Eloísa Díaz
Eloísa Díaz Insunza (Santiago, Txile, 1866ko ekainaren 25a - ib., 1950eko azaroaren 1a) Txileko unibertsitatean medikuntza ikasi zuen lehen emakumea izan zen eta bera izan zen Txileko zein Hego Amerikako lehen emakume medikua.
Eloísa Díaz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Santiago, 1866ko ekainaren 25a |
Herrialdea | Txile |
Heriotza | Osorno, 1950eko azaroaren 1a (84 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Txileko Unibertsitatea Isabel Le Brun de Pinochet |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua eta zirujaua |
Bizitza
aldatuLehen urteak
aldatuSantiagon jaio zen eta bere gurasoak Eulogio Díaz Vargas eta Carmela Insunza ziren. Bere lehenengo ikasketak Dolores Cabrera Martinezek zuzendutako eskola batean izan ziren, humanitateak ikasi zituen. Beranduago Isabel Le Brun Pinochetek sortu eta zuzendutako institutuan jarraitu zituen ikasketak.
1881ean, 15 urte besterik ez zituela, Eloísa Díazek aurreiritziei aurre egin eta batxilergoko azterketan harri eta zur utzi zituen guztiak; ausardia ugari behar baitzen batxilergoko azterketara 15 urterekin aurkezteko, publiko zabalaren eta aztertzaile garrantzitsuen aurrean azaldu behar baitzen. Hala ere, guztien adostasunaz gainditu zuen, tartean Diego Barros Arana pedagogoaren adostasuna zelarik.
Unibertsitate ikasketak
aldatu1880an Txileko unibertsitatearen mediku eskolan sartu zen, Miguel Luis Amunategui Hezkuntza Ministroak aldarrikaturiko lege prekursoreari esker, zeinetan emakumeek goi mailako ikasketetan izen ematea onartzen baitzen. Giroa nahasia zen emakumeen eskubideei zegokienez: urte batzuk lehenago Domitila Silva izeneko emakume batek bozka zerrendetan izena eman zuen, legeak espreski debekatzen ez zuela argudiatuz. Txiletarra eta idazten eta irakurtzen zekiena izaki, ezin izan zioten debekatu, baina beranduago legez debekatu zen emakumeek bozkatzea. Giro horretan, garaiko aurreiritziak zirela eta, Eloísak amarekin batera joan behar izaten zuen klaseetara.
Medikuntza kirurgikoan graduatu zen 1886ko abenduaren 27an. Haren tesiaren izenburua "Txileko emakumearengan nerabezaroaren agerpenari eta sexu horri loturiko patologien joerak" izan zen. 1887ko urtarrilaren 3an jaso zuen titulua, Txilen emakume batek lortu zuen lehena. Ernestina Perezek, Eloísarekin batera ikasketak hasi zituenak, aste bete beranduago eskuratu zuen titulu bera.
Bizitza profesionala
aldatuDiaz San Borja Ospitalean aritu zen 1891ko urtarriletik aurrera, eta Irakasleen Eskola Normal delakoan irakasle eta mediku gisa lanean ere aritu zen 1889 eta 1897 artean. 1898an Santiago eskoletako mediku-inspektore kargua hartu zuen, geroago estatu mailako postua lortu zuelarik, 30 urtez atxiki zuena.
1911ean Txileko Eskola Mediku Zerbitzua sortu zen, eta Eloísa izan zen bertako lehen zuzendaria. Eskoletako gosaria derrigorrezko bihurtzen saiatu zen, haurren txertaketa bultzatu zuen eta tuberkulosia eta errakitismoaren kontra borrokatu zen.
Arlo profesionaletik kanpo ere hainbat ekimenetan parte hartu zuen, Tuberkulosiaren kontrako Emakumeen Elkartearen buru izan zen, baita Higiene Sozialaren Aldeko Txileko Elkartearena eta Alkoholismoaren Kontrako Elkartearena ere. Lehen Hezkuntzako Kontseiluan, Txileko Zientzia Elkartean eta Emakumeen Nazio Kontseiluan parte hartu zuen. Horrez gain, hainbat haurtzaindegi, klinika eta eskola udaleku sortu zituen.
1888an Txileko lehen Mediku Kongresua egin zen, 246 profesional bildu ziren (Santiagoko 128). Bilera horretan Eloisa Díaz medikua izan zen bertaratu zen emakume bakarra. 1910ean Buenos Airesen egin zen Nazioarteko Medikuntza eta Higiene Kongresu Zientifikoan parte hartu zuen, eta "Ameriketako emakume agurgarri" izendatu zuten.
1922an erretiratu zen. 1950ean hil zen, 84 urterekin, gaixotasun luze baten ondoren.