Andrea del Verrocchio
Andrea del Verrocchio (jaiotza-izena: Andrea de Cioni ; Florentzia, c. 1435 - Venezia, 1488) italiar pintorea, eskultorea eta urregina izan zen. Andrea del Verrocchiok (1435-1488) hainbat arte adierazpide landu zuen; bitxigile eta margolari gisa aritu zen, besteak beste, baina bereziki aintzat hartua da brontzezko eskulturengatik eta Florentziako Quattrocentoko eskultura bere gorenera eraman zuelako. Maisu ospea eman zion, bestalde, Leonardoren ikasle izanak.
Andrea del Verrocchio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Andrea di Michele Cioni |
Jaiotza | Florentzia, 1435 |
Herrialdea | Florentziako Errepublika |
Talde etnikoa | Italiarra |
Heriotza | Venezia, 1488ko urriaren 7a (52/53 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Irakaslea(k) | Giuliano Verrochi (en) Donatello |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, urregina, eskultorea, carver (en) , arkitektoa, musikaria, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta bronze sculptor (en) |
Lantokia(k) | Florentzia Orvieto Pistoia eta Venezia |
Enplegatzailea(k) | Desiderio da Settignano (en) |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | Italian Renaissance (en) pizkundea |
Genero artistikoa | erretratua arte sakroa biluzia figure (en) animal art (en) |
Verrocchioren ikasketei buruz ezer gutxi jakin ahal izan da, baina adituen ustez bitxigile gisa hasi bide zen, garai hartako beste hainbat artista bezala. Bitxigintzan jardun zuen garaian ikasi zuen metalak lantzen, brontzea batez ere, eta jarduera horrek sortu zion perfekzioarekiko eta xehetasunekiko kezka. Oro har, Rossellinoren, Antonio Pollaiuoloren eta Donatelloren ezaugarriak beretu eta bateratu zituen, maisutasun handiz.
Verrochioren lehen obra garrantzitsua Santo Tomas eta Kristo (1483) izan zen. Donatellok eta Michelozzok Orsanmichele elizarako diseinaturiko nitxo batean egindako brontzezko eskultura bat da. Obra horretan hogei urtetik gora lan egin zuen, eta bertan agertzen dira egilearen jarduerak oinarri izan zituen bi printzipioak: edertasunaren kanon klasikoen inspirazioa eta bilaketa eta apaingarriekiko zaletasuna, kasu honetan arroparen tolesetan antzematen dena.
1470 inguruan brontzezko David bat egin zuen. Donatelloren estiloa hartu zuen Verrochiok horretarako oinarri, baina ez du haren obretako dramatismoaren arrastorik ageri. 1479 eta 1488 bitartean Verrochiok Bartolomeo Colleoniren zaldi gaineko estatuaren buztinezko moldea egin zuen, Veneziako Errepublikaren enkarguz; Donatelloren Gattamelatan eta eredu klasikoetan oinarritu zen kasu honetan ere, baina haren oreka baino areago, indarra adierazi zuen bere eskulturarekin. Zaldia sendoa da eta mugimendua adierazten du. Colleoni "condottieroa" zaldi gainean zutik bezala dago, eta mesprezuzko keinua du ezpainetan; handinahikeria adierazten du.
Verrochiok obra aipagarriak ditu, orobat, Palazzo Vecchioko Putto izurdearekin eta Juan eta Pedro Medicitarren hileta-monumentua (1469-1472), San Lorentzoko sakristia zaharrean. Lehenengoan brontzearen trataera bikaina da ezaugarri nagusia; hileta-monumentuan berriz, azpimarratzekoa da material desberdinen erabilera (marmola, brontzea, harria) eta xehetasunekiko arreta.
Pinturaren alorrean ez zen hain ezaguna izan baina haren lantegian gerora ezagun egin ziren ikasleak aritu ziren: Perugino, Lorenzo di Credi eta Leonardo da Vinci, etab. Kristoren bataioa (1474-1475) da Verrocchioren koadrorik ezagunena.
-
Kristoren bataioa (1474-1475), Uffizi, Florentzia
-
Putto izurdearekin (1478 ingurukoa)
-
Kristo eta Santo Tomas (1483)
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrea del Verrocchio |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.