Adrar des Ifoghas edo Adrar des Iforas (tamasheqez: ⴰⴷⵔⴰⵔ ⵏ ⵉⴼⵓⵖⴰⵙ, Adrar n Ifoghas; arabieraz: أدرار إيفوغاس‎) Saharako goi ordokia da, ipar latitudeko 21º eta 18º artean dagoena, Tuaregek Azawad deitutako lurraldean, gehiena Mali ipar-ekialdeko Kidal eskualdean, eta zati txikiago batzuk Aljeriako Adrar eta Tamanrasset probintzietan[1]. 250.000 kilometro koadroko ditu luze-zabalean. Aïr, Hoggar eta Tibestirekin batera, Saharako mendigune garrantzitsuenetako bat da.

Adrar des Ifoghas
Datu orokorrak
Garaiera890 m
Motamendigune eta mendikate
Azalera250.000 km²
Geografia
Map
Koordenatuak19°07′N 1°45′E / 19.12°N 1.75°E / 19.12; 1.75
Geologia
Material nagusiaArroka metamorfiko

Etimologia aldatu

Tamasheqez (tuareg hizkuntzaz) Adrar (edo Adagh) hitzak "mendia" esan nahi du. Ifogha hitza berriz, "Kel Ifoghas", eskualdeko klan nagusiaren izenetik dator.

Geografia aldatu

Adrar des Ifoghasen arroka metamorfikoak eta granitoa dira nagusi, harearriak iparraldean, eta oso higaturik daude. Harri mokor handiek paisaia kaotikoa eratzen dute. Batez besteko garaiera 600 m ingurukoa da eta puntu gorena 890 metroan dago[1]. Haranak zabalak dira. Iparraldekoak Tanezroufterantz irekitzen dira, mendebaldekoak Telemsi aldera, hegoaldekoak Azawagh ibai fosilerantz eta ekialdekoak Tamesnako zabaldirantz.

Mendebaldeko isurialdean eta haranetan saheliar klima dago. Baina, erliebeari esker, uztaileko montzoiak euri gehiago ekartzen du Saharako beste lekuetan baino (150 mm inguru, urteko). Ekialdeko isurialdean eta gainetan prezipitazio hauek berehala lurruntzen dira, baina iraupen laburreko belar berdea haztea ahalbidetzen dute. Zuhaitzak oso bakanak dira, haranetan izan ezik[1].

Herri nagusiak Kidal, Adjelhoc, Boughessa, Essouk eta Tessalit dira.

Biztanleak aldatu

Kel Adagh tribuko tuareg nomadek mendebaldeko isurialdeko larreetan zaintzen dituzte beren azienda-taldeak (zebuak, dromedarioak, ahuntzak eta ardiak) lehorte aldietan ekialdeko isurialdekoak baino egokiagoak baitira. Tamaina txikiko palmondo sail batzuk daude, erdipurdiko fruitu ekoizpena ematen dutenak, eta artatxiki zein gari alorrak[1].

Historia aldatu

Aspaldiko denboretan Adrar Afrikako Iparraldea eta Mendebaldea lotzen zituzten karabanen igarobidea zen. Hori zela eta, Erdi Aroan eskualde aberatsa zen. Karabanen pausaleku garrantzitsuenetako bat Tadamakat izan zen[2]. XVI. mendearen hasieran Songhai Inperioaren zati zen[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Crucifix, Isabelle, Adrar des Iforas Encyclopædia Universalis
  2. Sidiyene, Ehya Ag, Des arbres et des arbustes spontanés de l'Adrar des Iforas (Mali) Orstom/Cirad

Kanpo estekak aldatu