an hil zen[3].

Lanak aldatu

  • Arrantzatik zintzilik (1987, Ondarroako Kultur Etxea)
  • Koldo Arriola, ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona (2010, Ondarroako Historia Zaleak)

Erreferentziak aldatu

  1. EAE - Hauteskundeak - Hautetsiak. (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 5).
  2. Asurmendi, Mikel. (2011ko maiatzaren 22a). «'Ahotsa altxa genuen, herrian eta gotzaindegian'» Argia (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 5).
  3. Ibaibarriaga, Larraitz. (2017ko apirilak 28). «Imanol Oruemazaga Baseta zendu da» Lea-Artibai eta Mutrikuko hitza (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 5).

Bibliografia aldatu

  • ITUARTE, Joseba eta MUÑIZ, Ibai (2017), "Imanol Oruemazaga Baseta", Ondarroa 2017 urtekaria, Ondarroako Udala

Kanpo estekak aldatu