Ikastetxe Alemaniarraren gimnasio eta kindergartena

eraikitako euskal ondare nabaria Bilbon

Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioa eta kindergartena Deustun (Bilbo) dagoen eraikin multzo arrazionalista da, Estanislao Segurola arkitektoak eraikia 1934an. 2016ko azaroaren 21ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, kultura-ondasun sailkatua.

Ikastetxe Alemaniarraren gimnasio eta kindergartena
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°16′15″N 2°56′33″W / 43.27074°N 2.942616°W / 43.27074; -2.942616
Map
Arkitektura
ArkitektoaEstanislao Segurola Solazabal
Ondarea
EJren ondarea1201
Kontaktua
HelbideaAgirre lehendakariaren etorbidea 1

Historia aldatu

 
Deustu, Arangoititik.

Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, Estatuak funtsezko iritzi zion hezkuntzari[1], demokrazia finkatzeko; beraz, irakaskuntza hobetzeko programa bat erabili zuen, eta hobekuntzek eragina izan zuten eskolen arkitektura ulertzeko moduan. Politika horren ondorioz, Bilbon, eskola ulertzeko modua aldatu zuen udal eskoletarako eredu bat ezarri zen, arkitektura modernoagoko bat, eta eredugarria izan zen ondorengo ekimenetarako.

Ondorioz, eskola batzuk birgaitzeko eta birmoldatzeko proiektu asko sortu, zerbitzuak ugaldu, eta eskola asko eraiki ziren, hala nola San Frantzisko eta Luis Briñas kaleetako udal ikastetxeak. Horiek, hain zuzen, 1933an hasi ziren eraikitzen, baina, oso proiektu konplexuak zituztenez, ez zituzten amaitu Gerra Zibila arte, 1940ko hamarkadan. San Frantziskoko eskolaguneak, amaitu ez bazen ere, mugarria ezarri zuen eskolan eta arkitekturan pentsatzeko moduan.

Erakunde pribatuek sustatutako ikastetxeak izan ziren II. Errepublikan zehar amaitu ziren ikastetxe bakarrak. Horren argibide dira: Luis Vallejoren Errotatxuetako eskola (1933)[1] eta Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa (1934); haietarako, San Frantziskoko ereduaren aurretiko esperientzia oinarritzat hartuta, proposamen xumeago batzuk egin ziren, eta amaitu egin ziren. Biak datoz bat arkitektura moderno baten erabileran eta garaiko beharretara egokitutako espazio berrietan.

1934ko Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa Estanislao Segurolaren obra dira, Bilboko Udalaren Hiri Ikasketen Ataleko arkitekto nagusia bera garai hartan.

Estanislao Segurolak parte hartu zuen San Frantziskoko eskola-lehiaketan, eta bazekien zein ziren garaiko hezkuntzako berrikuntzak. Baliteke Thomas Schockenen laguntza ere izatea. Thomas Schocken arkitekto berlindarra garai hartan Berlin-Charlottenburgeko goi-eskola teknikotik atera berria zen, eta Segurolaren estudioan lan egin zuen 1933tik 1936ra. Ikastetxe horretako irakasleetariko bat Heinrich Tessenow arkitekto alemaniarra izan zen, eta baliteke irakasle horren eragina izatea Segurolaren arkitekturan Segurolak eta Schockenek estudioan elkarrekin lan egin zuten[2].

Ezaugarriak aldatu

Agirre Lehendakariaren etorbideko 1ean dago, mehelinen artean dagoen orubearen atze-atzealdean, eta badago etorbidetik zuzenean sartzea.

Eskuairan jarritako bi gorputzeko eraikina da. Haietako lehenak 6 metro garai da, eta haren azalera 24 metro luze eta 10 metro zabal da; barnealdean, beheko solairuan, gimnasioa zegoen, haren erdi-parean galeria bat, eta aldagelak eta komunak.

Argiztapenerako, zortzi leihate handi zeuden fatxadaren goialdean. Espazio hori moldagarria zen, eta ekitaldi-areto gisa erabil zitekeen.

Gimnasioaren perpendikularrean dagoen beste gorputzean, beheko solairuan, atondoa, komunak eta, ikasgela batean, kindergartena. Kindergartena 7 bat metro zabal zen, 8 metro luze, eta 3,50 garai. Ikasgelak terraza estali baterako sarbidea zuen. Terraza estaltzeko, hiru orritan banatutako gillotinako hiru leiho-ate zeuden, eta horiei esker airezta zitekeen egokiro, unean-uneko inguruabarren arabera. Goiko solairuan, tamaina desberdinetako bi ikasgela zeuden. Atzealdean, lehen solairuan bezala, bi gela txiki zeuden, soberako espazio irregularra aprobetxatzeko zirenak.

Ondorioz, batere ohikoa ez zen eraikin bat sortu zen garaiko eremu arkitektonikoan. Errepublika-garaian eraikitako eraikina da, eta bat dator eskola-eredu berriarekin, espazio- eta forma-kontzeptuak garaiko ideien isla baitziren, eta ez zuen zerikusirik ordura arteko proposamenekin.

Gaur egun, eraikinak beste banaketa bat du, aldatzen joan baita unerik unera izan diren espazio-beharrei eta bestelako beharrei erantzuteko. Gimnasioa eraberritu eta bi solairutan banatu da, hainbat ikasgela egin baitira, zein bere leihoekin. Beste gorputza beheko solairuko barneko jolastoki gisa erabili da, eta goiko solairuko aretoak eta beheko solairuko guneak ere aldatu dira apur batean. Portxeko oinaldea ere desagertu da.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu