Enrico Fermi
Enrico Fermi, (Erroma, 1901eko irailaren 29a - Chicago, Illinois, 1954ko azaroaren 28a), italiar fisikari. Ezaguna da lehen erreaktore nuklearraren garapenagatik eta teoria kuantikoari egindako ekarpenagatik. Erreaktore nuklearra asmatu zuen. 1938an, Fisikako Nobel Saria jaso zuen, induzitutako erradioaktibitateari buruz egindako lanengatik eta XX. mendeko jakintzari nagusietakotzat hartzen da. Plano teorikoan eta esperimentalean, gaitasun handiko fisikari gisa ezaguna da.
1952an, fermio elementua era sintetikoan ekoitzi zuen: haren ohoretan, izen hori jarri zitzaion.
Biografia aldatu
Fisika Erroman aldatu
Hamalau urterekin, fisikari buruzko jakin-mina erakutsi zuen. Oroimen eta laburbiltzeko gaitasun handikoa zenez, fisika teorikoari buruzko ariketak egiteko erraztasuna zuen, eta ikasketak bikain egin zituen. Fisika eta matematikak ikasten gozatzen zuen, eta interesak anaia Giuliorekin partekatzen zituen. 1915ean, anaia hil zen eta Fermi denbora gehiago ikasten hasi zen, haren galeraz ez pentsatzeko. Ondoren, Enrico Persico ezagutu eta biek batera hainbat egitasmo egin zituzten: besteak beste, giroskopio bat eraiki eta Lurraren eremu magnetikoaren neurtzea, esaterako. Fisikari buruzko jakin-egarria areagotu zitzaion, aitaren lagun batek liburu batzuk opari eman zizkionean.
1922an, doktoretza lortu zuen. 1927an, Erromako Unibertsitateko irakasle izendatu zuten eta, horrela, Erroma munduko ikerketa-gunerik garrantzitsuenetakoa izan zen. 1938an, Fisikako Nobel Saria jaso zuen.
Bere laguntzaileekin, 60 elementu neutroiekin bonbardatu, eta 40 isotopo lortu zituen; baita 92. elementuaren (uranioa) atomoen transmutazioa, 93. elementuaren (neptunioa, naturan agertzen ez dena) atomo batean.
Manhattan proiektua aldatu
Erroman geratu zen, 1938 arte. Nobel Saria jaso ondoren, New Yorka emigratu zuen, emazteak arazoak izan baitzitzakeen, judua izateagatik, Mussoliniren jaurbidea zela eta. New Yorka heldu bezain laster, Columbia Unibertsitatean lan egiten hasi zen.
Fermik lehenengo pila nuklearra sortzen lagundu zuen. Bigarren Mundu Gerran, bonba atomikoaren garapenean esku hartu zuen Manhattan Proiektuaren barruan. Urte batzuk geroago, bonba termonuklearraren aurkako iritzia azaldu zuen. 1946an, Chicagoko Ikasketa Nuklearren Unibertsitatean zuzendari eta fisika-irakasle izendatu zuten. Egun, unibertsitate hark haren izena darama.