Gabai iluna (Ardenna grisea) Procellariidae familiako itsas-hegaztia da. Atlantiar ozeanoan, Barean eta Indikoan bizi da. Hegalari handia da, egun bakarrean 910 kilometro ere egin ditzake hegan eta urtean 74.000 kilometro ere egin izan ditu[1].

Gabai ilun
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaProcellariiformes
FamiliaProcellariidae
GeneroaArdenna
Espeziea Ardenna grisea
Gmelin, 1789
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera101,5 cm
Kumaldiaren tamaina1
Errute denbora54 egun
Gabai ilunak hegan.

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaineko itsas-hegaztia da, 40-51 cm arteko luzera eta 94-109 cm arteko hego-zabalera dituena. Izenak adierazten duen bezala lumaia iluna du, goialdean eta behekaldean, baina hegoen azpialdean luma zilarkara batzuk agerten ditu. Mokoa eta hankak ere oso ilunak dira. Hegan ari denean hankak buztanetik haratago ateratzen zaizkio. Ez du sexu dimorfismorik ageri eta gazteak eta helduak ere oso antzekoak dira[2].

Hegakera zuzena du baina haizearen alde ari denean sarritan aldatzen du norabidea.

Habitata aldatu

Hegazti hau itsaso zabalean bizi da eta kumatzeko ez bada ez da lehorrera inguratzen[2]. Ozeano handien hegoaldetako uharteetan kumatzen du, Australian, Tasmanian, Zeelanda Berrian, Txilen eta Falkland uharteetan besteak beste. Udan eta udazkenean ikusten dugu gure latitudeetan[3]. Atlantiar Ozeanoan Falklandetatik Norvegiara elikatzera joaten denean 14.000 kilometroko distantzia egiten du eta antzerako distantzia Ozeano Barean ere Zeelanda Berritik Aleutiar uharteetara joaten denean.

Elikadura aldatu

Arrainak eta zefalopodoak harrapatzen ditu batez ere. Airetik harrapakina ikusi eta amildu egiten da. Normalean ur azalean harrapatzen ditu baina 68 metrotako sakonerara ere murgildu daiteke[1], askotan baleei jarraituz, hauek murgiltzen direnean izutzen dituzten arrainen bila.

Ugalketa aldatu

Urria aldera hasten da ugaketa garaia. Kolonia handiak sortzen ditu eta habian arrautza bakarra jartzen du. 53-56 egunetan zehar txitatzen du eta txitak jaio ondoren hiru hilabete behar ditzute hegan hasteko. Bost eta bederatzi urte artean ugaltzeko heldutasuna lortzen dute[2].

Taxonomia aldatu

Johann Friedrich Gmelin naturalista alemaniarrak 1789. urtean deskribatu zuen aurreneko aldiz[4] eta Procellaria grisea izena eman zion[5]. Beranduago Puffinus generora aldatu zuten, gainerako gabaiekin batera taldekatuz. 2014an ADN mitokondrialaren ikerketak egin ondoren Ardenna generoan sartu zituzten gabaien zazpi espezie[6]. Ez zaizkio azpiespezierik ezagutzen[7].

Gizakiarekin harremana aldatu

 
The Birds filmaren kartelean gabai ilunak.

Ehiza aldatu

Zeelanda Berrian 250.000 gabai ilun harrapatzen dira urtero. Maoriek beren haragia eta gantza aprobetxatzen dute[3]. Habian dauden gabai gazteak hartzen dira, lumatzen hastear daudenak. Lumak kendu eta gatzetan kontserbatzen dira.

The Birds filma aldatu

Alfred Hitchcock-ek 1963 urtan zuzenduriko The Birds filmaren oinarrian 1961eko gertakizun bat dago[8]. 1961eko abuztuaren 18an Kaliforniako Montereyko badian gabai ilunek kostaldea inbaditu zuten, sardinak oka eginez, objetu eta etxeen kontra talka eginez eta lurrera hilda eroriz. Egindako ikerketek erakusti zuten gabaiak erotu egin zirela alga toxikoak irenstearen erruz[9].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Shaffer, Scott A.; Tremblay, Yann; Weimerskirch, Henri; Scott, Darren; Thompson, David R.; Sagar, Paul M.; Moller, Henrik; Taylor, Graeme A. et al.. (2006-08-22). «Migratory shearwaters integrate oceanic resources across the Pacific Ocean in an endless summer» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (34): 12799–12802.  doi:10.1073/pnas.0603715103. ISSN 0027-8424. PMID 16908846. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  2. a b c «Pardela sombría» SEO/BirdLife.
  3. a b McGonigal, David. (2008). Antarctica: Secrets of the Southern Continent. Buffalo, NY: Firefly Books, 220 or. ISBN 978-1-55407-398-6..
  4. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  5. Linné, Carl von. (1788-01-01). Systema naturae per regna tria naturae. Humboldt-Universität zu Berlin (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  6. «Spilt Ardenna from Puffinus» www.museum.lsu.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  7. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  8. (Ingelesez) Parry 2012-01-03T21:16:09Z, Wynne. «Blame Hitchcock's Crazed Birds on Toxic Algae» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  9. Kudela, Raphael; Pitcher, Grant; Probyn, Trevor; Figueiras, Francisco; Moita, Teresa; Trainer, Vera. (2005-06-01). «Harmful Algal Blooms in Coastal Upwelling Systems» Oceanography 18 (2): 184–197.  doi:10.5670/oceanog.2005.53. ISSN 1042-8275. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).

Kanpo estekak aldatu