Alpetar kakalardo adarluze

Alpetar kakalardo adarluzea edo alpetar adarluzea[1] (Rosalia alpina) Cerambycidae familiako kakalardo saproxilikoa da, zientziarako Lineok 1758an deskribatu zuena.[2]

Alpetar kakalardo adarluze
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaColeoptera
FamiliaCerambycidae
LeinuaCompsocerini
GeneroaRosalia
Espeziea Rosalia alpina
Linnaeus, 1758

Deskribapena

aldatu

Kakalardo handia da, antenak kontutan hartu gabe 15-38 mm luze da. Burua, protoraxa eta elitroak belusatua eta urdin-grisaxkak dauzka. Elitroetan orban beltz batzuk izaten ditu, sei gehienetan, simetrikoki kokatuak. Pronotoan ere izaten du orban beltz bat eta arantxatxo bana ere badu pronotoaren bi aldeetan. Oso antena luzeak ditu (gorputza baino luzexeagoak emeetan, gorputza halako bi arretan), eraztun beltzez tartekatutako urdin-grisaxka kolorekoak.[3][4] Adarretako segmentu arteak eta eraztun beltzetako batzuk ile-sortez estaliak daude, kolore eta testura beltz iletsua emanez, iletxoak ez dira begi hutsez ikusten, lupa edo ikusmena areagotzeko tresnekin bai ordea.

Bere gorputza 3 cm luze baino gehiago izanda, alpetar kakalardo adarluzea kakalardo adarluze guztien artean handienetakoa da. Arra emea baino txikiagoa da gorpuzkera aldetik baina adarrak gorputzarekiko proportzioan luzeagoak ditu, bere gorputzaren bikoitza izatera hel daitezkenak.[5] Hanka handiak eta indartsuak ditu, zuhaitzetatik gora eta behera abileziaz eskalatzeko eta ibiltzeko balio dizkionak.

Oso kakalardo deigarria da bere kolore kontraste biziagatik eta adar luzeengatik, beste kakalardo espezietatik bereiztea erraza da. Kasu oso arraroetan kakalardo hauek guztiz urdinak ala guztiz beltzak izan daitezke. Gure begietara deigarria egin arren, kakalardo honen kolorazioa kamuflaje egokia da bere habitatean, argi-ilunez beteriko basoetan, hori da bere urdin-gisaxka eta orban beltzen egitekoa hain zuzen ere, basopeko argi eta itzaletan nahastea. Zenbait ikerketek kamuflajeaz gain intsektu hauen kutikula-egituraren propietate termikoak ere aztertu dituzte, egiturak berak eta baita kolorazioak gorputzaren tenperaturan, eta beraz, termoregulazioan nolabaiteko eragina izan zezaketen aztertzeko.[6]


Espezie honen kakalardoak 2-3 urte bizi dira, bizi gehiena larba moduan ematen dute eta heldutan pare bat aste baino ez dira bizi.[7]

Taxonomia

aldatu

Alpetar kakalardo adarluzearen lehenengo deskribapen zientifikoa Linneok egina da, 1758-ko "Systema naturae" famatuaren 10. edizioan. Linneok hasiera batean Cerambyx alpinus izena ipini zion Suitzan deskubritutako kakalardo honi. Garai hartan Linneok 3 genero baino ez zituen deskribatzen kakalardo adarluzeen (Cerambycidae) familian; Necydalis, Leptura eta Cerambyx eta azken honetan sartzea erabaki zuen. Cerambyx alpinus izan zen erabakitako izena, alpinus hitz latinoak "alpetar", "alpe inguruetan bizi dena", "mendialdeko" edo "gailurretako" esan nahi du eta inguru horietan aurkitu izanari egiten dio erreferentzia, nahiz eta gaur egun jakin badakigun espezie honen banaketa eremua Alpe inguruetatik eta gailur inguruetatik haratagokoa ere badela. Hamarkada batzuk beranduago egingo ziren berrikuspenen ondorioz, Servillek izen zientifikoa aldatu eta 1833. urtean Rosalia alpina izena ipiniko zion, gaur egunera arte mantentzen dena.[8] Espezie honen euskarazko izenak lehenagoko "alpinus" eta geroagoko "alpina" izen zientifikoari egiten dio erreferentzia.

Ekologia

aldatu
 
Alpetar adarluze larbek enbor batean eginiko zuloa

Alpetar adarluzeak basoaren ekosisteman paper garrantzitsua jokatzen du eta baso zahar zein helduen osasunaren bioadierazleak dira.[9] Bere larbak usteltze bidean dagoen egur hilez elikatzen dira eta horrek egur hilak bere baitan mantentzen dituen mantenugaiak askatu eta berriro ere lurrera itzultzen laguntzen du. Animalia saproxilikoak eta deskonposatzaileak dira eta materia hilaren deskonposaketaren azeleratzaile apartak, batez ere enbor eta adar handi eta gogorrak desponposatzeko lanetan. Onddo, bakteria eta bestelako mikroartropodo deskonposatzaileen sarrera erraztu egiten dute, alpetar adarluzeen larba jatun eta indartsuen laguntzarik gabe hauek zailtasun handiagoak izango baitzituzten egurraren azal gogorran sartu eta deskonposatzen hasteko. Beraz, putreek edo saiek sarraskiak irekitzen eta garbiketa azkartzen duten modu berberan adarluze kakalardoek egur hiletan zuloak, arrakalak eta sarrerak irekitzen dituzte beste deskonposatzaileei lana erraztuz. Kakalardo hauek, beraz, mantenugai-zikloan eta materia organikoaren deskonposaketan paper garrantzitsua betetzen dute, lurra ongarrituz, aberastuz, landareen eta zuhaitz berrien garapena ahalbidetuz eta basoa bera osasuntsu mantenduz.

Bizi-zikloa

aldatu
Bikote bat estalketan (bideo)


Alpetar kakalardo adarluzearen bizi-zikloa 2 edo 3 urtetan osatzen da. Larbak egur hilaz elikatzen dira (zuhaitz hiletan edo atalen bat hila duen zuhaitz bizietan)[10] eta oso gustuko dute pagoaren egurra, baina beste espezie batzuetaz ere elikatzen dira. Bigarren edo hirugarren urtearen udaberrian edo udaren hasieran larbak pupa estadiora heltzen dira eta ekain-uztaila bitartean sortu berri diren helduak atera egiten dira.[11] Orduan helduak hegan egingo dute bikotea topatu eta ugaltzeko helburuarekin eta eme ernalduek arrautzak beste egur hil batzuetan ipiniko dituzte (enborren arrakala batean)[12][13][5] bizi-zikloa berriro hasiz. Helduak bi astez bizi dira gehienez[7] eta helburu bakarra ugaltzea dute. Helduak gehienbat ekaina eta abuztu bitartean ikusi ahal dira baina maiatza eta iraila bitartean ere ikusteko aukera egon badago.[11] Helduak egunez mugitzen dira eta lore inguruetan aurki daitezke (polena jaten dutelako hala behar izatekotan)[12], baina hildako enborretan eta egurretan ikustea askoz errazagoa da, beren funtzio nagusia estaltzea edo ugaltzea baita.[11]


Larbek egurretan zulo sakonak egiten dituzte hauetaz elikatzen diren bitartean, zulo horiek bere gotorlekuak izango dira hazte eta garatze-prozesuan, prozesu horretan handitzen joango dira 2 edo 3 urtez. Larbak bere azken etapan hibernatu eta negua pasa ondoren, udaberrian, pupa bihurtuko dira.[14] Pupa etapa bukatzean helduak eta indibiduo erabat garatuak bihurtzen dira. Heldutan izango duten bizitza laburra (pare bat aste gehienez jota) bikotea bilatzeko eta ugaltzeko erabiliko dute, egunez hegan eginez eta mugituz. Noizean behin loreen polenaz elikatu daitezke energiak hartzeko, baina beti ere bikotearen bilaketa eta ugalketa lehenetsiz. Emea ernaldua dagoenean egur hilaren hautaketa egokia egingo du bertan arrautzak egurraren arrakaletan sartzeko,[13][5] askotan esplotaziopeko egur pilak hautatzen dituzte, gerora egur esplotatzaileek hartuko dituztenak, bertan ipinitako arrautza guztientzat hondamendia suposatuz.[12] Kakalardo espezie gehienetan bezala, 2 arrek eme baten presentzian elkar topo egiten badute haien artean borrokatuko dira emearekin kopulatzeko eskubidea irabazteko.[5]


Zuhaitz zaharrez beteriko baso helduak oso garrantzitsuak dira espezie honentzat eta orokorrean biodibertsitate guztiarentzat, espezie askok hauen beharra baitute beren bizi-zikloa gauzatzeko.[15]

Bizilekua

aldatu

Baso hostogalkorretan bizi da, askotan pagadietan, baina baita beste espezie batzuetan ere, hala nola xarma, lizar, sahats, intxaurrondo, Picea, udareondo eta Quercus) generoetan ere[16], itsas mailatik 2000 metroko garaieraraino. Euskal Herrian munduan lehen aldikoz gereziondo batean ere larbak topatuak izan dira.[10] Baso zaharrak hobesten ditu. Baso horietan usteltzen ari diren zuhaitzetako enborretan garatzen dira larbak.[3][4]

Argi eta itzalak tartekatzen dituen basoak atsegin ditu baina ikerketa ezberdinen arabera, eguzki-izpi zuzenak ekiditzen ditu eta nahiago du itzalpean ibiltzea.[17]

Harrapariak

aldatu

Animalia hauek bere tamaina txikia dela eta harrapari ugari dituzte bere bizi-zikloaren fase guztietan; horien artean nagusiki hegazti ezberdinak (okilak maisuak dira enborren barruan dauden larbak ehizatzeko), muskerrak eta beste artropodo batzuk.

Banaketa

aldatu

Hegoaldeko eta erdialdeko Europan banaturik dago, Kantauriar mendikatetik Kaukaso eta Uraletaraino.[4] Euskal Herriko probintzia guztietan atzeman da,[3][16][18] baita hiri inguruko eremu basotsu ondo kontserbatuetan ere, Gasteizko eraztun berdea horren adibide.[19]

Kontserbazioa

aldatu

IUCNren Zerrenda Gorrian espezie kalteberatzat hartua da.[20] Bere bizilekuen galera dela-eta, Europar Batasuneko Habitaten zuzentarauak arriskuan dauden animalien zerrendan kokatu du.[16] Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan interes berezikoen kategorian sartu zuten.[21]

Mehatxuak

aldatu

Alpetar kakalardo adarluzeak pairatzen duen mehatxurik handiena bere habitataren desagerpena eta zatiketa da. Kakalardo hauen bizileku egokiena baso zaharrak eta egur hilez beteriko ondo kontserbatutako basoak dira. Zuhaitz hil lodiak lehenesten ditu, gutxienez 25 cm-ko diametroa dutenak (50 cm-ko diametrotik gora daudenak hobetsiz)[22]. Tamaina hauek baso zaharrek bakarrik bermatzen dituzte, pagamotzak edo lepatutako pagoak bizileku egokiak ere badira enborren lodiera handia dela eta (paisai kultural honetako zuhaitzak zaharrak baitira, egur hil dexenterekin)[22][23], baina paisai kultural hauen galerak eta baso natural zaharren existentzia ezak gainbehera larrian ipini dute kakalardo espezie hau. Beraz, baso natural zahar eta helduak ez izatea eta gaur egungo basogintza eta landaketen esplotazio praktika gogorrak; hala nola basoa "garbitzea" egur hila kenduz edo zuhaitzak osorik kentzea eta berriengatik (gazteengatik) ordezkatzea dira espezie honentzat mehatxurik handienak.[24]

Kontserbazio neurriak

aldatu

Egur hila duten basoek egur hila ez dutenek baino biodibertsitate nabarmen handiagoa dute,[25] eta biodibertsitate horren parte zuzena da alpetar adarluzea. Baso zaharrak eta helduak (zuhaitz lodiak dituzten basoak) kontserbatzea, habitatak babestea eta zuhaitz hilak (zutik zein erorita daudenak) bertan uztea urrats garrantzitsuak lirateke espezi honen populazioak salbu mantentzeko.[26][24] Baso hauen elkarrekiko lotura ere garrantzitsua da kakalardo hauen eta orokorrean biodibertsitate guztiaren mugikortasuna errazteko. Beste neurri bat izan daiteke espezie saproxilikoen kalteberatasunez eta garrantziaz dibulgatzea jendea jabetu dadin espezie mehatxatu hauen egoera lazgarriaz. Aragoiko Dehesa de Moncayo natura parkean alpetar kakalardo adarluzearen egoeraz dibulgatzeko "intsektuen hotel" propio bat (pago hil bat eta egur hil lodiak) egin zuten espezie honentzat 2020. urtean,[27] eta espeziearen jarraipenaz aritzen ziren teknikariek egiaztatu zuten arrakastaz lortu zutela zenbait ale erakartzea.[28]

Erreferentziak

aldatu
  1. Rosalia alpina. Euskalterm, euskadi.eus (kontsulta data: 2019-11-18).
  2. Rosalia alpina (Linnaeus, 1758). gbif.org (kontsulta data: 2019-11-19).
  3. a b c Aranzadi Zientzi Elkartea. Amorebieta-Etxanoko natur ingurunearen analisia. Amorebieta-Etxanoko Udala, amorebieta-etxano.eus (kontsulta data: 2019-11-19).[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b c Campanaro A., Redolfi De Zan L., Hardersen S., Antonini G., Chiari S., Cini A., Mancini E., Mosconi F., Rossi de Gasperis S., Solano E., Bologna M.A., Sabbatini Peverieri G.. Guidelines for the monitoring of Rosalia alpina. In: Carpaneto G.M., Audisio P., Bologna M.A., Roversi P.F., Mason F. (Eds) Guidelines for the Monitoring of the Saproxylic Beetles protected in Europe. Nature Conservation 20: 165-203, natureconservation.pensoft.net (kontsulta data: 2019-11-19).
  5. a b c d IngurumenaEJGV. (2021-07-11). Alpetar adarluzea. (kontsulta data: 2025-02-21).
  6. Pavlović, Danica; Vasiljević, Darko; Salatić, Branislav; Lazović, Vladimir; Dikić, Goran; Tomić, Ljubiša; Ćurčić, Srećko; Milovanović, Petar et al.. (2018-08-01). «Photonic structures improve radiative heat exchange of Rosalia alpina (Coleoptera: Cerambycidae)» Journal of Thermal Biology 76: 126–138.  doi:10.1016/j.jtherbio.2018.07.014. ISSN 0306-4565. (kontsulta data: 2025-02-19).
  7. a b «Cienciaes.com: Tecnología y belleza en el mundo de los insectos. | Podcasts de Ciencia» cienciaes.com (kontsulta data: 2025-02-18).
  8. Société entomologique de France.; France, Société entomologique de; France, Société entomologique de. (1833). Annales de la Société entomologique de France. La Société (kontsulta data: 2025-02-18).
  9. (Gaztelaniaz) «Mundo Artrópodo - Revista de Entomología y Aracnología Ibérica- Edición 12» Mundo Artrópodo - Revista de Entomología y Aracnología Ibérica 12: 42..
  10. a b «Arriskuan dagoen kakalardoa, lehen aldiz gereziondoan - Asteasu» Tolosaldeko ataria (kontsulta data: 2025-02-19).
  11. a b c (Gaztelaniaz) Rosalia alpina. Ministerio de Medio Ambiente (Espainiako Gobernua).
  12. a b c (Ingelesez) «Blue Longhorn Beetle: Identification, Life Cycle, Damage, FAQs» Exploring the Fascinating World of Insects - Entomologist.net (kontsulta data: 2025-02-19).
  13. a b Juan Manuel Pérez de Ana. (2018-08-12). Rosalia alpina poniendo huevos. (kontsulta data: 2025-02-21).
  14. (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Rosalia alpina (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (kontsulta data: 2025-02-19).
  15. «Bizitza arbola hondatuan» Berria 2024-04-30 (kontsulta data: 2025-02-21).
  16. a b c Viñolas, A. eta Vives, E.. Rosalia alpina. In VV.AA., Bases ecológicas preliminares para la conservación de las especies de interés comunitario en España: Invertebrados. Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente. Madrid. 59 pp., miteco.gob.es (kontsulta data: 2019-11-19).
  17. Castro, A.; Drag, L.; Cizek, Lukas; Fernández, J.. (2019). «Rosalia alpina adults (Linnaeus, 1758) (Insecta, Coleoptera) avoid direct sunlight» Animal Biodiversity and Conservation 42 (1): 59–63. ISSN 2014-928X. (kontsulta data: 2025-02-19).
  18. Natura 2000 Sites designed to Rosalia alpina (Linnaeus, 1758). inpn.mnhn.fr (kontsulta data: 2019-11-19).
  19. Europan mehatxatutzat jotako bi kakalardo mota antzeman dituzte Gasteizen: kakalardo adardun bat Olarizuko lorategi botanikoan eta alpetar kakalardo adarluze bat Betoñuko aintziran « Prentsa oharrak. (kontsulta data: 2025-02-19).
  20. World Conservation Monitoring Centre. Rosalia alpina. The IUCN Red List of Threatened Species 1996: e.T19743A9009447 (kontsulta data: 2019-11-19).
  21. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .
  22. a b «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-02-20).
  23. Aranzadi. «Rosalia Alpina espeziearen aukeraketa paisai kultural batean: Entomologiako sailaren argitalpen berria» Aranzadi (kontsulta data: 2025-02-20).
  24. a b (Gaztelaniaz) «Mundo Artrópodo - Revista de Entomología y Aracnología Ibérica - Edición 12» Mundo Artrópodo - Revista de Entomología y Aracnología Ibérica 12: 40-42..
  25. (Gaztelaniaz) «Los bosques con madera muerta tienen un 23% más de biodiversidad | CREAF» www.creaf.cat 2025-02-03 (kontsulta data: 2025-02-20).
  26. (Gaztelaniaz) «Rosalia alpina» A. Viñolas eta E. Vives (Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente): 41..
  27. Esta es mi tierra Aragon TV. (2020-10-20). La Rosalía Alpina, una especie amenazada. (kontsulta data: 2025-02-21).
  28. (Gaztelaniaz) ArainfoNoticias. (2020-08-22). «La Rosalia alpina: el Parque Natural del Moncayo estudia, divulga y conserva de este insecto amenazado» AraInfo · Diario Libre d'Aragón (kontsulta data: 2025-02-21).

Kanpo estekak

aldatu