Adela Ibabe

Andereñoa

Adela Ibabe Ortueta (Aramaio, Araba, 1945eko azaroaren 23aBarakaldo, Bizkaia, 1973ko otsailaren 11) ikastolako andereñoa izan zen Arrasaten (Gipuzkoa), 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran. 1973an, ezkongabe haurdun zela, legez kanpoko abortu ebakuntza baten ondorioz hil zen.[1] Garaiko giro sozialean heriotzak sortu zuen samina eta ezinegona jaso zuen Oskorri taldeko Natxo de Felipek eta Gabriel Arestik idatzi zuten Adela abestiarekin.[2]

Adela Ibabe

Adela Ibabe andereñoa, Arrasaten egindako kaleko ekitaldi batean, 1970. urtearen inguruan.
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAdela Ibabe Ortueta
JaiotzaAramaio1945eko azaroaren 23a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaBarakaldo1973ko otsailaren 11 (27 urte)
Heriotza modua: abortua
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmaisu/maistra

Bizitza

aldatu

Adela Ibabe Aramaioko Zubietagainekoa baserrian jaio zen, eta bosgarrena izan zen zortzi anai-arrebaren artean. Gasteizen Hezkuntzan diploma lortu eta segituan hasi zen Adela andereño lanetan. Lehenengo, hilabete batzuk egin zituen Oñatiko eskoletan, baina, berehala, 1968. urtean, Debagoieneko beste bi lagunekin batera, proiektu handi batean murgildu zen: Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren sorreran.

Arrasateko ikastola jaioberrian andereño hasi eta urte gutxira, bete-betean harrapatu zuen Adela ikastolen instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak. Orduan izandako borroken tamainaren adierazle dira ikastola askotan izandako kaleratze masiboak. Lehenengo kanporatzeak Urretxuko ikastolan izan ziren, Gipuzkoan. Han, 1970-71 ikasturtean, hamar maisu-maistra kanporatu zituzten. Hurrengo hilabeteetan, irakasle gehiago bota zituzten, besteak beste, Andoainen, Ondarroan, Barakaldon, Algortan, Leioan, Deustun, Oñatin eta Arrasaten. Kaleratze horiek guztiak ez ziren gertatu arrazoi berberengatik, baina, kasu gehienetan, zergatien artean zeuden erlijioaren auzia, politika, maisu-maistren bizitza pribatuaren zuzentasuna eta, kasuren batean, eredu pedagogikoa.[3]

Heriotza

aldatu

1973an, ezkongabe zela, haurdun geratu zen Adela Ibabe eta abortatzea legez kanpokoa zen ingurunean, abortatzea erabaki zuen. Ebakuntza Frantziatik etorritako mediku batek egin zuen Irungo etxebizitza batean. Bertan gaua igaro eta gero itzuli zen Adela Debagoienera. Baina, txarto sentitzen zenez, eraman zuten Arrasateko Ospitalera: eskualdeko medikuek baieztatu zuten emakumeak barne odoljarioa zuela eta larri zegoela. Anbulantzian bidali zuten Gurutzetako Ospitalera. Ordu gutxira hil zen Adela, Barakaldoko eritegian. 1973ko otsailaren 11 zen.

Ondorio judizialak izan zituen heriotzak, abortua bera ere legez kanpokoa izan baitzen. Ospitalera Ibabe eraman zuten bi lagunak deklaratzera deitu zituzten, baina azkenean auzipetzetik libre geratu ziren, Miguel Castells abokatuaren laguntzarekin. Frantses medikua, ordea, auzipetu zuten, eta Juan Mari Bandres abokatua arduratu zen haren defentsaz. Prozesuaren amaieran medikua kartzelatu zuten, baina denbora gutxira libre atera zen.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Arana, Goio. (2012-12-11). «Adela, geurea» Sustatu (Noiz kontsultatua: 2017-12-08).
  2. «Adela (Oskorri)» YouTube 2013-03-18 (Noiz kontsultatua: 2017-12-08). Gabi de la Mazak apailatutako karaoke bideoa.
  3. Fernandez Fernandez, Idoia. (1994). Oroimenaren hitza: Ikastolen historia 1960-1975. UEU ISBN 84-86967-62-7..

Kanpo estekak

aldatu