Harino Panadera Bilbokoko Irala auzoan zegoen fabrika da. 2006ko uztailaren 12ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Harino Panadera
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′N 2°56′W / 43.25°N 2.94°W / 43.25; -2.94
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1933
Arkitektura
Estiloaarrazionalismoa
Ondarea
EJren ondarea508

Deskribapena aldatu

Ukitu espresionistak dituen eraikin arrazionalista da, hormigoi armatuzkoa eta 1933an proiektatua. Oinplano angeluzuzena du eta nabarmen agertzen da Maximo Agirre eta Arellano kaleen arteko gurutzegunean. Eraikinak itxura aldakorra du, han-hemen zati bereiziak dituelarik, eta halako doitze eta zatikatze bolumetriko garbi batez hornituta dago, zeinak jatorriz zuen eginkizunari zor baitio, nahiz eta batasunari eusten dion osaketari eta estetikotasunari dagokionez. Estalki laua du. Zati batean erdisotoa, behe-solairua eta lehen solairua ditu; baina atzealdean erdisotoa eta behe-solairua soilik. Kanpoko akaberako materialak homogeneoak dira, eta bistako adreilu gorria da gehien ikusten dena. Balkoi-kareletan bistako adreiluak daude, hodi metaliko zirkularrez egindako baranda batez bururatuak. Eraikuntza-elementu zehatzak daude, besteak beste, horma-txapel, leiho-isurki eta krema-koloreko bao-marka harrikarak. Jatorrizko higiezinak aldaketa batzuk izan zituen 1986. urtean.

Maximo Agirre kaleko fatxada nabarmen agertzen da ikusmira orokorrean. Adreiluzko horma-atal bat du oinarri-oinarrian, eta Arellano kalerantz isuri agerikoa du bere norabidean. Ezkerretik hasi eta altuera txiki batean ebakidura zuzen zehatzak ikusten dira abiapuntu gisa. Segidan, aurrerago eta garaiago, lehenengo solairuan hainbat neurritako gorputz makotu irtenak agertzen dira, beti ere higiezineko ertzeranzko isuriarekin. Halako batean, horma-atalak bira egiten du lehenengo solairuan eraketa mako batez eta airean estaltzen du beheko solairuan toki horretantxe dagoen kantoi-ebakia. Fatxada honetan bi sarrera nagusi daude, kareharrizko marko edo portada lau batez inguratuta. Sarreretako bat erdialdean dago, eta goiburuan Edificio Santa Ana dio letra handiz; bestea kantoi ebakiaren ertzean dago eta gaur egun ez du inskripziorik. Behe-solairuko ezkerraldean bi leiho horizontal daude, leihoburua eta leiho-isurki bateratua dituztenak. Lehenengo solairuan, ezkerretik hasita, leiho handi batzuk dituen aireko gorputz bat dugu, adreiluzkoa; gero ireki egiten da lerro batean, angeluranzko joera markatzen duen balkoi makotu bat eratuz, eta bao bat duen horma-atal zuzen bat igaro eta gero bao jarrai makotu bat duen aireko zilindroerdi bat ageri da; azkenik, Arellano kalera jotzen duen loturako bihurgunean du amaiera. Azken atal horretan, mainelak dituen leiho jarrai bat dago.

Arellano kalera ematen duen fatxada aurretik deskribatu dugun horren jarraipena da, eta higiezineko ertzaren diseinu bera du. Adreilu gorrizko horma-atalaren kurbatura bukatzen den tokian atal lau bat hasten da, garaiera txikiago batez. Geroago, aireko beste gorputz bat dago, balkoiaren eta fatxadako elementu trinkoaren arteko batasunak sortua, lehenago deskribatutakoaren antzekoa, fatxada biak lotzen dituen gunerantz jotzen duena. Fatxadak aurrera egiten du garaiera txikiago batez, bi solairuei eutsiz, eta aurrerago, luzera osoaren bi herenak baino lehentxeago, altuera bakarreko itxitura laua bihurtzen da. Fatxadako lehenengo zatiko leihoak era batekoak dira; altuera bakarreko zatian, berriz, leiho jarrai horizontaleko lau sail daude.

Ibaibidera jotzen duen fatxada bistako adreiluz egindako horma-atal simetrikoa da, pinoi moduan eratzen dena hiru garaieratako mailakatze batez. Murrua ia itsua da, eta hiru leiho horizontal ditu. Eraikinak, azkenik, inongo kaletara ez baina hiri-bilbearen etxadi hau ixten duen etxebizitza-sailera jotzen duen fatxada bat du, fatxada altuera bakarrekoa, bao horizontalen segida halako bat, eta bertatik sartzen dira ibilgailuak erdisotora arrapala baten bitartez.

Eraberritzea aldatu

2007an, Bilboko udalak, fabrika zaharra eraberritzeko lanak hasi zituen, Ametzola auzoko eraikinean udal bulegoetako batzuk ezartzeko asmoarekin. Eraberritze lanak 2010ean amaitzea espero da, eta fabrika zaharraren ondoan, eraikin berri bat altxatuko da.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa