Ireki menu nagusia
New York estatubatuar finantzen zentroa da.

2018an Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia munduko 1. handiena izan zen.

Estatu Batuetako ekonomia munduko indartsuena, ugariena eta teknologiaz aurreratuena da. Barne produktu gordina biztanleko 31.500 dolarrekoa da, handiena nazio industrializatu nagusietan. Munduko biztanle guztien % 5 eskas dituelarik, Estatu Batuek ekoizten dute, urtero, planetako aberastasunen % 30 baino gehiago. Baliabide aberatsak eta azpiegitura bikainak daude oparotasun horren oinarrian. 1975. urteaz gero, irabazi gehien-gehienak familia aberatsenen % 20ra joan dira. 1994-1998 urteetan gora egin zuen ekoizpen errealak, inflazio tasa oso txikia izan zen, eta langabezia tasa % 5etik beherakoa. Merkatuko ekonomia da Estatu Batuetakoa, eta pertsona eta enpresa pribatuek hartzen dituzte erabaki nagusiak; gobernuak merkatu pribatuetan erosten ditu gehienbat hornigaiak eta zerbitzuak. Estatu Batuetako enpresek Mendebaldeko Europako eta Japoniako kideek baino askoz malgutasun handiagoa dute kapitalak zabaltzeko, langileak kaleratzeko, eta produktu berriak sortzeko. Aldi berean, muga handiak dituzte beren lehiakideen merkatuetan sartzeko, atzerritar konpainiek Estatu Batuetan sartzeko dituztenak baino askoz handiagoak. Estatu Batuetako enpresak munduko lehenak dira, edo ia lehenak, teknologia aurreratuenetan, bereziki ordenagailuetan, eta sendagintza, aireontzi, eta hornigai militarretan, nahiz eta azken horiek zerbait murriztu diren Bigarren Mundu Gerraz gero. Teknologiaren aurreramenduen lastertasunaren ondorioz, two-tier labor market deritzana sortu da (“bi mailako lan merkatua): maila berehekoenek ez dute goiko mailakoen heziketa eta prestakuntza bera, eta, gero eta gehiago, ez dute eskuratzen ez soldata igoerarik, ez osasun aseguruen babesik, ez bestelakorik. Epe luzerako arazoen artean, aipatu behar dira zaharragotzen ari den biztanleriaren sendagintza kostu gero eta handiagoak, azpiegitura ekonomikoan egin diren inbertsio desegokiak, eta familia sarreren etena gizatalde pobreenetan. 1999ko BPG 1998koa baino zertxobait apalagoa izan da, eta inflazioa eta langabezia bere horretan geratu dira gutxi asko. 1999ko arazoak ekialdeko Asiako eta Errusiako finantza krisi larriak izan dira, eta akzioen garestitasuna enpresen irabazien ondoan. 1960ko hamarraldian Estatu Batuetako biztanleek munduko bizi maila altuena bazuten ere, gaur egungo gizartean gero eta nabarmenagoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea.

NekazaritzaAldatu

Nekazaritzak langile aktiboen % 2,8 baino ez du hartzen (1994), baina munduko lehena da, eta nekazaritzaren batez besteko merkataritza soberakina urteko 10 bilioi dolarrekoa da. Oso teknika modernoak baliatzen ditu, eta bederatzi milioi pertsona inguru enplegatzen ditu nekazaritza gaien produkzio, eraldaketa, ontziratze, garraio, banaketa eta esportazioetan. Gai askotan da munduko estatu ekoizle nagusietako bat (lehena artoan eta soian) [1996]; tropikoetako gaiak baino ez ditu falta (kafea, bananak, kakaoa, etab.). Garai batean “belt”etan zegoen nekazaritza antolatua, gai bakarra lantzen zuten eraztun edo eskualdeetan alegia (Dairy Belt, esnearena; Wheat Belt, gariarena; Corn Belt, artoarena; Tobacco Belt, tabakoarena; Cotton Belt, kotoiarena), baina egitura hori aldatzen ari da. Ekialdean eta Aintzira Handien eskualdean merkatu urbanorako gaiak lantzen dira, eta hegoaldean, berriz, kotoiak eta tabakoak atzera egin dute eta lekua utzi diete soiari, fruitu eta lekariei, kakahuete eta bazkarako gaiei. Laboregintza da oraindik ere nagusi Middle West-en, baina arto-soia-abere hazkuntza hirukotea ari da gaur nagusitzen. Mendebalde idorrak arrantxoen eskualdea izaten jarraitzen du, baina eremu ureztatuen gehitzeari esker, hirientzako balio handikoak diren gaiak hasi dira lantzen. Arrakasta horiek, ordea, badituzte beren alde txarrak ere: estatuak nekazaritzari ematen dion laguntza kostu handikoa da, nekazari askok zorra handiak dituzte, eta txikienak egoera larrian daude; nazioarteko egoerak bestalde eragin handia du nekazaritzaren orekan (gariaren esportazioan bereziki), eta lurrak erein gabe uztea da sarritan produkzio gehiegiaren kontra borrokatzeko modu bakarra. Basogintzaren ere Estatu Batuak dira munduko lehenak, eta bosgarrenak arrantzan (1995), baina hala ere beharren erdia baino ez dute asetzen alor horretan.

IndustriaAldatu

Behera egin du amerikar industriak munduan izan duen pisuak: 1946an amerikar industriatik zetorren mundu osoko ekoizpenaren % 50, eta gaur egun % 20 baino gutxiago dator. Ekoizpenean, dena den, aurrenekoa izaten jarraitzen du, eta hirugarren mundu esportatzailea baino ez da gaur, Alemania eta Japoniaren atzetik. Oinarrizko industriek (burdingintza, metalurgia, kimikagintza), atzera egin dute, batez ere ipar-ekialdeko eta Aintzira Handietako Manufacturing Belt tradiziozko eskualde industrialetan, eta aldi berean oso alor garrantzitsuetan; automobilarenean eta ehungintzan adibidez, oso berregituratze sakonak egin dira. Industria alor modernoek etorkizun ona dute: aeronautika, kimika gaiak, farmazia, eraikuntza elektrikoak eta elektronika profesionala; Estatu Batuak dira orobat aurrenekoak armagintzan. Ahulxeagoa da osagai elektronikoen eta elektronika zabalaren industrian, eta orobat etxetresna elektriko eta ikus-entzunezkoetan. Hala ere, abantaila handiak gordetzen ditu: multinazional sare garrantzitsu bat (General Motors, Ford eta Exxon munduko hiru enpresa handienak dira), teknologia aurreratuenen jabe dira, eta lehen mailako ikerketa dute. Hirugarren sektorearen garapen handiak (langileen % 71) [1994], aurreneko postua eman die Estatu Batuei jakintzaren eta informazioaren bilketa, metaketa eta banaketan, eta horiek guztiak funtsezkoak dira amerikar kulturak mundu osoan duen indar eta eraginean. Langintza berrien eta teknologia aurreratuko industrien garapenak, turismoaren indarrak eta ingurumen hobeen bilaketak Sun Belt eskualdearen garapena erraztu dute (“Eguzkiaren Eraztuna”: Florida, Texas, Kalifornia), eta Mexikorekiko trukeen areagotzeak mugako eskualdearen hazkunde ekonomikoa ekarri du. Nolanahi ere, 1990eko hamarraldian izan da eragozpenik: zorrak, merkataritza eta aurrekontu defizitak, biztanleen parte baten pobretzea. Europar Batasuna, Estatu Batuekin pareka daitekeen merkatu bakarra, arerio bihurtu zaie; aldi berean, Japoniaren lehiak bizirik dirau industrian eta finantzetan, eta Alemania borrokan dihardu munduko lehen esportatzailea izateko. 1994aren abenduaren 1etik aurrera, merkataritza libreko eskualde batek (NAFTA) lotzen ditu Estatu Batuak, Kanada eta Mexiko.

Garraioei dagokienez, alor askotan daude Estatu Batuak aurreneko lekuan: han dago munduko burdinbide, autobide eta errepide sarerik hoberena, auto kopuru handiena (munduko auto pribatu guztien % 25), eta bertan daude munduko hamar aireportu handienetatik zazpi.

ErreferentziakAldatu