Gizakien ugal-aparatu

Gizakien ugaltze aparatua gizakien sexu ugalketarako elkarrekin lan egiten duten organoen sistema bat da. Ugaltze funtzio horretaz gainera, gizakiek askotan plazera sortzeko erabiltzen dute.

Gizakien ugal-aparatu
Xehetasunak
Honen parteGiza biologia
KonponenteakEmakumearen ugaltze-aparatua
gizonezkoen ugaltze-aparatua
Identifikadoreak
Latinezsystemata genitalia
TAA09.0.00.000
FMA7160 75572, 7160
Terminologia anatomikoa

Gizakiaren ugalketa

aldatu

Gizakiok sexu bidezko ugalketa dugu; emakumezkoek obuluak deritzen gameto emeak sortzen dituzte, eta gizonezkoek, berriz, espermatozoideak deritzen gameto arrak. Bi ugaltze-zelula horiek elkartzean, zigoto izeneko egitura sortzen da. Ernalketa barnekoa da; hau da, obulua eta espermatozoidea emakumearen ugaltze-aparatuaren barruan elkartzen dira. Izaki berriaren garapena ere emakumearen ugaltze-aparatuaren barruan gertatzen da, eta haurtxoa bizirik eta erabat osatuta jaiotzen da. Hau da, gizakiok izaki bibiparoak gara.

  • Gametoak eratzen dira, ugaltze-aparatuko organo espezializatuetan.
  • Ernalketa gertatzen da; hau da, bi gametoak emakumearen ugaltze-aparatuaren barruan elkartzen dira, zelula bakar bat eratzeko: zigotoa.
  • Zigotoa garatzen da. Emakumearen ugaltze-aparatuaren barruan gertatzen da garapena. Zigotoa enbrioi bihurtzen da, eta hura, berriz, fetu.
  • Emakumea haur batez erditzen da. Hau da, umea erabat osatuta jaiotzen da.
  • Umea garatu egiten da. Sexu-organoak garatzen zaizkio eta pertsona heldu bihurtzen da; beraz, gametoak eratzeko eta ugaltzeko gai da.

Sexu-heldutasuneranzko aldaketak

aldatu

Haurtzaroa. Lehen mailako sexu-karaktereak

aldatu

Jaiotzen denean, haurrak eratuta dauka jada bere ugaltze-aparatua, bai barruko atalak, bai kanpokoak: zakila eta eskrotoa mutilengan, eta bulba neskengan. Ugaltze-organo horiek lehen mailako sexu-karaktereei dagozkie. Haurtzaroak jaiotzatik hamar urte inguru bete arte irauten du.

Pubertaroa. Bigarren mailako sexu-karaktereak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Karaktere sexual sekundario»

Gizakiak hamar eta hamalau urte dituen tarte horretan, sexu-organoak helduz joaten dira. Neskengan lehen hilekoa agertzen da, eta mutilak, berriz, espermatozoideak sortzen hasten dira. Etapa horri pubertaroa deritzo. Heltzean, ugaltze-organoak hormonak sortzen hazten dira, eta hormonek karaktere sexual sekundarioak agertzea eragiten dute. Horrek neska-mutilen arteko desberdintasun fisikoak areagotzen ditu. Neskei bularrak hazten zaizkie, aldakak zabaldu, eta ilea agertzen zaie pubisean eta besapean. Mutilengan hezurren lodiera eta gihar-masa hazi egiten dira, ahotsa baxuago bihurtzen zaie, eta bizarra agertzeaz gain, pubisean eta besapean ere azaltzen zaie ilea.

Nerabezaroa. Sexu-heldutasuna

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Nerabezaro» eta «Sexu heldutasun»

Karaktere sexual sekundarioak garatu bitartean –prozesu horrek bi urtetik bost urtera bitartean irauten du– pertsonok independentzia premia sumatzen dugu, bai eta gure sentimenduak eta gorputza ezagutzekoa ere; sexu-grina agertzeaz zaigu, eta lagun taldean bilatzen dugu sostengu emozionala. Sarri askotan, gatazka-egoerak sortzen dira helduekiko harremanetan; batez ere gurasoekiko eta irakasleekiko harremanetan. Etapa horri nerabezaroa esaten zaio, eta hartara iristean, organismoa prest dago ugalketarako.

Helduaroa. Garapenaren amaiera

aldatu

Nerabezaroa igarotakoan, helduaroa iristen da, hogei edo hogeita bost urte betetzen ditugunean, gutxi gorabehera.

Emakumezkoen ugaltze-aparatua

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Emakumearen ugaltze-aparatu»
  • Obulutegiak. Arbendola baten forma eta tamaina dute. Lotailu baten bidez umetokiari lotuta daude. Haietan obuluak heltzen dira.
  • Falopioren tronpak. Obulutegi bakoitza umetokiarekin lotzen duten hodiak dira.
  • Umetokia. Organo hutsa da, eta barrualdea odol-hodi ugariko epitelio batez, endometrioaz, estalita dago. Epitelio horretan ezartzen da obulu ernaldua. Umetoki-lepoa deritzon estugune bat du, baginarekin lotuta.
  • Bagina. Pareta gihartsuko hodia da, eta umetokia kanpoaldearekin lotzen du. Haren beheko muturra zabaltzen da kanpoaldera.
  • Klitoria. Nerbio-bukaera ugari dituen organoa da; horregatik da hain sentibera. Ezpain txikiek bat egiten duten lekuan dago.
  • Ezpain handiak. Kanpoko sexu-organoak estaltzen dituzten larruazal-tolesak dira, eta bi izterren artean daude.
  • Ezpain txikiak. Larruazal mehe eta sentiberako tolesak dira, ezpain handiek estalita geratzen direnak.

Gameto emeak: obuluak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Obulu»

Jaiotzatik, neskato baten obulutegian 400.000 zelula inguru daude, unea iristean banaka-banaka heldu eta obulu bihurtzen hasteko prest. Haatik, emakumearen aro ugalkor osoan 450 obulu baino ez dira heltzen. Obulua da gameto edo ugaltze-zelula emea. Oso zelula handia da, gutxi gorabehera 1 mm-ko diametrokoa. Obulutegiaren barruan heltze da, Graffen folikulua izeneko kapsula batean. Folikulua zabaldu egiten da eta obulua Falopioren tronpara isurtzen du, zelula txikiagoen multzo batez -hau da, babes-estalkiaz-inguratuta. Kanporatzen duten unetik aurrera, gutxi gorabehera 24 orduz izango da ugalkorra obulua. Tarte horretan ernaldu ezean, hil egiten da.[1]

Gizonezkoen ugaltze-aparatua eta gameto arrak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gizonezkoen ugaltze-aparatu»

Gameto arrak: espermatozoideak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espermatozoide»

Espermatozoideak etengabe sortzen dira hodi seminiferoetan, eta abiada handian igeri egiteko aukera ematen dien flagelo luzea garatzen dute. Espermatozoideak obuluak baino askoz txikiagoak dira, eta askoz ugariagoak. Egunero dozenaka milioi garatzen dira barrabiletan. Hazi-isurketaren bidez irteten dira, une horretan kanporatzen baita semena. Espermatozoideez gain, likido labaingarriz, semen-likidoz eta prostata-likidoz dago osatuta semena. Espermatozoideak, baginaren barruan utzitakoan, hiru egunetik bost egunera bitartean irauten dute bizirik; epe horretan gerta daiteke ernalketa.[2]

Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren zikloak

aldatu

Emakumezkoen sexu-hormonak estrogenoak eta progesterona dira. Estrogenoak 28 egun inguru irauten duen ziklo batean ekoizten dira. Odoleko estrogeno-kontzentrazioa gorena denean, obulazioa gertatzen da: folikulua hautsi eta obulua Falopioren tronpara irteten da. Obulua askatu ostean, progesterona sortzen du, endometrioa haztea eta heltzea eragiten duen hormona. Endometrioa umetokia estaltzen duen ehuna da, eta bertan ezartzen da ernaldutako obulua.

Ernalketa eta haurdunaldiaren hasiera

aldatu

Obulazioa hilekoa etorri baino hamalau egun lehenago izaten da, normalean. Askatutako obuluak Falopioren tronpa zeharkatzen du eta umetokira iristen da. Astebetetik gora ematen du obuluak ibilbide hori egiten. Obulazioaren ondorengo 24 orduetan soilik ernal daiteke obulua, Falopioren tronpan zehar egiten duen bidaian. Koitoa edo sexu-egintza zakila baginan sartzean datza. Hazia isurtzean, espermatozoideak baginaren barruan askatzen dira. Obulua ez bezala, espermatozoideak oso bizkorrak dira. Baginatik igo, umetoki-lepoa zeharkatu eta Falopioren bi tronpetara iristen dira; hori guztia, ordu gutxi batzuetan. Gainera, hiru egunetik bost egunera bitartean iraun dezakete bizirik emakumezkoen ugaltze-aparatuaren barruan. Beraz, sexu-egintza obulazioaren aurreko egunetan izaten bada, haurdun geratzeko aukera asko dago. Obulua eta espermatozoideak elkartzen ez badira, espermatozoideek obulua inguratzen dute, baina batek baino ez du lortzen obuluaren babes-estalkia zeharkatzea eta burua barruan sartzea; ondoren, isatsa askatzen zaio. Espermatozoidearen material genetikoa eta obuluarena bateratu egiten dira, eta horrela osatzen da ernalketaren prozesua. Sortzen den zelulari zigotoa edo obozelula deritzo.

Haurdunaldiaren hasiera

aldatu

Zigotoa sortzean, substantzia bat eratzen da. Beraz, progesterona ekoizten jarraitzen du, eta horrela, endometrioak bizirik eta funtzional irauten du. Endometrioa endekatzen ez denez, ez da hilekorik izaten, eta horixe hartzen da haurdun egotearen lehen sintomatzat. Zigotoa berehala hasten da zatitzen, eta berdin-berdinak diren bi zelula eratzen ditu. Zelula horiek, ordu gutxitik behin, bikoiztu egiten dira. Umetokira heltzeko behar dituzten egunetan, ehunka zelula izatera iristen dira, eta gutxi gorabehera zentimetro-erdiko diametroa duen esfera hutsa eratzen dute. Zelula-esfera hori umetokira heltzean, endometrioari itsasten zaio. Une horretatik aurrera, enbrioia esaten zaio, eta hiru egitura garrantzitsu garatzen dira:

  • Plazenta. Endometrioan plazenta izeneko organo bat garatzen da, amaren eta enbrioiaren arteko lotura egiteko.
  • Zilbor-hestea. Enbrioia eta plazenta lotzen ditu, eta barruan hiru odol-hodi dituen hodi batek osatzen du. Odol-hodi horietako bi arteriak dira eta mantenugaiak garraiatzen dituzte amarengandik enbrioiarengana. Hirugarrena, berriz, zaina da, eta hondakin-substantziak eramaten ditu enbrioiarengandik amarengana.
  • Zaku amniotikoa. Likido amniotikoa deritzonaz betetako zakua da; haren barruan egoten da enbrioia.

Haurdunaldiaren garapena

aldatu

Haurdunaldiaren prozesua ernalketarekin hasi eta erditzearekin amaitzen da. Oso aldaketa handiak izaten dira prozesu horretan. Hasieran zelula bakarra zena, zigotoa, enbrioi (umetokira iristean) bihurtzen da; gero, fetu (hiru hilabetetik aurrera), eta azkenik, erabat osatutako gizaki. Prozesua osatzeko 280 egun inguru behar izaten dira; hau da, 40 aste, hamar ilargi-hilabete edo, gutxi gorabehera, egutegiko bederatzi hilabete. Azken hilekotik hasten da egunak kontatzen.[3]

Erditzea

aldatu

Erditzearekin amaitzen da haurdunaldia; hau da, haurra erabat osatuta baginan zehar irteten denean. Erditzeak hiru fase izaten ditu:

  • Dilatazioa. Umetoki-lepoa dilatatzen hasten da, diametroz handitzen. Baginako giharrak lasaitu eta dilatatu egiten dira. Umetokiko giharrak uzkurtzen hasten dira, erritmikoki. Zaku amniotikoa apurtu eta likido amniotikoa kanpora ateratzen da; horri esaten zaio urak botatzea. Likido gardena da, eta hiru litrotik bost litrora bitartean izaten dira. Fase horrek 8-12 ordu iraun dezake ama lehenerdietan.
  • Kanporatzea. Umetokiaren uzkurduraren ondorioz eta amak diafragmaz bultzaka egiten duen indarraren ondorioz, fetua kanpora ateratzen da. Une horretako, umetoki-lepoa eta bagina erabat dilatatuta daude, eta fetua haiek zeharkatuz irteten da. Fase horrek 15-30 minutu irauten du, normalean. Behin kanpoan, haurrak lehen arnasa hartzen du, eta zilbor-hestea mozten da. Orbainak zilborra eratuko du.
  • Haurrondokoa botatzea. Kanporatu eta 5-15 minutura, plazenta ateratzen da, endometrioaren hondarrekin batera.[4]

Erditzeari lotutako arazoak

aldatu

Oro har, ez da arazorik izaten erditzean, baina zenbaitetan, konplikazioak sor daitezke, eta ezinbestekoa gertatzen da medikuak esku hartzea.

  • Haurraren jarrera okerra. Fetuak burua amaren pelbisean ahokatuta ez badu, litekeena da kanporatze-fasea asko luzatzea. Fortzepsak izeneko matxarda antzeko tresna handi bat erabiltzen da: umetokian sartu, haurrari heldu eta tira egiten zaio, kontu handiz.
  • Umetoki-lepoa eta bagina behar beste ez dilatatzea. Horrelakorik gerta ez dadin, amari oxitozina hormonadun seruma esaten zaio. Hormona horrek dilatazioa eta umetokiko uzkurdurak eragiten ditu.
  • Zilbor-hestea estututa egotea. Zilbor-hestea zapalduta badago, amaren eta fetuaren arteko odol-fluxua eten egiten da, eta litekeena da haurrak oxigenorik ez jasotzea. Egoera horrek bost minututik gora irauten badu, umekiak burmuineko lesioak izan ditzake. Zilbor-hestea fetuaren inguruan lotuta badago, gerta daiteke estutze hori.[5]

Antzutasuna. Lagundutako ugalketa-teknikak

aldatu

Antzutasuna seme-alabak izateko ezintasuna da. Kausa gizonarengan, emakumearengan edo biengan egon daiteke.

  • Gizonarengan, Hauek izan daitezke antzutasunaren kausak:
    • Espermatozoide gutxiegi sortzea.
    • Heldu bihurtzen ez diren espermatozoideak sortzea, edo mugikortasun urria dutenak, edo malformazioak izateagatik obulurik ernaldu ezin dutenak.
    • Espermatozoideak igarotzea galarazten duten asaldurak izatea; adibidez, hodi deferenteen hantura.
  • Emakumearengan, hauek izaten dira antzutasunaren kausa nagusiak:
    • Falopioren tronpak buxatuta izatea.
    • Obulaziorik ez izatea, dela hormona-desorekagatik, dela desnutrizioagatik, dela bestelako osasun-arazo batzuengatik.
    • Zigotoa endometrioari itsasteko zailtasuna izatea. Horrenbestez, ernalketa gertatu arren, enbrioia ez da garatzen.

Lagundutako ugalketa-teknikak

aldatu

Bikote batek antzutasun-arazoak dituenean, lagundutako ugalketa-tekniketara jo dezake. Hauek dira bi erabilenak:

  • In vitro ernalketa (FIV). Emakumeak obulatzeko edo enbrioia endometrioari itsasteko arazoak dituenean erabiltzen da, batik bat. Emakumeak hormonak hartu behar ditu, hainbat obulu sor ditzan. Obulu horiek erauzi eta laborategian ernaltzen dira, gizonezkoaren espermatozoideak erabilita. Zigotoak zatitzen hasten direnean, haietako batzuk amaren umetokian ezartzen dira. Maiz gertatzen da bat baino gehiago itsastea eta, ondorioz, haurdunaldi anizkuna garatzea.

In vitro ernalketak eragindako haurdunaldi anizkun batetik jaiotako haurrak ez dira berdin-berdinak izaten. Aitzitik, zenbait obulutatik datozenez, edozein bi neba-arrebaren artean bezainbesteko antza izaten dute.[6]

Sexualitatea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Sexu»

Sexualitatearekin lotutako ohitura osasungarriak:

  • Maiz garbitzea.
  • Preserbatiboa erabiltzea.
  • Promiskuitaterik ez izatea.
  • Bikotekidearekiko jarrera laidogarririk ez izatea.
  • Helduen artean konfiantzazko solaskide bat bilatzea.
  • Medikuarengana joatea.
  • Informazio gutxi edo okerra duten pertsonen aholkuei jaramon ez egitea.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Aparato reproductor femenino: anatomía y funciones» eSalud (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
  2. (Gaztelaniaz) «Aparato Reproductor Masculino | Anatomía, Partes y Funciones» eSalud (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
  3. (Gaztelaniaz) «¿Cuáles son los ciclos del embarazo?» Mejor con Salud 2018-03-03 (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
  4. (Gaztelaniaz) «El parto» Guiainfantil.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
  5. «Las Diez Complicaciones Más Frecuentes Durante El Parto Nación Farma: Salud y medicina para todos» nacionfarma.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
  6. (Gaztelaniaz) «Inseminación Artificial: Qué es, Procedencia, Tipos e Información» CuidatePlus 2015-04-12 (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu