Ireki menu nagusia

Harry Blackmore Whittington (Birmingham, Ingalaterra, 1916ko martxoaren 24a - Cambridge, Ingalaterra, 2010eko ekainaren 20a)[1], Erresuma Batuko paleontologoa izan zen. "Trilobiteen aita" ezizena eman zioten eta Burgess Shale aztarnategian aurkituriko fosilen ikerketa eta interpretazioagatik erreferentzia bihurtu zen geologiaren esparruan. Kanbriarreko leherketaren kontzeptua sortu zuen eta Charles Walcott-en lana balioetsi zuen.

Harry B. Whittington
Bizitza
Jaiotza Birmingham1916ko martxoaren  24a
Herrialdea  Erresuma Batua
Heriotza Cambridge2010eko ekainaren  20a (94 urte)
Hezkuntza
Heziketa University of Birmingham Itzuli
Tesi zuzendaria Frederick William Shotton Itzuli
Doktorego ikaslea(k) Simon Conway Morris
Derek Briggs Itzuli
Jarduerak
Jarduerak paleontologoa eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k) Harvard Unibertsitatea
Jasotako sariak
Kidetza Royal Society
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Burgess Shale aztarnategian aurkituriko Anomalocaris-aren interpretazio egokia osatu zuen.
Opabinia, "Animalia enigmatikoa".

BiografiaAldatu

HastapenakAldatu

Lehen Mundu Gerra bete betean zegoela Handsworth herrixkan jaio zen Harry B. Whittington, gaur egun Birminghamen auzoa da. Aita armagilea zen baina 1918an gripeak jota hil zen eta Harry bere ama eta arrebarekin amaren aldeko aiton-amonekin bizi izan ziren. Erlijioz metodistak ziren eta elizara joatea oso garrantzitsua zen. Harryk beti mantendu izan zuen bere erlijioso izaera.

Familia metalgintzan espezializaturik bazegoen ere amak gogir egin zuen Harryk ikasketak egin zitzan eta Birminghamgo Unibertsitatean graduatu zen. Geologia irakasle Leonard J. Wills izan zuen eta honek paleontologian zaletu zuen. Gales iparraldeko Berwyn Hills eremua aztertzera bidali zuen Frederick William Shotton irakaslearekin. Trilobiteetan zentratu zituen ikerketak eta hainbat lan aurkeztu zituen espezializaturiko aldizkarietan[2][3].

Ibilbide profesionalaAldatu

1937 urtean doktoradotza eskuratu zuen eta honi esker Commonwealth-etik beka bat eskuratu zuen Yale Unibertsitatean 1938-1940 artean ikerketak egiten jarraitzeko[1]. Bertan G. Arthur Cooper paleontologoa ezagutu zuen, bai eta Dorothy Emma Arnold irakaslea ere, gerora bere emaztea izango zena.

Bigarren Mundu Gerrak ordea Yaleko egonaldia moztu eta Europara itzuli behar izan zuen. Ez zuen ordea gerrara joateko gogorik eta New Yorkeko Elkarte Baptistak Birmaniako Unibertsitatera bidali zuen irakasle gisa. 1941 urteko Pearl Harborreko erasoaren ondorioz eskola itxi egin zen eta Txinako hospitaletan bolondres lanetan aritu ziren Harry B. Whittington eta emaztea. 1942an Emakumezkoen Ginling Eskolan irakasle lana aurkitu zuen, Elkarte Baptistak laguntzen baitzuen. Gerra amaitzean Birminghamgo Unibertsitatera itzuli zen baina berehala Harvard Unibertsitatean lana lortu eta Estatu Batuetara itzuli zen[3]. Bertan Geologia departamentuko irakasle eta Konparaketazko Zoologia Museoko ornogabeen paleontologo eta zaintzailea ere. Garai hartan Harry eta bere lankidea zen Bill Evitt-ek Virginian trilobiteen oskolak silikatu disolbagaitzez ordezkaturiko estratu bat aurkitu zuten. Fosil hauek azidotan sartu eta trilobite perfektuak lortzeko teknika asmatu zuten[2]. Trilobite espezie ugari aurkitu zituen eta era ordenatuan sailkatu zituen[2].

Cambridgeko UnibertsitateanAldatu

17 urtetan Ameriketan egon ondoren 1966 urtean Cambridgeko Unibertsitatean Geologia irakasle Woodwardiarraren postua eskuratu zuen, munduko geologia lanpostu zaharrena hain zuzen ere[3]. 1966 eta 1967 urteetan Burgess Shalera espedizioak egin zituen zientzilari gazteen talde txikiak eramanez, Charles Walcott-en aurkikuntza garrantzitsuenak bertatik bertara ikertzera[1]. Fosil ugari gaizki sailkaturik zeudela ohartu zen eta lan handia egin zuen hauek berrinterpretatzen eta taxonomikoki egoki sailkatzen[2]. Berarekin lan egin zuten zientzilari gazte hauek gaur egun beren alorrean erreferentzia bihurtu dira. Whittington konturatu zen eboluzioa ez zela norabide bakarrean gertatu, aitzitik jarraipenik izan ez zuten animalia genero ugari agertu izan zirela historiako une zehatz batzuetan. Kanbriarreko leherketa izena eman zion duela 542 milioi urte gertatu zen fenomeno honi[1]. Kontzeptua adierazteko Opabiniaren adibidea erabili zuen, bost begi eta proboszide erraldoia zuen Kanbriar garaiko artropodoa. 1975 urtean "The enigmatic animal Opabinia regalis" bezala aurkeztu zuenean zientzilariek barre algaraka hartu zuten[4].

1971 urtean Royal Societyko kide izendatu zuten. 1983an erretiroa hartu zuen 67 urte zituela. Stephen Jay Gouldek hartu zuen haren lekua[1]. Ez zen ordea geldirik egon eta ikerketa lanak egiten jarraitu zuen, bai eta bi liburu argitaratu ere: ''The Burgess Shale'' (1985) eta ''Trilobites'' (1992)[1].

2010 urtean hil zen 94 urte zituela. Trilobiteen inguruko mundu mailako erreferentzia nagusia izaten jarraitzen zuen orduan ere[1].

LorpenakAldatu

Harry B. Whittingtonek honako ekarpen nagusi hauek egin zizkion Geologia munduari[3]:

  • Trilobiteen morfologia, ekologia eta estratigrafiaren ikerketa sakonak egin zituen.
  • Burgess Shaleko faunaren ikerketa. "Kanbriarreko leherketaren" kontzeptua sortu zuen[3].
  • Konservat-Lagerstätten arro sedimentarioetako gorputz biguneko fosilen deskribapenerako eta izendapenerako standardak ezarri zituen.

Argitaraturiko liburuakAldatu

  • Whittington, Harry B. (1985). The Burgess Shale. New Haven: Yale University Press. ISBN 978-0-300033489.
  • Whittington, Harry B. (1992). Trilobites. Woodbridge, Suffolk, UK: Boydell Press. ISBN 978-0-851153117.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g (Ingelesez)«Obituary: Harry Whittington, palaeontologist» www.scotsman.com . Noiz kontsultatua: 2019-03-28.
  2. a b c d (Ingelesez)Fortey, Richard (2010-07-08) «Harry Whittington obituary» The Guardian ISSN 0261-3077 . Noiz kontsultatua: 2019-03-28.
  3. a b c d e Fortey Richard A. (2012-12-31) «Harry Blackmore Whittington. 24 March 1916 — 20 June 2010» Biographical Memoirs of Fellows of the Royal Society (58): 299–325 doi:10.1098/rsbm.2012.0033 . Noiz kontsultatua: 2019-03-28.
  4. Whittington Harry Blackmore (1975-06-26) «The enigmatic animal Opabinia regalis, middle Cambrian, Burgess Shale, British Columbia» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. B, Biological Sciences (910): 1–43 doi:10.1098/rstb.1975.0033 . Noiz kontsultatua: 2019-03-30.

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harry B. Whittington