Esako urtegia
Esako urtegia Nafarroa Garaiko ipar-ekialdean eta Zaragozako (Aragoi) ipar-mendebaldean dagoen urtegia da. Aragoi ibaiaren ura biltzen du, Esa herrian dagoen presa baten bidez.
Esako urtegia | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 488 m |
Mota | urtegi eta aintzira |
Luzera | 10 km |
Zabalera | 2,5 km |
Azalera | 2.089 ha |
Bolumena | 446 hm³ |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°36′55″N 1°10′17″W / 42.61531°N 1.17136°W |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Esa |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Hustubidea | Bardeako ubidea |
Arro hidrografikoa | Ebroren arro hidrografikoa |
Segurtasun arrisku larriak ditu, presaren eskuineko hegala mugitzen ari delako. Hala ere, Espainiako Gobernuak 1983. urtean urtegia handitzeko proiektua onartu zuen, eta 2001ean hasi ziren lanak. 110 milioi euroan esleitu zuen obra hori, baina 400 milioi euro ordaindu dira ordutik. Egun, urtegiak 488 hektometro kuboko edukiera du, eta 1.525 hektometro kubo arte handitu nahi dute lan horiekin.
Ezaugarriak
aldatuUrtegiak 446,86 hektometro kubikoko edukiera du, eta kota hauek: gutxienez, 435,00 m; gehienez, 490,00 m; gainezkabidea, 482,61 m eta gehiena egoera normalean 488,61 m. 10 kilometro luze da, eta 1 eta 2,5 kilometro bitarte zabal. Nafarroako zatia nabigagarria da. Presatik Bardeako ubidea abiatzen da, Nafarroako Bardea eta Zaragozako Cinco Villas eskualdea ureztatzen dituena. Horrez gain, Esako ura elektrizitatea sortzeko ere erabiltzen da.
Historia
aldatuUrtegia 1960. urtean inauguratu zen. Eraikuntzak zenbait herri hustea ekarri zuen, Jazetaniako Arrosta, Tiermas eta Escó, hain zuzen ere, denetara 1.500 biztanle baino gehiago zituztenak. Horrez gain, urtegiak jalkinez bete ez zedin, Estatuak Garcipollera harana desjabetu zuen larizio pinua landatzeko.[1] Horren ondorioz, Larrosa, Villanovilla, Bescos de Garcipollera, Bergosa, Acin de Garcipollera, Cenarbe edo Yosa de Garcipollera herriak hustu ziren. Denetara, 2.400 hektarea laborantza lur urperatu ziren, horietatik 1.000 kalitate onekoak.
Espainiako Gobernuak 1983. urtean urtegia handitzeko proiektua onartu zuen, eta 2001ean hasi ziren lanak. Geroztik, behin eta berriz atzerapenak gertatu dira, lan horiek larritu egin dituztelako presak lehenagotik dituen segurtasun arazoak. Ondorioz, handitze lanak oraindik bukatzetik urrun daude, eta lan horien kostua laukoiztu da: 110 milioi eurokoa zen handitze lanak hastean onartutako aurrekontua, baina 2023 arte 400 milioi euro gastatu dituzte lan horietan.[2]
Segurtasun arriskuak
aldatuPresaren eskuineko hegala mugitzen ari denez (horren ondorioz, Esako bi urbanizazio hustu behar izan zituzten) eta ezkerreko hegala ere egonkorra ez denez, segurtasun kezka handiak daude uretan behera dagoen Zangozan (Nafarroa Garaia) gerta litekeen hondamendiari buruz, ez baitago larrialdian herri hori husteko plan eraginkorrik. Gainera, presari altuera handiagoa ematearren egiten ari diren lanek are arrisku larriagoa dakarte.[3][4][5] Presa goratzearekin lortuko litzatekeen uraren hartzaileetako bat Zaragoza hiria litzateke, baina hango udala presa goratzearen aurka agertu da, obra horrek alferrikako arriskuak dakartzalako eta presa goratzeko arrazoitzat erabili ziren ur kontsumoko aurreikuspenak puztuegiak daudelako.[6]
Arrisku horien berri plazaratu dute adituek: 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten Esako urtegiaren presa arriskutsua zela. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlan bat aurkeztu zion Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuari; txosten horrek azaltzen duenez, eskuin hegala «oreka hertsian» dago, jausteko arrisku handiarekin. 2020an, Euskal Herriko Unibertsitateak txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, eta aurreko ikerketa horietan esandakoak berretsi zituen.
Urtegiko uraren erabilerak
aldatuEsako urtegia eta Bardeako ubideak, Bardea eta Cinco Villas eskualdeetako 70.000 hektarea sail ureztatu bihurtzea ekarri zuten[7] (bigarren fasea amaitzen denean 88.000 ha izatea espero da[8]). Lur horiek, batez beste, urteko 467 hektometro kubikoko emaria eskatzen dute. Ureztatutako sail horiei esker, kolonizazio 15 herri sortu ziren (bost Nafarroan: Gabarderal, El Boyeral, Figarol, Errada eta San Isidro del Pinar[9]), eta horietan kokatu ziren urtegia egin zenean beren etxea galdu zuten familia asko, hala nola, Tiermasko familia batzuk El Bayon.
Iruditegia
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Ministerio de Agricultura (1955). «DECRETO de 13 de mayo de 1955 por el que se declara de utilidad pública y necesidad y urgencia de la ocupación, a efectos de su repoblación forestal, de diferentes montes situados en los términos municipales de Bescós de Garcipollera, Acín y Castiello de Jaca». Yesano.com
- ↑ Arin, Nagore; Berasategi, Gorka; Petxarroman, Iñaki. «Esako urtegiko lanak eten egin dituzte» Kinka 22 2023-11-01.
- ↑ Edurne ELIZONDO: «Esa ezin dela handitu berretsi, eta bertzelako aukerak aurkeztu dituzte», Berria, 2015-06-13.
- ↑ (Gaztelaniaz) Garikoitz MONTAÑÉS: «Pedro Arrojo, doctor en Ciencias Físicas: “Yesa parece algo intocable por orgullo y por no querer echarse atrás”», El Diario, 2015-06-11.
- ↑ (Gaztelaniaz) Pablo ÁLVAREZ eta Virginia ALONSO: «Sangüesa y los 20 minutos para su evacuación»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Navarra, 2015-06-05.
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Gobierno de Zaragoza expresa en Yesa su oposición al recrecimiento del embalse», Zaragozako Udalaren webgunea, 2015-11-17.
- ↑ Guia de la comarca de Cinco Villas Redaragon.com
- ↑ Canal de Bardenas Chebro.es
- ↑ Canal de Bardenas Enciclopedia-aragonesa.com