Asbesto

Amianto» orritik birbideratua)

Asbestoa edo amiantoa zuntz-itxurako mineral-taldea da. Kate bikoitzeko silikatoez osaturik daude. Asbestozko mineralek zuntz luzeak eta egonkorrak dituzte, banandu daitezkeenak eta elkarri lotuak izateko nahiko malguak direnak. Tenperatura altuak jasotzen dute. Kimikaren ikuspuntutik, silizio atomoek osatzen duten harizpi bikoitzeko kate luzez osatuta daude, silizio atomo horiek oxigeno atomoen bidez konektatuta daude. Silikato estrukturaren karga negatiboa netoa magnesio bezalako katioiek egonkortzen dute. Krisotiloa, Mg3Si2O5(OH)4, asbesto erabiliena da[1].

Infotaula de mineralAsbesto
Ezaugarri orokorrak
KategoriaMineral
FormulaMg3Si2O5(OH)4
Sistema kristalinoOrtorronbiko
Masa molarra277,11 g
Deskonposaketa puntua1.112 °F
Identifikazioa
KoloreaBerde, gorri, hori, zuri, urdin
HabitoaAmorfo, granular, masibo
MarraZuria
Asbestoa

Ezaugarri berezi hauek direla medio, asbestoa produktu manufakturatu anitzetan erabilia izan da: eraikuntzako tresnerian (teilatuak estaltzeko teilak, baldosak eta azulejuak, paperezko eta zementuzko produktuak), igurketa produktuetan (automobilen lozagia, balazta, transmisioko osagaiak), ehun termoerresistenteetan, ontzietan, paketeria eta estalduretan, babes pertsonaleko ekipamenduetan, margoetan, talko produktuetan, etab. Gainera elikagai batzuetan kutsatzaile gisa detektatu da.[2]

Mediku agintariek frogatu zuten amiantoarekin erlazionaturiko  produktuek minbizi eragiten dutela heriotza-tasa handiaz 1906 urtetik. 2000ko hamarkadaren hasieran herrialde garatuetan debekatzen hasi zen eta 2005etik aurrera haren erabilera erabat debekaturik gelditu zen Europar Batasunean, baina garapen bidean dauden herrialde batzuetan erabiltzen jarraitzen da. 2009an oraindik bi milioi tona ustiatu zituzten: Errusia (%50a), Txina, Brasil, Kazakhstan eta Kanada (%9 eta %14 artean).

Motak eta erlazionaturiko zuntzak

aldatu
Izen arrunta Mineralaren izena Zuntzezko aldaera
Amianto marroi grunerita amosita
Amianto zuri krisotilo
Amianto urdin riebeckita crocidolita
Amianto-tremolita tremolita
Amianto-aktinolita bisolita aktinolita
Amianto gris antofilita

Asbestoaren sei mineralak zuntzen motaren arabera sailkatu ahal dira. Sailkapen horren barnean Serpentina motatakoak edo Anfibola motatakoak izan daitezke. Gainera, “asbestiformeak” diren amiantoak ere daude.



Serpentina

aldatu

Serpentina motako zuntzak kizkurrak dira. Krisotiloa serpentina klaseko kide bakarra da.

Krisotiloa

aldatu

Krisotiloa, CAS No. 12001-29-5, mundu osoan ohikoak diren serpentinitazko arroketatik lortzen da. Bere formula kimiko idealizatua Mg3(Si2O5)(OH)4 da[3]. Solido zuria da eta bere zuntzak kizkurrak dira. Krisotilo amiantoak Anfibolen amiantoak baino malguagoak dira eta ohialean irunduak eta ehunduak izan daitezke. Quebec-en topatzen da nagusiki, eta Ipar Amerikan gehien erabiltzen den asbestoa da. Oso erabilia izan da beroaren aurkako erresistentzia duelako, eta gainera, nahiko merkea delako. Erabilera ohikoena zementuzko teilatu korrugatua izan zen, batez ere kanpoaldeketarako, biltegietarako eta garajeetarako. Sabaietan erabiltzen diren paneletan ere aurki daiteke, eta, batzuetan, hormetan eta zoruetan.

 
Krisotila zuntzak


Anfibola

aldatu

Anfibola motako zuntzak orratzak bezalakoak dira. Amositoa, krokidolita, tremolita, antofilita eta aktinolita anfibolen klaseko kideak dira.

Amositak

aldatu

Amositak, CAS 12172-73-5, sarritan amianto marroia izenaz ezagutzen dira eta cummingtonita-grunerita nahasteak ditu. Normalean Hegoafrikan topatzen dira. Amositaren formula  Fe7Si8O22(OH)2 da. Amositoa mikroskopioaren azpian beirazko zuntz kolore txuri-grisaxka ageri da. Normalean isolamendu termikoko produktuetan agertzen da, suaren aurkako erretxina gisa.[4]

Krokidolita

aldatu

Krokidolita, CAS. 12001-28-4, askotan asbesto urdina izenaz ezagutzen da. Nagusiki hegoaldeko Afrikan topatzen da, baina Australian edo Bolibian ere aurki daiteke. Krokidolitak hartzen duen formula bat hurrengoa da: Na2FeII3FeIII2Si8O22(OH)2. Krokidolita, mikroskopioan ikustean, zuntz urdinak behatzen dira. Krokidolita nagusiki zutz bigun eta birrinkorrez eratzen da. Dena den, asbestoaren mota batzuk, amosita adibidez, zuntz zuzenagoak dituzte. Asbesto mota guztiak zuntzez eratuta daude. Zuntz hauen diametroa mikrometro bat baino txikiagoak dira. Zuntz oso finez eratutako asbestoa “amianto” izenaz ere ezagutzen da.

Beste asbesto batzuk

aldatu
 
Tremolitaren zuntzak

Anfibol kontsideratzen diren beste hiru asbesto mota daude: Tremolita asbestoa, Ca2Mg5Si8O22(OH)2 ,(CAS 77536-68-6); Aktinolita asbestoa, Ca2(Mg,FeII)5(Si8O22)(OH)2, (CAS 77536-66-4); eta Antofilita asbestoa, (Mg,FeII)7Si8O22(OH)2, (CAS 77536-67-5). Asbesto mota hauek ez dira asko erabiltzen industria arloan. Hala ere, aurkitu daitezke eraikuntza- eta isolamendu-material mota batzuetan, eta zenbait kontsumo-produktuetan erabiltzen dira.

Mineral “asbestiforme”-ak.

aldatu

Beste mineral asbestiforme natural batzuk, hala nola, Richterita, Na(CaNa)(Mg,FeII)5(Si8O22)(OH)2, eta  Winchita, (CaNa)Mg4(Al,FeIII)(Si8O22)(OH)2, ez dira asbesto mineraletan sailkatzen, “asbestiforme” bezala ezagutzen dira.  Nahiz eta AEB-etako Laneko Segurtasunak eta Osasun-Administrazioak (OSHA) asbesto sailkapenean ez barneratu, NIOSH-ak eta Amerikako Gizarte Torazikoak gomendatu dute sailkapen horretan sartzea osasunerako arriskutsuak izan daitezkeelako.[5]

Ezaugarri fisiko eta kimikoak

aldatu

Asbestoa osatzen duten zuntzak kimikoki geldoak dira. Hau da, ez dira lurruntzen, ez dira erretzen, ez dira disolbatzen eta ez dute erreakzionatzen erreaktibo kimiko gehienekin. pH azido eta neutro urtsuetan krisotiloaren kanpoko geruzan dagoen magnesioa kaltetzen da. Anfibolaren zuntzak egonkorragoak dira baldintza azidoetan eta asbestoa mota batek ere ez du erreakzionatzen base baten aurrean. Hurrengoak dira asbestoaren sei mineralen ezaugarri fisiko eta kimiko batzuk[6]:

●    Hainbat kolore desberdin hartzen dituzte mineral hauek. Zuria, grisa eta berdea koloreak mineral guztietan agertzen dira. Hona hemen mineraletan nagusitzen den kolorea: Krisotiloa zuria da askotan, Amositoa sarritan marroia, Krokidolitoa morea/urdina, Aktinolita berdea, eta Antofilitak eta Tremolitak ez dira kolore bakar batengatik ezagutzen.

●    Sei mineralen egoera fisikoa solidoa da, eta orokorrean, nahiko malguak dira.

●    Disolbagaitzak dira uretan eta disolbatzaile organikoetan. Haien irakite-tenperaturak nahiko altuak dira, 600-1040 °C tartean. Amositarena, baxuena da, 600-800 °C tartean; Krisotiloarena, 800-850 °C tartean; Tremolitarena, altuena, 1040 °C-koa; Antofilitarena 950 °C-koa eta Krokidolitarena 800 °C-koa.

●    Ez dira sukoiak.

Arriskuak

aldatu

Sei mineral mota Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentziaren (EPA) eskutik definiturik daude "amianto" bezala: Alde batetik, Krisotiloa dago, Serpentina klasekoa dena; eta beste alde batetik, Amosita, Krokidolita, Aktinolita, Antofilita eta Tremolita, Anfibolen klasekoak direnak, daude. Sei amianto mineral motak giza kartzinogenoak dira. Zuntz ikusgarriak mikroskopikoak diren milioika zuntz txikitxoak osatzen dituzte, abrasioen bidez eta beste prozesu batzuen bitartez askatu daitezkeenak. Hau da, besteak beste, gaixotasunak eratzearen arrazoia.

Arnasten dugun airean «krisotilo» izeneko asbesto kantitate oso txikiak daude, beraz, guztiok gaude arriskuan. Eskuarki, lantokiak ez diren lekuetan erregistratu diren atmosferako amianto kantitateak antzekoak dira. Zehaztu da gune industrialen hurbileko bizitegi-zonetako airean aurkitzen diren kantitateak eta hiri-zonetan aurkitzen direnak oso parekoak direla, eta kasu batzuetan hirietan aurkitu diren kantitateak altuagoak izan dira. Asbestoarekiko esposizio naturalak eragiten duen gaixotasunak eta horren erruz eratzen den arazoa neurtezin kontsideratzen dira, asbesto erauzketa dagoen tokietatik gertu dauden populazioen kasuan izan ezik. Gune horietan asbestoarekin erlazionatutako gaixotasun eragin handiagoa egiaztatu da.

Amiantoak arnastea asbestosia (pneumonia egoera bat), mesotelioma (ehun mesotelialeko tumorea, birikietara loturiko bular barrunbea estaltzen duena) eta bronkioen kartzinoma (biriken aire hodietan sortzen den minbizia) eragin dezake, hau dela-eta amiantoaren erabilera nabarmenki gutxitu egin da, eta eraikuntzetatik material hori kanporatzeko programak garatu dira.

Inhalatutako amiantoaren toxikotasuna ongi ezarrita dago. Zuntzek birikietako ehunean orbanak eragiten dituzte, ondorioz minbizia garatzen da, normalean esposiziotik 20-30 urte pasatzen dira sintomak agertu arte. Ez da ezagutzen amiantoak edateko uran toxikoa denik[2].

Amiantoari buruzko kezkarik nagusia Krokidolitarekin loturik dago, amianto urdina dena. Duela bi hamarkada mineral hau minbiziaren errudun gisa inplikatzen zuten ebidentziak ezarri ziren. Zuntz meheko, zuzen eta nahiko laburreko minerala da, birika-hodietan  sartzen direnak. Krisotiloa baino kartzinogeno indartsuagoa da . Hego Afrikan eta Austrian erauzten da Krokidolita.

Erreferentziak

aldatu
  1. Baird, Colin.. (2001). Química ambiental. Editorial Reverté ISBN 842917902X. PMC 47654585. (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  2. a b Manahan, Stanley E.. (2007). Introducción a la química ambiental. Reverté ISBN 8429179119. PMC 803807152. (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  3. (Ingelesez) «What Causes Cancer? | American Cancer Society» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  4. «WDNR - Asbestos - History and Uses» web.archive.org 2007-12-28 (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  5. «404 - File Not Found | Occupational Safety and Health Administration» www.osha.gov (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  6. (Ingelesez) (PDF) Chemical and physical information. .

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu