Brusela-Halle-Vilvoorde

Brusela-Halle-Vilvoorde (nederlanderaz Brussel-Halle-Vilvoorde, akronimoz BHV) belgikar estatuko barruti judizial eta hautesbarruti bat da. Bere osaera konplexu eta bakarra da: dena Flandriako lurralde historikoan[1], mota hauetako barrutien artean bakarra da bi eskualde administratibo desberdinetako eta hizkuntza-ofizialtasun desberdinak dituzten udalerriak biltzen dituena. Horregatik estatu honetako politikan flandriarren eta valoniarren arteko krisialdi larrien iturburua da.

BHVko mapa; Brusela-Hiriburua eskualdea Brussel izenpean ageri da.
BHV Flandriako Brabanten kokatuta; azalpenak alemanez.

Geografia aldatu

Barrutiaren osaera maila desberdinetan azter daiteke:

Nazio aldetik barrutiko lur guztiak Flandria historikoan daude.

Aldiz, Belgikak dituen hiru eskualdeetatik, biren barruan dauden udalerriak biltzen ditu: Brusela-Hiriburua eskualdea eta Flandria. Bigarren maila administratiboan, probintzia mailan alegia, Flandriako Brabanteko (Vlaams-Brabant) probintziako bi barruti administratiboetatik (arrondissement) Halle-Vilvoorde izenekoa, 35 udalerri dituena hartzen du bere baitan[2]. Halle (Bruselatik hego-mendebaldera) eta Vilvoorde (hiriburu horretatik ipar-ekialdera) barrutiko udalerri nagusiak dira.

Korapilotsuena estatus linguistikoa da; hiru estatus ageri dira, belgikar estatuan izan daitezkeen guztiak:

Zazpigarren udalerri gatazkatsua Bever da.
 
Frantses hiztunen ehunekoa udalerrika; datu ez ofizialak.

Barrutiaren funtzioak aldatu

Barruti hau azaldutako osaerarekin zenbait arlotarako baliatzen da; guztietan bakarra da belgikar estatuan hizkuntza estatus desberdinak dituzten udalerriak biltzen, arlo bakoitzean sortzen diren barrutien tamaina desberdintasunak oso handiak diren arren. Hauexek dira arloak:

  • Barruti judiziala. Belgika osoan 27 dira[4].
  • Hautesbarrutiak:
    • 2003tik Belgikako Kongresurako barrutia probintzia da; salbuespenak BHV eta ondorioz Leuvenekoak osatzen duena dira. Beraz, 11 dira[5].
    • Belgikako Parlamentu Federaleko beste osagarrirako, Senaturako zuzen aukeratzen diren 40 kideak hautatzeko abiapuntua bi komunitate linguistiko nagusiak dira baina hautaketa hiru barrutitan burutzen da: flandriarra, frantses hiztuna (aleman hiztunak barne[6]) eta beste behin BHV salbuespen; azken honetako hautesleek aukeratu ahal dute flandriarrekin edo frantses hiztunekin bat egitea. Egoera horrek Flandriako Brabanteko frantses hiztunei bestela izango ez luketen eskubidea ematen die[7].
    • Europar Legebiltzarrerako aurreko egoera errepikatzen da. Kasu honetan aleman hiztunek diputatu bat aukeratzen dute[8].

Gatazkaren aurreko ikuspegiak aldatu

Barruti honetako egoera bitxiak desadostasun handia sortu du flandriarren artean, direla Belgikaren batasunaren zale direla independentziaren aldeko. Aipatu hauteskundeetan BHVko hautesleek bi komunitateetako hautagaien alde eman dezakete botoa, nahiz eta Halle-Vilvoorde Flandriar komunitatearen zatia izan; horrek eremu honetako frantses hiztunei Valoniako Brabanten bizi diren nederlandera hiztunek ez duten eskubidea ematen die: beraiek bizi ez diren komunitate eta eskualde bateko (Valoniakoa edota frantses hiztunena) hautagaiei boto eman ahal diete. Flandriarren artean kezka handia pizten du frantses hiztunek Flandriako lurretan gero eta zabalduago egotea, batez ere Bruselako aldirietara bizi izatera doazelako; Brusela-Hiriburua eskualdean dagoeneko oso gutxiengo txikian daudelarik, "hizkuntza erraztasunak dituzten udalerriez" duten ardura ere handia da eta 1963an adostu ziren erraztasun horiek beraien irakurketan behin-behineko babes-neurriak ziren eta orain ezabatu beharrekoak dira. Ondorioz, BHV barrutiaren banaketa eskatzen dute: Brusela-Hiriburua elebiduna litzateke eta Halle-Vilvoorde hizkuntza aldetik eta maila guztietan Flandriako zatia eta beraz elebakarra ofizialki. Flandrian bizi diren frantses hiztunek lurralde honetako instituzio eta arauekiko errespetua erakutsi behar dutela argudiatzen dute.

Frantses hiztunen ordezkariak diren alderdiek, oro har gehiengo handiagoaz Belgikaren batasunaren aldeko direnek sutsuki eusten diote barrutiaren batasunari. Belgikazaletasunaren aldetik barruti hau Belgikak bere batasuna aldarrikatzeko duen tresnatzat jotzen dute. Hizkuntza aldetik ere, flandriarren ikuspegiaren kontra barrutia mantentzeak "hizkuntza-erraztasun" estatusari eusteko modu bat da eta azken buruan Brusela-Hiriburua eta Valonia lotuko lituzkeen "korridore" edo lur-zerrenda tinkotuko litzateke, Flandriako lurren pentzura. Norbanakoaren eskubide linguistikoak defenditzen dituztela argudiatzen dute.

Belgikaren batasunaren aldeko talde batzuek guztiz bestelako irtenbidea proposatzen dute: Belgika osoan hautesbarruti bakarra eratzea eta hautesle orok edozein hautagairi botoa eman ahal izatea[9].

Krisialdi politikoen iturburua aldatu

2000tik aurrera BHV Belgikako politika korapilotsuaren protagonista nagusietakoa izan da. 2003ko hauteskundeetarako hautesbarrutiak aldatu ziren, probintzietan oinarrituta; BHV eta Leuven ordea mantendu egin ziren. Flandriarren kexuen artean, urte berean hauteskundeak pasa eta astebetera Konstituzio Epaitegiak legea konstituzioaren kontrakotzat jo zuen, belgikarren arteko berdintasuna apurtzen zuelakoan; aldiz, gatazkaren irtenbidea zein zen ez zuen argitu eta ez zuen barrutiaren banaketa agindu ezta bera baturik mantentzea ere[10].

Hortik aurrera estatuko gobernu guztiak osatzeko oztoporik zailena bilakatu da. 2007ko hauteskundeetan barrutiaren banaketa lehentasun bihurtu zen alderdi flandriarrentzat; harrezkero gobernua osatzeko ahalegin guztiek BHVko problematikarekin talka egin dute eta denek porrot egin dute. Belgikako Legebiltzarra barrutiaren banaketa onartzera heldu da baina inoiz gertatu ez den bezala diputatu frantses hiztun guztiek Legebiltzarretik alde egin zuten[11]. Guy Verhofstadt, Yves Leterme edo Herman Van Rompuyk ezin izan dute bi aldeentzat egokia izango zen irtenbidea topatu[12].

Erreferentziak aldatu

  1. Flandria historikoa administratibotik harago doa; belgikar estatutik landako lur batzuk ere hartzen ditu eta kontuan izan Flandria administratibotik kanpo badago ere, Brusela dela bere hiriburua.
  2. Probintziako beste barruti administratiboa Leuvenekoa da. Brusela-Hiriburua eskualdearen barruan ez dago probintziarik; Brabante probintzia banatu arte horren barruan zegoen.
  3. Ehunekoen iturria ez da ofiziala, gatazka dela eta hizkuntzaren gaineko erroldarik aspalditik egin ez baita. Le Soir frantsesezko egunkaria, 2005eko otsailaren 14a.
  4. Zerrenda osoa udalerriak ere zehaztuta.
  5. Barrutiak eta 2007ko emaitzak Kamerako webgunean.[Betiko hautsitako esteka]
  6. Hizkuntza-komunitateek beste 21 aukeratzen dituzte: hamarna flandriarrek eta frantses hiztunek et bakarra aleman hiztunek.
  7. Senatuaren webgunea.
  8. Europar Legebiltzarreko webgunea.
  9. Pavia taldearen webgunea.
  10. Ebaspenaren testua.
  11. Albistea[Betiko hautsitako esteka] Berrian.
  12. Letermeren dimisioa 2010eko maiatzean[Betiko hautsitako esteka] Berrian.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu