Eguzki-lore luze
Eguzki-lore luzea (Carlina acaulis) landare loredunen espezie botaniko bat da, Asteraceae familiako Carlina generoko belarkara. Europa iparraldean eta erdialdean aurkitzen da, Iberiar penintsulari dagokionez Kantauri itsasertzeko probintzietan eta Piriniotan soilik.
Eguzki-lore luze | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Asterales |
Familia | Asteraceae |
Leinua | Cynareae |
Generoa | Carlina (en) ![]() |
Espeziea | Carlina acaulis Linnaeus, 1753 |
Euskal Herriko mitologian sinbolo garrantzitsu eta ezaguna da, eta etxeak babesteko atarietan jartzeko ohitura dago. Astalarra, basalarra edo kardalora izenak ere baditu[1]. Eguzki-lore laburrari (Carlina acanthifolia) ere eguzki-lore esaten zaio.[1]
Taxonomia
aldatuLineok deskribatu zuen Zientziarako 1753. urtean Species Plantarum liburuan.[2]
Etimologia
aldatuGeneroaren Carlina izenak "Karlosena" esan nahi du. Kondairak diro aingeruek Karlomagnori erakutsi ziotela landare honen erabilera izurrien aurka egiteko eta erregeak haren soldaduak izurritetik libratu zituela. Dirudienez kondaira bera erabili zen mende batzuek beranduago Karlos V.a Germaniakoa eta I.a Espainiakoarekin eta bigarren kondaira horretan oinarritu zen Lineo landarea izendatzeko[3]. Espeziearen acaulis izena latinetik dator eta "zurtoin gabekoa" esan nahi du.[4]
Azpiespezieak
aldatuDeskribapena
aldatuErrizoma zurkara du. Ez du zurtoinik edo oso txikia du, gehienez ere 20 cm-ko altuera hartuko duena.[7]
Hostoak txandakatuak dira eta erroseta itxuran ateratzen dira. Erroseta nahiko laua izaten da. Hostoek 30x6 cm dute, eliptikoak dira, pinnatuak edo pinnatisektatuak, txorten laburrekoak eta ile gabeak.[8]
Zurtoinen muturretan lore hermafroditak kapitulu handi batean biltzen dira, 25-50 mm-ko diametroa duena, brakteazko inbolukru batez inguratuak. Brakteak luzeak eta estuak dira, arantzatsuak. Petaloak zuriak, zilarkarak edo arroxa argiak dira eta azpialdean tono moreak dituzte.[8] Kapitulu barnean 100 loretik gora txertatzen dira eta lore horiek hodi itxurakoak dira, moreak, eta puntan bost hotz txiki txiki dituzte.[7]
Fruitua akenio bat da, 4-5 mm neurtzen dutenak eta luma itxurako ileak dituztenak.[8]
Habitata
aldatuMendiko goiko larreetan aurkitzen da, baso mugatik gora edo basoetako argiunetan eta dolinatan. Toki freskoetan ikusten da. Landare hemikriptofito eta kamefitoak (Festuco - Brometea komunitateak) ugari dauden larreetan ikusten da, 1.000 metrotako altueratik gora.[8]
Luzoru karetsua, aldapatsua eta ongi drainatua atsegin du.[1]
Euskal Herrian isurialdeen banalerroan aurkitzen dira, Gorobel, Zaraia, Altzania eta Aralar mendilerroetan. Arabako Iturrieta mendietan ere badira populazio bakan batzuk.[7]
Ugalketa eta bizi-zikloa
aldatuLandare bizikorra da eta bigarren urtean ateratzen du lorea[9]. Uztaila eta urria artean loratzen da eta udazken hasieran heltzen dira fruituak. Fruitua haizearen bidez barreiatzen da.[8]
Erabilera
aldatuSendabelarra
aldatuOhar medikoa
Errizomak inulina (%20a), taninoak esentzia olio ugari ditu; kalina oxido (furil-benzilazetileno) antibakteriala[10] batez ere.
Sustraiaren ura izan da Euskal Herrian erabiliena, tripetako zizareak botatzeko, hidropesiadunak argaltzeko, txiza eginarazteko (diuretikoa) eta ardoarekin batera sugearen pozoiari aurre egiteko.[1] Sustraia bera jatea hilgarria izan daiteke eta animaliak hil nahi izanez gero erabili izan da. Pio Font i Quer botanikariak Dioskorides medikuarengandik honako esaera hau jaso zuen: “Nahasi sustraia, irina, ura eta olioa txakurra, txerria edo arratoia hiltzeko”.[1]
Eguzki-lorearen ur distilatua afrodisiako gisa ere erabili izan zen.
Barometro natural
aldatuAireko hezetasunaren arabera mugitzen dira brakteak. Hezetasun handia badago bildu egiten dira lorea babesteko, aldiz lehorra bada erabat irekitzen dira. Horregatik eguraldiaren iragarle gisa erabili izan da[1][9]. Frantsesez “chardon baromètre” (barometro kardua) eta alemanez “wetterrosen” (eguraldiaren arrosa) esaten diote.[1]
Sukaldaritza
aldatuErrosetako hostoak oraindik xamur daudenean orburuaren gisa sukaldatu izan dira.[9]
Euskal Herriko Mitologia
aldatuEuskal Herriko mitologian eguzki-loreak ikur gisa garrantzi handia du. Bere itxurak eguzkia irudikatzen zuen, horregatik antzinako sineskeren arabera etxeak, baserriak eta bordak sorgin eta izpiritu edo izaki gaiztoez babesteko asmoz ateetan jartzeko ohitura zegoen, bestalde sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babeslea ere ba omen zen[1]. Gaur egun oraindik baserri giroko leku askotan jarri ohi da. Sineskera horien arabera, eguzki-lorearen babes ahalmena San Joan eguneko goizaldean urte osoan baino indartsuagoa izan ohi zen.[11]
Sineskera hau orokorrean Mendebaldeko Europako herrialde askotan jasotzen da: adibidez, Pirinio mendietako bi alboetan, Aragoin bai eta Alpeetako eskualdean ere, betiere sorgin eta izaki gaiztoen inguruko babesle gisa. Aragoin Cardo de bruixas edo Cardo machico deitu ohi zaio[12], Alpeetako zenbait lekutan Alpeetako eguzkia ere deitzen zaio.
Mehatxua
aldatuEspezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan agertzen da landare espezie bakana delako.[13] Horregatik debekaturik dago eguzki-lorea hartzea.[14]
Iruditegia
aldatu-
Eguzki-loreen multzoa.
-
Lorea.
-
Fruituak.
-
Hostoen erroseta.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h «Bizi-baratzea - Eguzki-lore meteorologoa» Bizi-baratzea (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ «Tropicos» www.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ Font Quer, Pío. (1980). Plantas medicinales-El Dioscórides renovado. Ediciones Labor, Barcelona, 834-838 or..
- ↑ «Dictionary of Botanical Epithets» botanicalepithets.net (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Ingelesez) «Carlina acaulis var. alpina» Observation.org (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Carlina acaulis subsp. caulescens (Lam.) Schübl. & G. Martens» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ a b c «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Carlina acaulis subsp. caulescens (Lam.) Schübl. & G. Martens» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) azucenasanpedro. (2023-07-25). «Carlina acaulis, la flor protectora» Azu Factoría Natural (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ Florkin, Marcel. Comprehensive Biochemistry. Elsevier, 216 or..
- ↑ (Ingelesez) «Eguzkilorea» Ikasbide Aldizkaria 2015-04-15 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Katalanez) «Manifiesto d´a Cardincha» Manifiesto d´a Cardincha 2013-12-25 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ «Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoa» euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ «Al monte para qué» www.almonteparaque.com (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).