Krishna (devanagariz, कृष्ण ˈkr̩ʂɳə; "iluna" edo "urdin iluna" esan nahi du[1]) hinduismoaren izaki nagusia da. Vishnuren avatartzat jotzen dute (zortzigarren haragi-hartzea, hain zuzen) eta zenbait erlijio monoteistatan Izaki Gorentzat. Mahābhārata edo Ramayana poema epikoetan, Krishna pertsonaia historiko moduan agertzen da[2]. Krishna Gaizkiari beti nagusitzen zaion jainko beti gazte eta irribarretsua da.

Krishna
hinduismo
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Ikonografiatxirula eta peacock feather (en) Itzuli
Ogibideacattle rancher (en) Itzuli, instrumentista, filosofoa eta erlijio burua
Heriotzaodoluste
Familia
AitaVasudeva (en) Itzuli
AmaDevaki (en) Itzuli
Ezkontidea(k)Rukmini (en) Itzuli, Rohini (en) Itzuli, Kalindi (en) Itzuli, Mitravinda (en) Itzuli, Nagnajiti (en) Itzuli, Bhadra (en) Itzuli, Lakshmana (en) Itzuli, Satyabhama (en) Itzuli, Jambavati (en) Itzuli eta Lalita (en) Itzuli
Seme-alabakPradyumna (en) Itzuli eta Samba (en) Itzuli
Anai-arrebakSubhadra (en) Itzuli eta Balarama (en) Itzuli

Krishnaren ziklo mitologikoaren iturrien artean honako hauek nabarmentzen dira: Mahabharata, Harivamsa (K.o. V. mendea) eta zenbait Purana (historia sakratuak), hala nola Bhagavata Purana (K. o. X. mendea inguru). Azken obra horretan, Krishnaren haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira. Yadava klaneko Devaki guztiz ederraren semea zen; Devakiren anaia, Kamsa gaiztoa, Mathurako erregea zen (egungo Uttar Pradesh) eta Devakiren haur baten eskuz hil behar zuelako profeziari oharturik, arrebaren haur guztiak sortu ahala hiltzen zituen; Krishnaren patuaz gupidaturik, Nanda behizainen buruzagiak bere alaba jaio berriaz ordezkatu zuen, eta Yasoda emaztearekin batean Gokulan hazi zuten. Gaztetan jadanik Krishnak bere jainkotasuna erakutsi zuen demonioak suntsituz eta mirari asko obratuz. Bertako behizainek gurtzen zuten, eta emakumeak (gopi) harengana biltzen ziren flauta jotzen zuenean. Maitale horien guztien artean, Radha zen haren kuttuna. Kamsak igorritako beste etsai askori nagusitu ondoren, bere anaia Balaramarekin batean Mathurara itzuli ziren eta Kamsa hil zuten. Ez zen bertan kokatu, eta mendebaldeko kostaldera joanik, Dvaraka hiria sortu zuen. Han, oparotasunez bizi izan zen; Rukmini printzesa lehen emaztetzat hartu zuen, beste milaka batzuekin batera, eta ehun eta laurogei mila seme-alaba izan zuen. Hala eta guztiz, garai hartan ere ez zen geldirik egon: demonio askori jazarri zitzaien, eta, Mahabharatan kontatzen denez, Pandava eta Kurava lehengusuen arteko gerran esku hartu zuen. Orobat, jainko goren gisa agertu zitzaion Arjunari, eta karmaren askapenaren doktrina ekarri zuen (Bhagavad Gita). Azkenik, gatazka odoltsua piztu zen Yadava klanaren barnean, eta denak hil ziren, Balarama barne. Krishna oihanera zihoala, Jaras ehiztari zaharrak antilopea joko zuelakoan jainkoaren orpoa geziaz kolpatu zuen, min har zezakeen puntu bakarrean hain zuzen. Hala amaitu zen Krishnaren mundualdia.

Ehunka urteko Krishnarenganako jaiera-kultu (bhakti) ugariek erlijiozko poesia, musika-, pintura- eta eskultura-obra ugari eman du: gehienetan haur-itxuran, gurina ebasten, dantzan edota flauta jotzen ari dela eta gopi maiteminduez inguratua. XVII. eta XVIII. mendeetako pinturan, urdin ilunez irudikatua agertzen da (Krishna: beltza edo hodeiaren iluna). Jainkozko eta giza amodioaren arteko analogia Krishnaren gurtzaren garrantzizko ezaugarri bat da: Krishna gaztearen eta gopien arteko harremanak arimaren eta Jainkoaren arteko amodioaren sinbolo gisa interpretatzen baitira.


Erreferentziak aldatu

  1. Monier Williams Sanskrit-English Dictionary
  2. Mahony, W.K.. (1987). «Perspectives on Krsna's Various Personalities» History of Religions (American Oriental Society) 26 (3): 333–335.  doi:10.2307/599733..


Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau erlijioari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.