Azme
Azme Izura-Azme udalerriko herriska bat da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. 1841 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Azme | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Izura-Azme |
Administrazioa | |
Herritarra | azmetar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°12′N 1°06′W / 43.2°N 1.1°W |
Herritarrei "azmetar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 17 km daude.
Izenaz
aldatuDokumentazio historikoan herri honen izena aldaera oso gutxirekin agertzen da: Azme (1481an Baionako kapituluan) eta frantsesez Asme edo Asme-Chilo[1] izena hartu zuen.[2] Izen bereko sala (okzitanierazko hitza "jauregi" esateko) zegoenez, beste kasu batzuetan bezala hortik jaso zuen herriak izendapena.
Hipotesi bezala uste da "Azpe" izan ahal zela antzina, "haitz"+"pe" alegia.
Geografia
aldatuKokapena
aldatuBiduze ibaiaren ibarrezkerrean, udalburua den Izura ipar-ekialdean du; hego-mendebaldean Larzabale eta ibaiaz bestalde, hego-ekiadean, Arroze. Aipatu hiru herriak oztibartarrak dira.
Mendebaldeko bere mugetan, ordea, Landibarre ageri zaigu baina ibar honetara heltzeko mendilerro bat gainditu behar da, Oxosarriko basoa zeharkatu ostean.
Orografia
aldatuIbaiaren ertzean 117 metro eskaseko garaierak badaude ere, herriskara heldu orduko 160ren bueltakoak daude eta hortik Landibarrerekiko mugara iritsi arte igoera areagotu egiten da. Bertugaineko 400 metroek ematen diote hastapena udalmuga honi; hortik segituta 392, 345, 357ko kotak ere lortzen dira eta herriska hau ia heltzen da Gaztelu Zahar (472 m) tontorrera eta bere aztarna protohistorikoetara.
Demografia
aldatu1412-1413ko erroldan 10 etxe zituela ageri da eta 1551ekoan 33 zituen. Historian zehar beti populazio eskaseko gunea izan da.
Errepideak
aldatuHerriaren beheko lurretatik pasatzen da D 933 departamendu mailako errepidea, herrialde osoaren ardatza dena. Berarengandik aterata bide batek lotzen du herriska honekin; Izurara joateko Done Jakue bidea kontrako ibilbidea segitu behar da baina ez dago autoentzako biderik errepide nagusitik pasatu gabe.
Historia
aldatuHerriko Sala-ko jaunak eta Agerre, Berraute, Burguzahar eta Latsagako etxe noble edo jauregietakoek Nafarroako erresumako "estatuetan" parte hartzeko eskubidea zuten. Azken etxe hori, Azme eta Izuraren artean, zen ospetsuena eta historia handikoa.[3]
Arlo zibilean inoiz ez du garrantzi handirik izan; erlijio katolikoari dagokionez Frantziako Iraultza baino lehen bere eliza (San Joani eskainia) Izura eta Haranbeltzekoekin bat eginda zegoen parrokia bakarrean. Eliz hori (iraultzazaleek lapurtua eta bere ondasunak 447 liberatan salduak) gero hiru komunitateentzako eraikin batek ordezkatu zuen. Horren ondorioz 1792tik Izura, Arroze eta Haranbeltz herriska honekin lotu zituzten, "Azmeko parrokia" izendapenarekin.[4]
Udalerri-aldaketak
aldatu1841eko ekainaren 13a arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Izurarekin fusionatu zen; harrezkero Izura-Azmeren barruan dago.
Eraikin eta monumentu historikoak
aldatu- Latsagako jauregi edo gaztelua (ikus "Izura") udalburua eta Azmeren artean dago.
- Gaztelu Zahar oso garrantzi handiko aztarnategi protohistorikoaren lurretara heltzen da herri hau, gunearen gehiengoa Larzabale eta Landibarreren artean badago ere.
Ekonomia
aldatuNekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak.
Kultura eta hezkuntza
aldatu- 1991ean sortuta, 1995ean Oztibarreko ikastola Azmen kokatu zen 14 ikaslerekin eta han iraun zenbait urtez. Egun Larzabaleko egoitza berrian dago.[5]
Azmetarrak
aldatu- Eñaut Larralde "Etxamendi eta Larralde" bikote kantariaren kide, idazle eta udalerriko kontseilaria izana.
- Xabier Larralde (1970-) ekonomilaria Batasunako Ipar Euskal Herriko eledunetakoa da.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Azken izendapen hau, besteak beste, IGNko 1445 O Saint-Palais 1:25000 eskalako mapan erabiltzen dena da.
- ↑ Azme Patxi Salaberriren "Nafarroa Behereko herrien izenak" lanean: 189/190. or.
- ↑ Azmeko historia euskomedian.
- ↑ Azmeko historia eklesiastikoa euskomedian.
- ↑ Oztibarreko Ikastolako historia.
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |