Euskararen liburu zuria

Euskararen liburu zuria (Bilbo, Euskaltzaindia: 1978) euskara bere osoan, soziolinguistikoki eta historikoki, aztertzeko lehen materialak biltzearren egindako argitalpena da, Euskaltzaindiaren eraginez SIADECOk diseinatu eta koordinatua. Lankide Aurrezkiak finantzatu zuen. Dionisio Amundarain arduratu zen euskaratzeaz.

« Dudarik gabe, obra hunen agertzeak eta agertu ondoko eraginak ondorio larriak izango ditu, bai euskal kontzientzia azkartzeko, eta bai euskararen aldeko lanak plangintza orokor baten barnean eramateko ere. »

Luis Villasante Euskararen liburu zuria lehendabiziko atal zuen ikerlanaz, Euskera, 1977


« 1975an Euskaltzaindiari euskararen egoerari buruz azterketa orokor bat egiteko ardura hartzeko eskaera egin genion. Mitxelena eta gaineratikoek ongi ikusi zuten eta Caja Laboralak finantzatzea lortu zuten. Orduan (1976) hartu zen Euskal Herriari buruzko ikerketa bat egiteko erabakia. Gaiari zegokion seriotasunez heldu asmoz, lehenik Euskararen liburu zuria deituko zena egitea erabaki zen. Alegia, euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona (historia, tratamendu juridiko-legala, kontzeptu eta planteamendu teorikoak...) egin beharra zegoela. »

Iñaki Larrañaga, Bat soziolinguistika aldizkaria, 2000


« Ez dago zalantzarik: Euskaltzaindiaren ia mende beteko iraganean Euskararen liburu zuria da euskarak historian izan dituen baldintza etno-kultural, ekonomiko, sozial, legal, politiko, administratibo, literario, erlijioso eta abar argitara ekartzen egindako ahaleginik serio eta aberatsena. Geroztik, Akademiak ez du tamaina bereko beste saiorik egin, edo, behintzat, eten bat egon da hor. »

Joseba Intxausti, Euskera, 2007


IdazlanaAldatu

Euskarak artean ez zeukan historia klinikoa da, profesional ugarik, nork bere espezialitatetik, parte hartzea eskatu zuena. Lehen zatian hizkuntzaren giza ikuspegia, kultural eta politikoa lantzen dira. Bigarrenean, euskara berari heltzen zaio, bere historian barna, euskararen ahozko literaturaren aberastasun zaharra eta gutxi ezaguna, eta beranduago, literatura idatzian ezarria. Hirugarren zatian, euskarari eragiten dioten faktore sozio-ekonomikoak, bereizten duten zeinu etniko eta sozio-kulturalak, derrigorrezko ibilgailu eta galga edo frenu gertatu izan diren elementu politiko-administratiboak, euskararen babesgabetasun ofiziala agertzen duten faktore juridiko-legalak eta Euskadin Estatuto diferenteetan euskarari buruz egin izan den trataeraren azterketa konparatiboa jasotzen da. Laugarren zatian, ez ofizial diren beste hizkuntzek ukan dituzten problemak aztertzen dira. Azkenik bosgarren zatia, elebitasunari buruzko lan bat jasotzen duena

Guztira hamasei laguneko espezialista-talde batek (Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola, Joseba Intxausti Rekondo, Luis Villasante, Juan Mari Lekuona, Koldo Larrañaga, Joxe Migel Barandiaran, Jose Maria Satrustegi, Gregorio Monreal, Margarita Rica, Jose Urrutia, Jose Manuel Castells, Jose Antonio Obieta, Jose Luis Alvarez, Maria Jose Azurmendi) idatzia izan zen bere osotasunean, Koldo Mitxelenaren "Sarrera" garrantzitsua barne zelarik. Lankide Aurrezkiak finantzatu zuen eta libururaren azala nahiz argazkiak Nestor Basterretxeak egin zituen. Jatorrizko argitalpena gazteleraz agertu zen 1977 urtean eta Dionisio Amundarain buru zuen taldeak (Xabier Amuriza, Gotzon Nazabal, Elhuyar Taldea...) euskarara itzulitako liburukia, aldiz, urtebete beranduago argitaratu zen, 1978an.

Jose Angel Irigarai artikulu bat idaztekoa zen liburuarendako, baina, Martin Ugaldek zuzendutako batzordearekin tirabirak medio, gurago izan zuen prestatutako idazlana gorde eta Munibe aldizkarian bere horretan argitaratu, hain zuzen ere, 1977 urteko 3-4. zenbakian (275-302). Maria Jose Azurmendik ere ez zuen Martin Ugalderen edizioa onetsi eta, ondorioz, Azurmendirena da bere horretan, komarik ere kendu gabe, liburuan agertu zen artikulu bakarra.

Martin Ugalde kazetaria zen, hain zuzen ere, argitalpenaren zuzendaria. Laguntzailea, aldiz, Rikardo Badiola hizkuntzalaria. Azkenik, koordinaketa batzordea osatzen zuten Euskaltzaindiko Jose Luis Lizundiak, Lankide Aurrezkiko Xabier Albisturrek eta Mikel Lasak, eta SIADECOko Iñaki Larrañagak.

1978ko martxoan, Bilboko Galeria del Libro liburu-dendak, 1977ko euskal libururik onenari zilarrezko Lauburu saria eman zion SIADECOri, Euskararen Liburu Zuriaren argitalpenean egindako lanarengatik.

AurrekariakAldatu

Euskaltzaindiak 60ko hamarkadan euskarari buruz ikerketa-lan zabal bat egiteko asmoa hartu zuen. Haren egoera eta etorkizuna aztertuko zukeen lan zabal bat, alegia. Baita lehen urratsak 1969an eman ere. Gaur ikerketa-taldea eskaini zuen bere burua, orduan, lan egiteko eta finantzabideak topatzeko. Zoritxarrez, ordea, talde honek lan osoa burutzerik ez zuen izan. Egin zituen bai ikerketa partzial batzuk, hala nola, Elgoibar, Errenteria eta Pasaiako herrietan euskara zertan zegoen aztertu. Liburuska bat ere argitara eman zuen Euskara gaur izenaz. Euskaltzaindiaren asmoa ez zen, ordea, beterik gelditu.

Urte batzuk geroago, 1972an, lehengo asmoari beste bultzada bat eman nahian, Koldo Mitxelena SIADECO taldera agertu zen. Soziologia arloan erabili ohi diren teknikak hizkuntzaren alorrera aplikatzerik ez ote zegoen galdezka. Lan hori egitea posible zela eta finantzabide posible batzuk ere bazirela egiaztatu, eta ekin zitzaion lanari. Berehala, ordea, asmo guztiak lur jota gelditu ziren diru iturriak porrot egin baitzuen.

Ikerketaren asmoak ordea, aurrera jarraitu zuen eta 1975ko ekainaren hasieran Euskaltzaindiak onartu egin zuen SIADECO taldeak proposatutako lan proiektua, Lankide Aurrezkia diru-laguntza emaile zela.

OndorengoakAldatu

Euskararen liburu zuria ikerlan zabalago baten lehendabiziko zatia besterik ez zen. Bigarrenak euskararen orduko egoeraren azterketa zen, eta eginkizun hori bete zuen SIADECO taldeak 12 liburukiz osatutako Estudio socio-lingüístico del euskerarekin (1977), baina tamalez laburpena besterik ezin izan zuten argitaratu azkenean: Hizkuntz borroka Euskal Herrian (1979). Hirugarren liburua, ordea, argitaragabe geratu zen. SIADECOren azken zati horrek Bases para un futuro plan de actuación en favor de la normalización del uso del euskara zuen izena (1978) eta euskara zegoen egoeratik beste hobe batera eramateko plangintza zuen helburu.

Oskillasok, 1984ean, eta Joan Mari Torrealdaik, 1998an, "euskararen liburu beltz" bana argitaratu zuten gaztelaniaz.

ErreferentziakAldatu

  • EGIN (1979): "SIADECO : Euskararen hedapenaren plangintzarako oinarriak: Egin 28-X-78", Euskera, 24 (1979, 1), 391-393.[1]
  • EUSKALTZAINDIA eta SIADECO (1977): El libro blanco del euskara, Bilbo: Euskaltzaindia, 661-673. [2]
  • INTXAUSTI, Joseba (2007): "Joanes Etxeberri egitasmoa (2007-2008)", Euskera, 52 (2007, 1), 250-251.[3]
  • IRIGARAY, José Angel (1977): "Aspectos de antropología socio-cultural en la evolución diacrónica del euskara", Munibe, 3-4 (1977), 275-302.[4]
  • ODRIOZOLA, Joxe Manuel eta ESNAOLA, Imanol (2000): "IÑAKI LARRAÑAGA:«Orain Euskal Herri osoan euskaldun elebidunak %22,5a omen gara, eta orain dela hogei urte ere hala ginen. Non dago, beraz. euskaldungoaren gorakada?»", Bat, 35. [5]
  • TELE/EXPRE (1979): "Pasado, presente y futuro de la lengua: [Presentación del Libro blanco del euskara]", Euskera, 24 (1979, 1), 405-413.[6]
  • UGALDE, Martin (1977): "Euskararen liburu zuria: [liburuaren aurkezpena]", Euskera, 22 (1977, 2), 889-897. [7]
  • VILLASANTE, Luis (1975): "Gure egoera eta lanen kontu errendatzea: datorren urte bikoari begira: Bilbon, 1975-I-31", Euskera, 20, 466-467.[8]
  • VILLASANTE, Luis (1977): "Urtebikoaren plangintza: (egoera-lanak-asmoak-helburuak): 1977-1978", Euskera, 22 (1977, 1), 227. [9]
  • ZALBIDE, Mikel (1998): "Normalización lingüística y escolaridad: un informe desde la sala de máquinas", RIEV, 43, 355-424. [10]
  • ZALBIDE, Mikel (2010): "Hizkuntza-soziologiaren ibilia gurean", Bat, 77 (2010, 4), 37-39. [11]

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu