Zubileta dorrea

eraikitako euskal ondare nabaria Barakaldon

Zubileta dorrea Barakaldon (Bizkaia) dagoen dorretxea da. Kadagua ibaiaren ertzean dago kokaturik, Burtzeña auzoan, antzina Bilbo eta Balmaseda lotzen zituen bidean.

Zubileta dorrea
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBarakaldo
Koordenatuak43°15′59″N 2°58′29″W / 43.26639°N 2.97478°W / 43.26639; -2.97478
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
pizkundetar arkitektura
Ondarea
62

2002ko urtarrilaren 14ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak aldatu

Eraikin mota honek normalean izan ohi duen azalera baino handiagoko oinplano arinki trapezoidala zuen jatorrian. Gaur egun, eraiste baten ondorioz, oinplanoak L itxura du eta patio bat dauka. Hiru solairu ditu: beheko solairua, bizitzeko solairua eta ganbara. Bi isurkiko estalkia du eta fatxada nagusiarekiko perpendikularra den galdorra.

Entokatuaren ostean gorderik geratzen da aparejua, baina zenbait gunetan laukian eta ordenaturik jarritako harlangaitza ikus daiteke. Harlandua berriz, eskotaz tailaturikoa, baoen ertz eta inguruetarako erreserbatu da.

Beheko solairuak bi sarrera ditu. Fatxada nagusikoa eskartzanoa da dobeleria murriztu zitzaiolako altuera gehiago izan zezan. Ezkerraldekoa berriz, zertxobait zorrotza da. Aurrekoez gain bao-sorta osatzen dute barne laprandurako hainbat argi-zulok, leihatila zorrotz batek eta dinteldutako zenbait bao modernok.

Bizitzeko solairuak alde nagusian pilatzen ditu bere elementu interesgarrienak. Sarrerako arkuaren gainean mainelez erdibitutako bao zorrotz bat nabarmentzen da. Bere aurrealde bikoitza hiru piezatan landua dago, janbak eta mainela berriz monolitikoak dira; barlasaia bi harlandukoa da. Barnealdean asentuak dituen kanoi eskartzano zabal bat dauka. Horrez gainera, patioaren gainean bi sarrera ditu, eta zenbait dinteldutako baorekin batera, solairu horretako bao-sistema osatzen dute.

Gainean ganbara dago. Altuera gutxiko tokia, eta gisa horretako eraikinerako, ez ohiko tamaina duten saietera estu eta luzeen bidez argiztatutakoa.

Barne egitura hainbat aldiz berreraiki da. Zutoinezko sistema erabilita eraikitako igarotzeko solairuak osatzen dute oraingo eskeletoa. Solairu desberdinen arteko komunikazioa egurrezko eskailera bidez egina dago, eta oraindik badirauen saietera txaranbeldu baten bidez argiztatuta zegoen eskaileren ibilbidea.

Estilo gotiko-errenazentistako eraikina da Zubileta eta XVI. mendean eraiki zen. Mediterraneo aldeko jauregien tipologiakoa da, zehaztasun handiz gainera: itxura etzana, sarrerak beheko solairuan zentralizatzeko joera, bizitzeko solairuaren erdibitutako leiho bikoteen bidez irekitako fatxada nagusia, patio baten bidezko sarrera independentea alboko fatxada batera.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu