Bakalao musika Euskal Herrian

Espainian 1990eko hamarkadan zabaldutako Bakalao estiloko dantzako musika elektronikoa, eta harekin lotutako kultura, asteburuetan lepo egoten ziren diskotekei lotua, Hego Euskal Herrian ere hedatu zen.

Txitxarro diskoteka, 1990eko hamarkadako bakalaoaren tenpluetako bat, 2018an, itxita

Hedapena aldatu

1990eko hamarkadan, Euskal Herrian, Irungo (Gipuzkoa) Jennifer dantzalekuan hasi zen jartzen Valentziako «bakalao soinua» deituriko musika, larunbat arratsaldeetan, Jenny Power deituriko saioan[1]. Debako (Gipuzkoa) Txitxarro geroago hasi zen, eta trance doinuak erabiltzen zituzten han. Zerrenda luzatzen joan zen azkar samar: Bizkaian, Nyx (Gorliz), Non (Lemoa); Gipuzkoan, Erne-Itzela (Oiartzun), Young Play (Hernani), Xoxote (Azpeitia), The Sound (Irura); Nafarroan, Malloak (Azpirotz), Matraka (Lakuntza)... Dantzalekuak bata bestearen atzetik irekitzen zituzten, eta horrela, ostiral arratsaldetik astelehen goizaldera arte bazegoen non dantzatu.

ETAren kanpaina aldatu

Dantzaleku hauek eta musika mota zehatz hau droga kontsumo eta trafikoarekin lotuta zegoelakoan, ETAk bi eraso esanguratsu egin zituen 2000. eta 2001. urteetan. Txitxarro lehertarazi zuten bonbaz 2000ko irailaren 10ean (diskotekaren jabea Narciso Korta zen, aste batzuk lehenago ETAk hil zuen Joxe Mari Korta enpresariaren anaia). 2001eko irailaren 9an, berriz, Lakuntzako Universal (Matraka izandakoa) jo zuen ETAk bonbaz.

Lendakaris Muertos taldeak "ETA, deja alguna discoteca" kantan islatu zituen eraso haiek[2].

Euskaldunen aurrejuzguak aldatu

Musika mota hark beste era bateko arbuio eta aurrejuzguak ere jaso zuten. Euskarari guztiz arrotza zaion estereotipo batekin lotu zen bakalaoaren kontsumitzailea, eta 21. mendera arte iraun du irudi horrek. Hor da, adibidez, ETB2ko Vaya Semanita telebista saioak El Jonan de Baraka pertsonaiarekin jorratutako estereotipoa, bazter auzoetako elementu erdaldun elebakarrarena[1].

Baina aurrejuzgu horiei aurre egin zienik ere izan zen. Iker Sadaba musikariak 18 urterekin sortu zuen, Iruñeko bere ikastolako bi ikaskiderekin, Hemendik At taldea egiteko ideia. Ia txantxetan hasi arren, "hibridazio saio bat izan zen: rock erradikalaren espiritua hartu eta tekno musikarekin nahastu: euskal bakalao radikal antzeko bat", adierazi zion Berriari Sadabak 2018an[1]. Hemendik At taldearen musika ez zen zehazki bakalao, beraiek eurodance esango zutena baino, baina Goazen bezalako gai batek bide berri bat irekitzen lagundu zuen.

Gero, Hemendik At-en bidetik, beste proposamen batzuk ere iritsi ziren euskaraz: Wazen, UGA, Nahiadance, Eusko Dance disko sorta... Iker Sadabak, halaber, dantzako musika elektronikoa egiten jarraitu zuen profesionalki.

21. mendean zehar, dantzako musika hainbat estilotan banatu da, baina asteburu-konexioa egiteko diskoteken sarea desegiten joan da Euskal Herrian. 1990eko diskoteka haietarik asko itxita daude gaur egunean. Aurrejuzguak arindu dira nolabait, baina musika kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dira oro har.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Lartzanguren, Edu. «Bakalaoaren tenpluak» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  2. MusicMadafaca. (2012-07-03). Lendakaris muertos - ETA, deja alguna discoteca - Se Habla Español. (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).

Kanpo estekak aldatu