Fiteroko monasterioa
Santa María la Real monasterioa[1] edo, batzuetan, Santa María de Nienzebas[2] Fiteron dagoen zistertar monasterioa da, Alhama ibaiaren ondoan. XII. mendean estilo erromanikoan eraikia, Nafarroan mota horretako eredurik ederrenetarikoa da. Bertatik gertu, ur termalak hartzeko aukera dago.
Fiteroko monasterioa | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Fitero |
Ur-masa | Alhama |
Koordenatuak | 42°03′22″N 1°51′26″W / 42.0561°N 1.8572°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1140 |
Suntsipena | 1835 |
Arkitektura | |
Estiloa | Cistercian architecture (en) |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000757 |
1141an sortu zen, beste kokaleku batean, zistertarren hedakuntza planari jarraiki, eta Fiterora 1152an iritsi ziren. Lehenengo abadea Durando izan zen eta bigarrena San Raimundo Fiterokoa, Calatravako Ordenaren sortzailea[3].
Arkitektura
aldatuMonasterioaren eraikin-multzoa herriaren hiri-bilbean sartuta dago gaur egun, eta Fiteroko eraikin batzuk (etxeak partikularrak, zinema bat) multzoaren barnean aurkitzen dira. Hala ere, elizaren absideen atzealdean bada zabaldi bat, multzoa ikusten ahalbidetzen duena.
XVI. mendetik, eliza Fiteroko parrokia bihurtu zen, herria handituz ahala gurtza lekuaren beharra izan baitzuen. Garai hartan antolatu zen bataiarria kalostraren zati bat hartuz. Garai hartan ere korua eraiki zen, erdiko nabean zegoen antzinakoa ordezteko.
Oraindik ere kalostraren inguruan badira bizitegi batzuk, monasterioaren barnean daudenak. Beste batzuk okupatuak izan ziren, etxebizitzak eta beste erabilera batzuk egiteko.
Eliza
aldatuElizak latindar gurutze itxurako oinplanoa du, Frantziako ama-elizaren ereduari jarraiki: sei tarteko hiru nabe, gurutzadura berezitua, burualdea girolarekin eta bosta abside-kapera. Gurutze-itxurako pilare handiek eusten dute nabe nagusia, erdi-koloma bikoitzez atxikiak. Argi naturala erdi-puntuko arkudun leihoetatik datorkio, nabe nagusiaren luzera osoan irekiak, txikiagoak diren alboko nabeen gainetik.
Nabeak estaltzeko gurutze-gangak erabiltzen dira. Abside-kaperetako gangak esfera laurdenak dira, nerbio gabeak (erdikoa izan ezik). XVI. mende erdialdean, oinaldeko hiru tartetan ganga izardunak eraiki ziren, gotikotik pizkunderako igaroaldia adierazten dutenak.
Kapera nagusia
aldatuKapera nagusiko elementu garrantzitsuena XVI. mendeko erretaula da, zistertarren estiloarekin edo izatearekin zerikusi gutxi duena. Proiektua Diego Sánchezena da, apaindura gabeko egitura bururatu zuena, arkitektura elementuek bakarrik osatua, bi koloma erraldoien artean ordena gainjarriekin. Bertan eskulturak eta margolanak daude. Eskulturak 1583an ezarri ziren, erretaularen gorputzarekin batera. Margolanak frandriar oholak dira, Roland de Mois-ek eginak Felices de Cáceres-en laguntzarekin, eta Olibako monasterioan zegoeneko lan egindakoa. Horien artean finenak dira Epifania, Artzainen adorazioa, San Joan Bataiatzailea eta San Joan Ebanjelaria.
Sakristia
aldatuSakristia, transeptuaren eta girolaren artean kokatua, XVI-XVII. mendeetako lan barrokoa da. Oinplano laukizuzenekoa da, kanoi-gangaz eta lunetoz estalia. Horma hobi itxurako hutsarte batzuetan tiradera-altzariak daude, liturgia janzkiak gordetzeko erabiliak. Garaiko apaindura du, kornukopiekin, loretzar urrekarekin eta mahai rokokoarekin.
Bataio kapera
aldatuXVI. mendeko bataiategia da, eliza Fiteroko parrokia bihurtu eta sakramentuak emateko beharra izan zenean. Oinplano karratukoa, behiala kalostrako zati bat zen.
Bardako Ama Birjinaren kapera
aldatuXVIII. mendekoa, Plácido del Corral abadearen panteoi izateko eraiki zen. Bi tarte ditu eta oinaldekoan kopula bat du lanternarekin. Bertan Bardako Ama Birkina gurtzen da, XIII. mende amaierako tailua, oraindik ere polikromia apur bat gorde duena. Kondairaren arabera, elorri bat (barda) inguruetan hazi eta beiratetik sartu zen, tailuaren oinetara iritsiz eta arantza guztiak galduz.
Kurua
aldatuKoru garaia XVI. mendean eraiki zen, nabe nagusian zegoena ordezkatzeko. Aulkiteria bi ordenatan banatua dago eta ez du apaindurarik, besoetan izan ezik. Egilea Esteban Ramos izan zen, XVII. mendeko artista, prozesio irudi batzuk ere zizelkatu zituena.
Altxorra
aldatuBalio handiko jantzi liturgikoak gordetzen dira elizan, XVI. mendekoak, abadeen opari izandakoak. Aipagarriena, hiru ataleko (kasula, eliz longaina eta dalmatika) janzki pontifikal handia da, XVI. mendekoa, zuria eta brodatu koloredunekin. Graciosa de los Angeles amak josi zuen, Iruñeko karmeldar oinutsak.
Urre eta zilarlan bilduma handia ere bada, horietako batzuk XVI. mendekoak. Erlikia ontziak garrantzitsuak dira, batez ere Erramun abadearenak: San Erramunen beso erlikia, San Andresen ekisaindua (XVIII); XVII. mendeko kalizak; zilarrez eta maskorrez eginiko nabeta bat (XVI); zilarrezko filigranako kopoia (XVII)[4].
Aipagarriak dira halaber kutxatila ugari[5], duten balio artistiko eta historikoagatik:
- Kutxatila kalifala, 966an egindakoa, bolizkoa, landarez apaindua. Honako idazkuna du zizelkatua: Alaren izenean, joritasuna, zoriona, alaitasuna eta xarma Walada maitearentzat. Medina Azaharan egina, hirurehun eta berrogeita hamabostean, Halafen lana.
- Kutxatila almohadea, bolizkoa. Bertan honakoa dago idatzia Zoriona, aintza, harrera ona eta bedeinkapena eten ez dadila...
- Kutxa erromanikoa, XII. mendekoa, zur polikromatua
- Kobre esmaltatuzko kutxatila, XIII. mendekoa, gai figuratiboz apaindua, Silos inguruetako lantegi batek egina.
Kalostra
aldatuKalostra elizaren hego hormari datxekio, transeptuak osatutako angeluan zokoratua. Horrela, kapitulu gelaren sakonera transeptuaren zabalera hartzen du. Elizara daraman ateak krismon bat du zizelkatua. Ateak, leihoak eta gela batzuk XII. mende amairekoak edo XIII. mende hasierakoak dira, baina arkupeak eta kapitelak XVI. mendekoak.
Ekialdeko arkupea
aldatuKapitulu gela, ohikoa denez, kalostrako ekialdeko arkupean dago. Ipar horma gurutzaduraren hegoaldeari datxekio. Ondoen gorde den aretoa da. Oinplano karratukoa, gurutze-gangaz dago estalia, lau koloma bakartutan eta hamabi pilastratan oinarrituak. Kapitelak soilak dira, zistertarren apaindurari dagokionez. Sarrera arkupetik egiten da, hiru arkudun ate erromanikotik. Arku hauek zutabe motzetan oinarritzen dira, eta hauek podium garai batean. Atearen bi albotan leiho bana dago. Ekialdeko horman, hiru leiho zaharren arrastoak daude, fraideen baratzera irekiak eta gela argitzen zutenak. Garai batean itxi egin zituzten, kanpoaldeko itxura aldatu zutenena.
Hegoaldeko arkupea
aldatuBertan dago errefektorio, baina jatorrizko sabaia gabe, XVII. mendean horman altxatu baitzituzten bigarren solairuan liburutegia egiteko. Bi ate ditu, bata arkupera eta bestea sukaldera. Sukaldeak[6] jatorrizko atea eta leihoak gorde ditu.
Hargin markak
aldatuEraikinean 200 hargin markatik gora katalogatuta daude, ohikoenetatik (letrak, gurutzeak) bitxietaraino (jirafa bat). Eraikinaren burualdean, atal antzinakoena, Tuterako katedraleko burualdean ere aurkitzen diren markak daude: zortzi puntako izarra, esbastikak, kiribilak...
-
Jirafa
-
Gezia
-
Zortzi puntako izarra
Erreferentziak
aldatu- ↑ La Real izena du Alfontso VII.a Gaztelako erregearen eskaintza bati esker sortu zelako
- ↑ Diccionario de antigüedades del Reino de Navarra, José María Yanguas Miranda
- ↑ Ordena 1158an sortu zuen San Raimundok (fcpatrimoniodenavarra)
- ↑ http://www.turismo.navarra.es
- ↑ Irudiak
- ↑ Sukaldea orain dela gutxi zaharberritu du Vianako Printzea erakundeak.
Bibliografia
aldatu- LOJENDIO, Luis M. de. OSB. Rutas románicas en Navarra. Encuentro argitaletxea, 1995. ISBN 84-7490-378-5
- MELERO MONEO, Marisa. Claustros románicos hispanos. Edilesa argitaletxea, 2003. ISBN 84-8012-422-9
- CORPAS, Juan Ramón. Curiosidades de Navarra. El País-Aguilar argitaletxea, 1996. ISBN 84-03-59298-1
- Cobreros, Jaime. Guía del Románico en España, de la A a la Z. Anaya argitaletxea. ISBN 84-9776-242-8
- Olcoz Yanguas, Serafín, Fitero Cisterciense, del Monasterio a la Villa (Siglos XII-XV), Tracasa argitaletxea eta Fiteroko Udala, 2008, ISBN 978-84-612-6152-9 ISBN 978-84-606-4665-5
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Monasterioari buruzko informazioa turismo.navarra gunean
- Fitero, el legado de un monasterio
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |