Argoitia neba-arrebak

Argoitia anai-arrebak» orritik birbideratua)

Argoitia neba-arrebak 1966tik 1976ra bitartean aritutako euskal musika taldea izan zen. Taldea Andoni eta Irune Argoitia anai-arrebek osatzen zuten. Artean haurrak zirela hasi ziren abesten, Ondarroa jaioterrian (Bizkaia), baina Loiolako Herri Irratian grabatutako kantuak ezagutarazi ostean bazter guztietatik deika hasi zitzaizkien jaialdietako antolatzaileak. Euskal Herriko herri kantuak eta euskarara ekarritako modako kantuak abesten zituzten, ahotsa, gitarra eta bandurria lagun. Ehunka emanaldi egin zituzten eta zenbait disko arrakastatsu grabatu.

Argoitia neba-arrebak
Datuak
JatorriaOndarroa, Bizkaia
Musika motaherri kanta
Produkzioa
Diskoetxea(k)Cinsa, Herri Gogoa
Taldekideak
Irune Argoitia
Andoni Argoitia

Taldea aldatu

Andoni (Ondarroa, 1951) eta Irune Argoitia (Ondarroa, 1949) neba-arrebak jaioterriko antzokian agertu ziren jendaurrean kantari lehen aldiz. "Normala zen antzokian zenbait obra aurkeztea. Baina askotan tramoia konplikatuak zeuzkaten eta denbora behar zuten eszenatokia aldatzeko. Orduan hutsune horiek betetzeko zer edo zer kantatzeko esan ziguten. Eta hor agertu ginen arreba eta biok praka motzetan. Nik 13 urte nituen, eta arrebak 14". Irunek gitarra jotzen zuen eta Andonik bandurria; biek abesten zuten.

Berehala lortu zuten oihartzunaren seinale, lehen urte eta erdian ehun emanaldi inguru egin zituen bikoteak, herrietako euskal jaietan gehienak. Xabier Gereño idazle eta kazetariak Zeruko Argia astekarian egindako kalkuluaren arabera, emanaldi horietan 200.000 lagunetik gora bildu ziren. 1967. urtearen amaieran, Bilboko Santiago Apostol antzokian lehen aldiz abestu ondoren, lehen disko txikia grabatu zuten, eta Gereñok berak zuzendutako diskoetxeak argitaratu zuen, Cinsak. Astebetean agortu ziren argitaraturiko mila aleak. Diskoan jasotako bost kantuen artean "Maitasun hitzak" zegoen, Joan Manuel Serrat abeslari katalanaren "Paraules d'amor" kantuaren moldaketa, Xabier Letek euskaraturik. Halaber, 1967an, "Puppet on a string" Eurovision jaialdia irabazi zuen Martin & Coulter bikote eskoziarraren kantuaren bertsioa grabatu zuten, "Txoriburuak" sokan izenburuarekin. "Lehen diskoa Bilbon grabatu genuen, Vox dendaren entresueloan. Hor zeukaten estudio txiki bat, txiki eta bajua, ezin ginen zutik egon, makurtuta grabatu behar izan genuen disko hau. Disko txikia zen baina fabrikatzean 33rpm egin zuten eta akats handia izan zen: ezin genuen jukebox edo diskomakinetan jarri. Orduan bigarren bat grabatu genuen berehala Bilboko diskoteka batean", gogoratu zuen Andoni Argoitiak elkarrizketa batean (1).

Abestirik famatuenak aldatu

1968an beste bi disko txiki grabatu zituzten, Bilboko Seis Estrellas dantzalekuan lehenengoa eta Madrilgo Fonogram estudioan bestea, eta, aurrekoan bezala, atzerriko modako kantuen euskarazko bertsioak ("Bakardadea" Frank eta Nancy Sinatrarena, "Jauna zergatik"...), euskal kantu herrikoiak ("Maite, maite", "Umetxoaren ametsak"...) eta eurentzat propio idatzitakoak jaso zituzten. Arrakastarik handiena, baina, "Ikusi mendizaleak" Sabin Gereñok euskaraturiko kantuarekin lortu zuten. Halaber, Abrako lehen sariketa irabazi zuten 1968an.

Jaialdietan jotzen gelditu barik jarraitu zuten hurrengo urteetan, haien kantuak egunero entzuten ziren zenbait irratitan, baina 1972ra arte ez zuten beste diskorik kaleratu. Laugarren disko txikia, azkena, Herri Gogoa diskoetxearen estudioan grabatu zuten, Donostian, eta lehen aldiz kantu guztiak eurek sortutakoak ziren, Andoni Argoitiak sortutakoak hain zuzen ere.

Grabatutakoez gain, beste hainbat abesti ematen zituzten Argoitia neba-arrebek kontzertuetan: "Aitorren hizkuntza zaharra", "Ein dantzan", "Ibili zintzo", "Lore bat"...

Diskografia aldatu

  • Irune ta Andoni Argoitia (1967, Cinsa)
  • Irune ta Andoni Argoitia (1968, Cinsa)
  • Irune ta Andoni Argoitia (1968, Cinsa)
  • Irune ta Andoni Argoitia neba-arrebak (1972, Herri Gogoa)

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu