Basagurbe
Basagurbea edo mazpila (Sorbus torminalis) Sorbus generoko zuhaitza da. Bere fruituen ezaugarrietatik datorkio latinezko izena zuhaitz honi; "tormina"-k disenteria esan nahi du, eta, fruituak latzak eta astringenteak dituelako du izen hori. Mediterraneo inguruan eta Europa erdialdean zabalki hedatuta dago. Euskal Herrian ere, ugari izan gabe, lurralde guztian hedatuta dago eskualde mediterraneo lehorrenean izan ezik.
Basagurbe | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Sorbus |
Espeziea | Sorbus torminalis |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Q111082515 |
Basionimoa | Crataegus torminalis |
Ezaugarriak
aldatu20 m edo gehiagoko zuhaitza eta 1,3 m-tik gorako diametroa izan dezake bere zurtoinak. Zurtoinaren azala leuna eta grisaxka da, baina ezkatatsua; adinarekin xafla karratutan zuritzen da geruza marroi ilunagoak azalduz. Adaxkak lentizela zurixkaz pikartatuta ditu eta ilegabeak dira. Begiak ere ilegabeak eta apur bat likatsuak.
Hostoak
aldatuHostoak dira bakunak, txortendunak, 5 - 9 gingil triangeluar akuminatuetan sakonki arrailduak eta ertzean finki zerratuak; berde ilunak eta pixka bat distiradunak gainaldean, argiagoak eta mateagoak azpialdean, gaztetan ilaundunak eta, gerora ia ilegabeak. Udazkenean kolore gorri bizi ikusgarria hartzen dute, erori aurretik.
Loreak
aldatuMuturreko korinbotan elkartuak, pedizeloa eta kaliza ilupadunak. 5 petalo zuriak edo apur bat arroxak; 20 estamine eta oinaldean soldatutako 2 estilo.
Fruituak
aldatuPomo oboidea, kaliza mantendu egiten du. Azala arrea edo gaztaina-kolorekoa, lentizela argiagoz pikortatua. Zapore latzekoa, mikatzak eta ondo heltzen direnean apur bat gozotzen dira.
Banaketa
aldatuEspezie hau bertakoa da Europa erdialdean eta mediterraneoan; Ingalaterra eta Galestik, Danimarka eta Poloniara; Afrika hegoaldetik ipar-mendebaldera; eta, Asia hego-ekialdetik hego-mendebaldera, Asia Txikitik hasi eta, Kaukaso eta Elburz mendietara. Euskal Herrian, ugaria izan gabe, lurralde guztian hedatuta dago, 1.200 m-ko altituderaino, eta, eskualde mediterraneo lehorrenenean izan ezik.
Ekologia
aldatuLurzoru kalkareotan hobeto hazten da, baina azidoetan ere hazi daiteke. Basoen soilgunetako eta ertzetako espezie tipikoa da, argia behar baitu. Bereziki harizti eta pagadietan hazten da. Oso ongi egokitzen da negu hotzeko lekuetara.
Fenologia
aldatuMaaitz eta ekainean loratzen da; fruituak udaren azken aldera heltzen dira.
Erabilera
aldatuFruituak latzak eta astringenteak direnez, beherakoa eta disenteria sendatzeko erabili izan dira.
Zura oso gogorra eta sendoa da eta, nahiz eta urria izan, lanabes-kirtenak egiteko oso estimatua izan da.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).