Élisabeth Vigée Le Brun
Élisabeth Vigée Le Brun (Marie Élisabeth Louise Vigée; Paris, 1755eko apirilaren 16a - ibidem, 1842ko martxoaren 30a) margolari frantsesa izan zen. XVIII. mendeko emakumezko margolaririk garrantzitsuena kontsideratzen da.
Élisabeth Vigée Le Brun | |||
---|---|---|---|
1776ko azaroaren 30a - | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Paris, 1755eko apirilaren 16a | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Bizilekua | Louveciennes Aita Santuen Lurraldea Viena San Petersburgo Paris Suitza | ||
Heriotza | Paris, 1842ko martxoaren 30a (86 urte) | ||
Hobiratze lekua | Louveciennes Cemetery (en) | ||
Familia | |||
Aita | Louis Vigée | ||
Ama | Jeanne Maissin | ||
Ezkontidea(k) | Jean-Baptiste Le Brun (1776ko urtarrilaren 11 - | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Haurrideak | ikusi
| ||
Familia | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Irakaslea(k) | Louis Vigée (en) Gabriel Briard (mul) | ||
Ikaslea(k) | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | margolaria, salonnièrea, idazlea eta artista | ||
Lantokia(k) | Viena Anberes Brusela Paris Versailles Berlin Erroma Amsterdam Haga Rotterdam Errusia eta Londres | ||
Lan nabarmenak | |||
Kidetza | Académie royale de peinture et de sculpture (en) Académie de Saint-Luc (en) | ||
Mugimendua | Rokokoa neoklasizismoa | ||
Genero artistikoa | erretratua erretratua paisaia margolaritza | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | katolizismoa | ||
Bere estilo artistikoa orokorrean Rokokoaren ondorengotzat hartzen da, nahiz eta askotan estilo Neoklasikoa jarraitzen zuen. Dena den, Vigée Le Brun ezin daiteke artista guztiz neoklasikotzat hartu. Izan ere, Marie Antoinette erreginarentzat erretratugile bezala lan egin zuen bitartean, Vigée Le Brunek modu guztiz rokokoan jardun zuen, bai koloreen baita estiloaren aukeraketan ere.
Vigée Le Brunek guztira 660 erretratu eta 200 paisai inguru egin zituen. Marraztu zituen pertsonen artean, Frantziako Marie Antoinette erregina eta bere familia, Katalina II.a Errusiakoa enperatriza eta bere familia, Prusiako errege familia, Poloniako azken erregea, Lord Byron poeta ingelesa, eta garaiko printze eta noble asko aurkitzen dira [1]. Arte bilduma pribatuez gain, bere lanak Hermitage museoan, Louvre museoan, Londresko National Galleryn eta Europako nahiz Estatu Batuetako museo desberdinetan aurki daitezke.
Haurtzaroa
aldatuÉlisabeth Vigée Parisen jaio zen, 1755ko apirilaren 16ean. Bere gurasoak, Louis Vigée (erretratugilea) eta Jeanne Maissin (ile-apaintzailea) izan ziren [1]. Anaia gazteago bat zuen, Louis Jean Baptiste Etienne, 1758an jaioa.
Élisabethek 3 hilabete zituenean, gurasoek Épernon ondoko etxalde batera bidali zuten, eta zenbait urtez bertan bizi izan zen, emakume nekazari baten zaintzapean [1]. Bospasei urte zituela, gurasoek Couvent de la Trinite komentura bidali zuten.
Bertan 7 urte inguru igaro ondoren, Parisera itzuli zen bere familiarekin bizitzera. Aitaren agindupean margoketa eskoletara joaten hasi zen, eta aitak alaba bere margo eta arkatzekin esperimentatzen uzten zuen [1]. Dena dela, Élisabethek aitarekin hilabete gutxi eman ahal izan zituen, hura 1767ko maiatzean hil zen eta. Aitarengandik marrazketarekin lotutako lehen ikaskuntzak jaso zituen arren, bere memorietan Élisabethek txikia zenetik margoketarekiko lotura berezia sentitu zuela azaltzen du [2]:
« | Nire haurtzaroa, nire bizitza osoaren irudia da, margoketarekiko sentitzen dudan maitasuna nire umezaroan azaldu baitzen. 6 urte nituela gurasoek barnetegi batera bidali ninduten, eta bertan 11 urte bete arte egon nintzen. Urte horietan zehar, edonon eta edonoiz zirrimarrak egiten nituen; nire koadernoak, baita nire ikaskideenak ere, buruen marrazkiekin, buru osoak, perfilean, dekoratzen nituen orrien bazterretan. Logelaren paretan aurpegiak eta paisaiak marrazten nituen koloretako klarionekin. Beraz, erraza da imajinatzea noizero zigortzen ninduten ura eta ogia jatera. Kanpoan igarotzen nuen denbora libreaz baliatuz, burura etortzen zitzaidan edozein irudi marrazten nuen lurrean. Zazpi edo zortzi urte nituela, argiontzi baten laguntzaz gizon bizardun baten marrazkia egin nuen, oraindik gordetzen dudana. Nire aitak marrazkia ikusi zuenean, zorionez beterik oihukatu zuen: “Margolaria izango zara neska!". | » |
Élisabethen aita hil eta hilabete gutxira, bere ama Jacques-François Le Sevre izeneko urregin aberatsarekin ezkondu zen. Ondorioz, familia Errege Jauregitik gertu zegoen apartamendu batera joan zen bizitzera. Élisabethek marrazketa eta margoketarekin jarraitu zuen, bilduma pribatuetako margo-lanak kopiatuz eta senide desberdinen erretratuak eginez, inongo maisuren irakaskuntzarik gabe trebatuz. Hiru urteren barruan, 15 bat urte zituela, erretratuak modu profesionalean egiten hasi zen [1]. Beranduago, Luis Filipe II.a Orleansko Dukearen emaztea Élisabethen bezero bihurtu zen, eta garai honetan margolariak Gabriel François Doyen, Jean-Baptiste Greuze, Joseph Vernet eta garaiko beste maisuen aholku eta laguntza jaso zituen.
Gaztaroa
aldatuLizentziarik gabe margoketan lan egiteagatik, 1774ean bere estudioa konfiskatua izan zen, eta ondorioz Academie de Saint Luc-eko kide izateko eskaera egin zuen [1]. Zenbaitetan Saint Luc-eko aretoan bere lanetako batzuk erakutsi arren, erakusketa ofiziala urte horren amaieran egin zuen, akademiako kidea izateko onartua izan ondoren.
1775ean bere familiarekin apartamendu berri batera bizitzera joan zen, non garai horretan Jean Baptiste Pierre Le Brun (1748-1813) izeneko artista eta arte merkataria bizi zen. Le Brunek Élisabeth gaztearengatik interes handia erakutsi zuen eta bere bildumako margolan desberdinak kopiatzen utzi zion. Hurrengo urtean, Jean Baptiste eta Élisabeth ezkondu egin ziren [1]. Gainera, Élisabethek bere lehenengo errege-enkargua jaso zuen, erregearen anaia zen Proventzako kondearen eskutik. Urte hauetan, Élisabeth garaiko noblezia margotzen eta modan zeuden areto desberdinetan maiztasunez erakusketak egiten hasi zen [1]. 1780ko otsailaren 12an, Jean Baptisten eta Élisabethen alaba jaio zen: Jeanne Julie Louise, “Julie” (1780-1819) [1].
1781ean, margolaria eta bere senarra Flandes eta Herbehereetara bidaiatu ziren, non flandriar artisten margolanek teknika berriekin probatzeko inspiratu zuten. Bertan, noble desberdinen erretratuak egin zituen, baita Nassauko printzearena ere.
1784ean, Élisabeth bigarren aldiz haurdun geratu zen, baina zoritxarrez haurra galdu egin zuen [1]. Hurrengo urtean, Academie Royal-eko aretoan itzelezko hainbat margolan erakutsi zituen, kritika gehienak atseginak izan zirelarik [1].
1787an, bere autoerretratuetako batekin eskandalo publiko txikia sortu zuen, bere burua aho irekiarekin irribarre egiten irudikatu baitzuen –garai horretako margoketa arauak hautsiz-. Mémoires secrets gorteko berriketa-egunkariak hau zioen eskandaloari buruz:
« | Artistak, artezaleak eta gustu oneko pertsonak asmo hori gaitzesteko batu gara. Gainera, antzinako garaietan aurrekaririk ez duen zerbait, irribarre egitean (Madame Vigée- Lebrunek) hortzak erakustea izan da.[3] | » |
Marie Antoinette erreginarekin harremana
aldatuÉlisabethen karrerak gora egitearekin batera, 1778an Versaillesko jauregira gonbidatua izan zen Marie Antoinette erreginaren babespean. Urte honetan, margolariak erreginaren lehenengo erretratua egin zuen. Erregina hain pozik zegoen margolariaren lanarekin, hurrengo 6 urteetan Élisabethek errege familiaren 30 erretratu baino gehiago egin zituela, sarritan Marie Antoinetten erretratugile ofizialtzat hartua izan zelarik.
Élisabethek erreginaren irudia hobetzen lagundu zuen, Marie Antoinette bere seme-alabekin irudikatuz eta publikoari erreginaren gertuagoko irudi bat eskainiz, majestateak garai horretan jaso zituen prentsa eta kritika txarrei aurre egiteko. Bere aldetik, erreginaren laguntza eta eragina ezinbestekoak izan ziren Élisabeth Frantziako Académie Royale de Peinture et de Sculpture-an onartua izan zedin, hau 1783an gertatu zelarik. [4] Izan ere, hasiera batean Élisabeth akademian onartzeari uko egin zioten, itxuraz bere senarra arte merkataria zelako. Baina, azkenean, Luis XVI.a erregeak Élisabeth onartzeko agindua eman zuen, Marie Antoinette bere senarra margolariaren alde jokatzera bultza zuelako. Élisabethek akademiarentzat erretratu asko aurkeztu zituen arren (horien artean La Paix qui ramène l'Abondance margo historiko-alegorikoa), akademiak ez zuen bere lana arte mota edo estilo zehatz batean kokatu, ez historian ezta erretratugintzan ere. 1789an, Alexander Kucharskyk gorteko margolari bezala ordezkatu zuen.
Frantziako Iraultzaren ostean
aldatu1789ko urrian, Parisko jendetzak Versaillesko jauregia indarrez hartu eta errege familia atxilotzearekin batera, Élisabethek bere alaba hartu eta Italiara ihes egin zuen [1]. Hasiera batean bere intentzioa Frantziara itzultzea zen arren, 12 urte erbeestean igaro zituen, Italian, Austrian eta Errusian, noble eta errege familia desberdinentzat lan egiten. Bere izena erbesteratuen zerrendara gehitu zenez, Frantziako hiritar bezala bere eskubide guztiak galdu zituen. Gainera, bere ondasunak Gobernu Iraultzailearengatik konfiskatuak izateko agindu zen. 1792ko abuztuan, Jean Baptiste Pierre Le Brunek bere emaztearen izena erbesteratuen zerrendatik kentzeko eskari formala egin zuen, baina ezezkoa jaso zuen [1]. Le Brun-ek bere emaztearen eskubideen alde borrokatzen jarraitu zuen arren, kartzelatik pasa ondoren, 1794ean dibortzioa eskatu zuen, gehienbat bere burua eta bere ondasunak babesteko asmoz [1].
Italia (1789-1792)
aldatu1789ko azaroan Erromara iritsi ondoren, Élisabeth Academie de France-n finkatu zen. Hurrengo urtean, Florentziako Uffizi museorako autorretratu bat egin zuen. Erroman, bere margolanek arrakasta handia izan zuten kritikoen artean, eta Erromako Accademia di San Luca-ko kide izateko onartua izan zen [1].
Austria (1792-1795)
aldatuMilanen (Italia) zegoela, Austriako enbaxadoreak Élisabeth Vienara joateko konbentzitu zuen, bere aurrekari monarkikoak zirela eta, irabazi handiak lortzeko aukera izango zuelakoan. Austriako hiriburura iritsi eta gutxira, hiriko inguruetan etxe bat alokatu zuen. Vienan izan zituen bezero gehienak Austriako eta Poloniako nobleak izan ziren [1].
Errusia (1795-1801)
aldatu1795eko ekainean, Élisabeth San Petersburgora iritsi eta Neguko Jauregitik gertu etxe bat alokatu zuen. Errusian, Élisabethek bertako familia inperiala, noble garrantzitsu asko eta Poloniako azken erregea erretratatu zituen. Hauek, euren aldetik, margolaria babestu eta behar zuen guztia eskaini zioten. Ondorioz, 6 urteen buruan dirutza nahiko handia bildu zuen [1]. Estetika frantsesa Errusian nahiko mirestua zen arren, onargarria zenaren eta ez zenaren inguruan kultura-desberdintasunek eragin esangarria zuten. Izan ere, Katalina Nagusia enperatriza ez zen pozik agertu, hasiera batean, Élisabethek bere bilobak ziren Elena eta Alexandra Pavlovnaz egin zuen erretratuarekin, soinekoen mahukak agerian uzten zuen azal zati handiegia zela eta. Katalinari atsegina ematearren, Élisabethek mahukak luzeagoak gehitu zizkien margolaneko soinekoei, lanean bere estilo bereizgarria islatuz. Katalina Nagusiak Élisabethen lana hainbeste atsegin izan zuen, erretratu bat egiteko berarentzat esertzea onartu zuela. Zoritxarrez, Katalina apoplexia batek jota hil zen 1796ean, Élisabeth erretratua egiten hasi baino lehen [5].
1798an, Élisabethen bi margolan San Petersburgotik Parisko aretora bidali ziren. Hurrengo urtean, Frantziako Direktorioko sesio batean, 8 artistek 255 artista, idazle eta zientzialariek sinatutako dokumentu bat aurkeztu zuten Élisabeth Vigée Le Brunen alde [1].
1800ean, bere senar ohiaren eta lagun askoren borroka luzearen ondorioz, Élisabethen izena iraultzaren aurkako erbesteratuen zerrendatik behin betiko ezabatu zen, Frantziara itzultzeko aukera berreskuratu zuelarik. Urte horretan ere, San Petersburgoko Arte Ederretako akademiako kide bezala onartu zuten [1].
Itzulera erbestetik
aldatuUrte askoren ondoren, 1802an Élisabeth Frantziara itzuli zen. Dibortziatua egon arren, Le Brun hotelean instalatu zen [1]. Margolariaren harremana Napoleon I.aren erregimen berriarekin ez zen guztiz atsegina izan, ziurrenik Élisabeth monarkiko sutsua eta Marie Antoinette erreginaren margolari ohia zelako.
Europako elitearen eskakizunei erantzunez, 1803an Élisabethek Ingalaterrara bidaiatu zuen, eta bertan Britainia Handiko zenbait pertsona ospetsuren erretratuak marraztu zituen, Galeseko Printzearena eta Lord Byron idazlearena, besteak beste. 1807an, Suitzara bidaiatu eta Genevako Société pour l'Avancement des Beaux-Arts-eko ohorezko kide izendatu zuten.
Azkeneko urteak
aldatuBerrogeita hamar urte zituela, Élisabethek margoketan oraindik oso modu aktiboan jarduten zuen. 1809an Louveciennesen etxe bat erosi zuen, eta bertan bizi izan zen, gerra garaian Prusiako armada bere etxeaz jabetu zen arte. 1819an, Élisabethen alaba bakarra, Julie, hil egin zen [1]. 1835ean, bere bi iloben laguntzarekin, Élisabethek bere memoriak idatzi zituen [1]. 1841ean, artistak apoplexia bat sufritu zuen, ikaragarri ahul utzi zuena [1]. 1842ko martxoaren 30ean, Élisabeth Vigée Le Brun Parisen hil zen, arteriosklerosi batengatik ziurrenik [1]. Louveciennes-eko hilerrian lurperatuta dago, bere etxe ohitik gertu. Bere hilarriko epitafioan honela irakur daiteke: Ici, enfin, je repose... (Hemen, azkenean, atseden hartzen dut).
Galeria
aldatu-
"Autoerretratua, 1871-2"
-
"Autoerretratua bere alabarekin, 1789"
-
Autoerretratua, 1790
-
Autoerretratua, 1800
-
Etienne Vigée (artistaren anaia), 1773
-
Julie (artistaren alaba), 1787
-
Julie (artistaren alaba), 1789-1792
-
Julie (artistaren alaba), 1792
-
Marie Antoinette erregina, 1778
-
Marie Antoinette erregina, 1783
-
Marie Antoinette erregina, 1783
-
Marie Antoinette erreginaren seme-alabak, 1784
-
Marie Antoinette erregina, 1785
-
Sophie Beatrice Frantziakoa, 1786
-
Elizaveta Alexeievna Errusiako Enperatriza, 1795
-
Elizaveta Alexeievna Errusiako Enperatriza, 1795
-
Maria Feodorovna Errusiako Enperatriza, 1799
-
Elizaveta Alexeievna Errusiako Enperatriza, 1802
-
Stanislaus Augustus Poniatowski, Poloniako azken erregea, 1797
-
Louise, Prusiako Erregina, 1801
-
Caroline, Napoleseko Erregina, 1807
-
Karl Nassau-Siegenekoa, 1776
-
Claude Joseph Vernet margolaria, 1778
-
Madame du Barry, 1781
-
Madame Grand, 1783.
-
Charles-Alexandre de Calonne, 1784
-
Bacchante, 1785.
-
Cèrés-eko kondesa, 1784
-
Madame Molé-Reymond, 1786
-
Pezay-ko markesa eta Rougé-ko markesa euren semeekin, 1787
-
Emma, Lady Hamilton, 1792
-
Alexandra Golitsyna printzesa bere seme Piotr-ekin, 1794
-
Ekaterina Vladimirovna Apraxine kondesa, 1796
-
Skavronskaia kondesa, 1796
-
Boris Yusupov printzea, 1797
-
Ivan Variatinsky printzea, 1800
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Élisabeth Vigée Le Brun |
- http://www.batguano.com/vigeeartpages.html "Vigée Le Brunen margolan guztiak" - Artistaren margolan ia guztiak, margolan bakoitzari buruzko xehetasunekin, ingelesez]
- http://www.batguano.com/vlblsmemoirs.html "Vigée Le Brunen memoriak" -Artistak idatzitako memoria osoak, ingelesez]
- http://www.batguano.com/vigeepaints.html "Vigée Le Brunen margolanen zerrenda osoa" -Artistak idatzitako zerrenda, non berak egindako margolan guztiak kronologikoki azaltzen diren, ingelesez]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x http://www.batguano.com/vlbchrono.html
- ↑ http://digital.library.upenn.edu/women/lebrun/memoirs/memoirs.html#I
- ↑ Jones, Colin. (2002). The Great Nation. Penguin, 364 or. ISBN 9780140130935..
- ↑ http://www.biography.com/people/elisabeth-vig%C3%A9e-le-brun-37280#career-and-success-in-paris
- ↑ Elisabeth Vigée Le Brun: the odyssey of an artist in an age of revolution/Gita May