Giambattista Tiepolo

Giovanni Battista Tiepolo» orritik birbideratua)

Giambattista Tiepolo (Venezia, 1696 - Madril, 1770) italiar margolari barrokoa izan zen. Italiako rokoko estiloko artista nagusietako bat izan zen.

Giambattista Tiepolo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGiovanni Battista Tiepolo
JaiotzaVenezia1696ko martxoaren 5a
Herrialdea Veneziako Errepublika
HeriotzaMadril1770eko martxoaren 27a (74 urte)
Familia
AitaDomenico Tiepolo
AmaOrsetta Tiepolo
Ezkontidea(k)Maria Cecilia Guardi (en) Itzuli  (1719 -
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakfresco painter (en) Itzuli, grabatzailea, arkitektura proiektuen marrazkilaria, margolaria, artista grafikoa, inprimatzailea, akuafortista eta artista bisuala
Lantokia(k)Venezia
Milan
Würzburg
Bergamo
Udine
Verona
Vicenza eta Madril
Lan nabarmenak
InfluentziakGregorio Lazzarini eta Giovanni Battista Piazzetta
MugimenduaRokokoa
Barrokoa
Genero artistikoafreskoa
margolaritza erlijiosoa
allegory (en) Itzuli
animal art (en) Itzuli
genero-artea
paisaia margolaritza
margolaritza mitologikoa
capriccio (en) Itzuli
erretratua
Karikatura

Musicbrainz: 9b07dbcf-5bc5-4ca7-97ef-0f673c8e6d29 Edit the value on Wikidata

XVIII. mendeko artista nagusietakoa izan zen. Fresko egile gisa eta apaintzaile gisa nabarmendu zen, batez ere, baina koadroak, diseinuak eta abar ere egin zituen. Veneziako tradizioari jarraitu zion, kolorearen eta argiaren erabileran bereziki, baina aldi berean oso ezaugarri bereziak ere erakutsi zituen, eta, hortaz, ez zen Errenazimentuko moldeen oso mendeko izan. Venezian egin zituen lan gehienak, baina Italiako hainbat hiritako handikientzako obrak ere osatu zituen.

Biografia

aldatu

Gaztaroa

aldatu

Giambattista Tiepolo Gregorio Lazzariniren lantegian hasi zen margolari gisa, baina berehala hasi zen bere kasa lanean, eta 1717. urterako emana zuen izena veneziar margolarien elkartean.

Hasierako lanetan, Lazzariniren, Giovanni Battista Piazzettaren, Sebastiano Ricciren eta Federico Bencovichen eragina sumatzen da; ezaugarririk aipagarriena argi-itzalen arteko kontrasteak eta kolore biziak dira. Irudiak jarrera behartuetan irudikatzera eraman zuen perspektibaren erabilera bereziak, eta estilo malenkoniatsua, dramatismo handikoa, dute haren obrek. Azpimarratzekoak dira Isaaken sakrifizioa (1716 ; Ospedalettoko eliza, Venezia) eta San Bartolomeren martirioa (1719; San Stae, Venezia).

Lehen koadroek argi-iluneko estilotik rokokorako joera erakusten dute. Lehenengo dekorazio-lan handia 1724-1725 urteetan egin zuen, Veneziako Sandi jauregiko aretoetan hain zuzen ere, eta espazio handien dekorazioan azpimarratzekoak da haren lehen maisulana, Udineko artzapezpikutegiaren dekorazioa (1727-1728). Udinen erakutsi zituen, hain zuzen ere, bere berezitasun nagusiak: konposizio dinamikoak, indar handiko irudiak, argiaren erabilera berezia, eta kolore biziak.

1730eko hamarraldian hainbat lan egin zuen Veneziatik kanpo; buru-belarri aritu zen lanean, eta orduan iritsi zuen bere pinturak heldutasuna. Milango Archinto jauregia dekoratu zuen lehenik, irudi mitikoekin, eta baita Dugnani jauregia ere, kutsu barrokoko irudi historikoekin. Ondoren Bergamon eta Vicenzan aritu zen. Vicenza inguruan, Loschi villan, osatu zuen hain zuzen ere, bere marrazki-sail bikainenetakoa.

Baina, freskoez gainera, koloreen aberastasunagatik eta konposizio bikainagatik, aipagarriak ditu, orobat, garai hartako zenbait koadro mitologiko, aldare eta erretaula: Andre Maria Sortzez Garbia (Vicenzako pinakoteka), Apolo eta Dafne (Louvre, Paris), Danae eta Jupiter (Estokolmoko Unibertsitatea), etab.


Helduaroa

aldatu
 
Antonio eta Kleopatraren elkartzea (1746-47; Labia jauregia, Venezia)
 
Apolo eta kontinenteak (Asiaren alegoria),(1752-53; Würzburgeko Residenz)

Hurrengo hamarraldia ere oso oparoa izan zen Tiepolorentzat. Orduan egin zuen Milango Clerici jauregiko Eguzkiaren orga (1740) fresko mitologiko-sinbolikoa, bere maisulanetako bat, Tiepoloren birtuosismoaren eta fantasiaren erakusgarri nagusietakoa; horrez gainera, azpimarratzekoak dira Veneziako Scalzien elizako Loretoko etxe santuko miraria (1743-1744, 1915ean hondatua), Scuola dei Carmineko sabaiko freskoak, Cordellina villako freskoak 1743-1744 bitartean (Sendotasunaren eta Zabartasunaren Garaipena, etab.) eta Labia jauregiko margolanak (Antonio eta Kleopatraren elkartzea).

Garai honetan formekin esperimentatu zuen eta Paolo Veroneseren obretatik ikasitako konposizio harrigarriko eta argitasun handiko irudiak egin zituen; bestalde, eta oso heziketa jasoa izan ez zuen arren, zenbait obratan kutsu klasikoko ezaugarriak antzematen zaizkio, Francesco Algarotti konde erudito eta arte-bildumagilearekiko harremanaren eraginez.

1750-1753 urteetan, Giandomenico eta Lorenzo semeekin batera, Würzburg-eko (Bavaria) Residenz jauregiko areto nagusia dekoratu zuen Frederiko I.a enperadorearen aginduz. Hiru urte igaro zituen han, bertako printze gotzainaren zerbitzuan. Bere karrerako urterik oparoenetakoak izan ziren: gai historikoak, mitologikoak eta alegorikoak landu zituen Würzburgeko egoitzako aretoetako eta Kaisersaal-eko sabaiko freskoetan, besteak beste. Fresko eta obra ofizial monumentalak egin zituen, bizitasun handikoak eta kromatismo oparokoak, baina, obra ofizialez gainera, koadro bikainak ere margotu zituen, gai erromantikoak eta poetikoak erabiliz.

Würzburgetik Veneziara itzuli zen berriro, eta bertako Akademiako lehen lehendakaria izan zen. Würzburgeko obra-sailaren monumentaltasuna eta arrandia alde batera utzirik, olerki epiko eta zaldun-olerkietatik ateratako egoerak irudikatu zituen; horrela, kutsu barnekoi eta hurbilekoagoa, eta sentiberatasun handia eman zien Veneziako egonaldi hartako bere lanei. Aipagarriak dira, esaterako, Veneziako Pieta elizako sabaia (1754-155) eta Vicenzako Valmarana villako apaindurak (1757). Ondoko urteetan egin zuen bere maisulanetako batzuk : Veneziako Rezzonico jauregiko apaindurak, Udineko oratorio della Puritako freskoak eta Veneziako Stra herriko Villa Pisaniko sabaia.


Zahartzaroa Madrilen

aldatu

1762an Madrila joan zen Espainiako Karlos III.a erregearen gortera, errege-jauregia apaintzeko enkargua jaso baitzuen (1762-1766). Jauregi hartan egindako irudietan azpimarratzekoak dira Espainiako monarkiaren apoteosia eta Eneasen apoteosia fresko arranditsuak, baina ez zuen haietan erakutsi ordu arteko asmamen bikaina. Freskoak dira, ikus daitekeenez, Tiepoloren obra aipagarrienak, baina ezin ahantz daiteke, halaber, hainbat koadro mitologiko eta erlijioso, erretratu bikainak (Antonio Riccobono, Prokuradorea...) eta beste lan batzuk ere egin zituen. Hala ere, garai hartan molde neoklasikoen zale ziren espainiarrak, eta Giambattistak azken urteak Espainian eman zituen arren, tiepolotarrek (Espainiara laguntzaile eraman baitzituen semeak) ez zuten uste izandako arrakastarik lortu bertan. Azken urteetan, Aranjuezko San Ildefonso jauregian lan egin zuen. Madrilen zegoela, bat-batean hil zen 1770eko martxoaren 27an, eta San Martin elizan hilobiratu zuten.

Dena dela, neoklasikoen eta erromantikoen aitzakiak gorabehera, Giambattista Tiepolok ospe handia izan zuen Europa osoan XVIII. mendean zehar, eta Settecentoko kulturako maisu handienetakotzat hartua da gaur egun.

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giambattista Tiepolo