Fermiren paradoxa
Fermiren paradoxak agerian jartzen du kontraesan nabari bat: alde batetik, Unibertsoan oso aurreratuak diren zibilizazioen ustezko kopuru handia, hainbat hipotesiren arabera, eta bestetik zibilizazio horien seinaleen eza, orain arte Unibertsoan ezagutzen den zibilizazio bakarra Lurrekoa baita.
Unibertsoaren adinak eta gure galaxian dagoen izar kopuru handiak, Drakeren ekuazioaren arabera, Lurretik kanpoko balizko biziak ez lukeela oso bitxia izan beharko adierazten du. Zergatik ez dugu jaso inongo ebidentziarik (espazio-zundak edo espazio-ontziak, irrati-seinaleak, etab.) ustezko zibilizazio horiengandik? Hori izan zen Enrico Fermi fisikariak bere buruari egin zion galdera.
Fermiren paradoxak honako hau dio:
"Unibertsoan teknikoki oso aurreratuak diren zibilizazioen ustezko ugaritasuna eta uste horrek duen ebidentzien eza ez datoz bat. Hiruretako bat: edo hasierako premisa ez da zuzena (eta bizi adimentsua uste baino urriagoa da), edo gure gaurko behaketak osatugabeak dira (eta oraindik ez ditugu antzeman), edo gure ikerketa metodoak okerrak dira (ez baikara adierazle egokiak bilatzen ari)"
Fermik berak erantzun bat bilatu zuen bere paradoxa argitzeko. Bere ustez, gure galaxian egon zitezkeen balizko zibilizazio aurreratuek haien auto-suntsiketa burutzeko teknologia garatu zezaketen, gure zibilizazioak egin duen moduan. Lurretik kanpoko zibilizazioen ebidentzien ezak, hain zuzen ere, Fermiren hipotesi ezkor horrek azalduko luke.