Txonta arrunt
Txonta arrunta (Fringilla coelebs), txonta, elur txori, elur-txori, neguta edo negu txori (Ipar.) izenaz ere ezaguna, fringillidae familiako hegazti paseriformea da, Europa osoan, mendebaldeko Asian, ipar-mendebaldeko Afrikan eta Makaronesian bizi dena[1].[2] Euskal Herrian oso arrunta da, toki gehienetan ikus daiteke, mota guztietako basoetan. Arra eta emea tonu desberdinak dituzte. Arrak bizkarralde arrea du, buru-ingurua gris-urdinska eta sabelaldea arrosa edo arre argia; hegal beltzetan marra zuri oso ikusgarri dituzte hegan ari direla. Emeak ez ditu arraren tonu gris eta nabar gorrixkak, arre-berdaska da.[3][2]
Txonta arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Fringillidae |
Generoa | Fringilla |
Espeziea | Fringilla coelebs Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,16 g (pisua jaiotzean) 22 g (helduen pisua) |
Zabalera | 0,26 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,5 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 12 egun |
Neguan Euskal Herrian askoz gehiago izaten dira emeak arrak baino. Arrak Europako iparraldean edo ekialdean geratzen baitira, umeak hazteko lurraldeak babesteko eta ez galtzeko.[2]
Deskribapena
aldatu15 cm inguruko tamainakoa eta 26 cm-ko hego zabalerakoa, kolorean sexu dimorfismo nabarmena dute. Arrak buruaren goiko aldea eta lepoa gris-urdinxkak ditu, bizkarra gaztaina kolorekoa, masailak, lepoa eta bularra arrosa tonu eder batekoa eta marra beltz estu bat kopetan. Emeak askoz ere kolore motelagoak ditu, lumajean arre-oliba koloreak nagusi direlarik. Bi sexuek banda bat dute hegalean, arrak garatuago du; isatsaren kanpoko ertzak zuriak, zeinu hauek hegan doanean nabariagoak dira.[4]
Biologia eta ohiturak
aldatuUgalketa garaian lurraldekoia da, oso gregarioa bihurtzen da ugalketaren amaieran, talde handitan bilduz emigratzeko, neguan zehar jarraitzen den gregariotasuna, taldeka ibiltzen diren garaian, sarritan beste frigilido eta berdantza batzuekin batera, basoak, soroak eta lugorriak arakatuz janari bila.
Espezie sedentarioa da gure latitudeetan, baina bere populazio nordikoak Mediterraneoko eremuetara migratzen du. Bitxia bada ere, alde handia dago arren eta emeen artean emigratzeko joerari dagokionez. Emeek eta gazteek arrek baino proportzio askoz handiagoan egiten dute eta, normalean talde bereizietan. Esaten da, hain zuzen, bere jaioterriko Suedian neguan ia arrak bakarrik ikusten direla, honek bultzatu omen zuen Linneo, coelebs (ezkongabe) izengoitia jartzera.
Beraien elikadura landare-gaiez osatuta dago batez ere, funtsean hainbat landareen haziak, hainbat fruitu, kimu samurrak, etab. Uda berriko sasoian , intsektuak eta haien larbak kantitate nabarmenetan aurkitzen direnean, txonta arruntak bere dieta nagusiki begetarianoa alde batera uzten du dieta intsektiboro batera aldatzeko. Orduan koleopteroak, beldarrak, ipurtsardeak, landare-zorriak eta armiarmak dira bere janariaren zati nagusia, eta txitak elikatzen dituen elikagaia,
Arrak kantu indartsua igortzen du zuhaitz edo zuhaixka baten puntatik, otsail aldera hasten da entzuten, eta uda erdialdera arte irauten du. Bere eginkizuna lurraldea mugatzea da, bere lurraldean banatuta dauden pausaleku ezberdinetatik kantatuz, horrela, lehian dauden beste ar batzuen sarrera eragotziz. Urte batetik bestera leial izan ohi da ar bakoitza bere lurraldeari eta horrela aurkitzen du emeak, bere kantuak erakarrita, udaberriaren hasieran finkatzeko leku baten bila dabilenean.
Habia egiteko orduan ez da oso zorrotza, habia egiteko kantatu eta aterpe hartzeko zuhaitz batekin konformatzen da; oinarrizko baldintza hau bete ondoren, edozein leku ona da beretzat. Habia kokatuko den tokia aukeratzea arraren ardura da eta emea arduratzen da eraikuntzaz, arrak berriz kantatzen eta lurralde mugak defendatzen jarraitzen du. Ondoren 4-5 arrautza urdinxka edo berdexka orban gris-arre kolorekoekin edo gorrixkekin jartzen ditu, ia esklusiboki inkubazioaren zama hartzen duelarik, egunean hainbat aldiz geldituz janaria bilatzeko. 12 edo 13 egunera txitak jaiotzen dira. Gertaera honek aldaketa nabarmena markatzen du; hemendik aurrera arraren jarduera emearekin elkarlanean aritzea da, kumeei janaria ekartzen, beldarrak eta beste intsektu batzuk. Habiatik irteera eklosioaren ondoren hirugarren astean gertatzen da, irten ondoren gurasoei lotuta jarraitzen dute hainbat astez, emeak, berriz, habia berri bat eraikiko du, eta horrela bigarren errunaldi baten hasiera prestatuko du
Banaketa, habitata eta estatusa
aldatuTxonta arrunta klima boreal epeletan hazten da eta Paleartiko mendebaldeko mediterraneotan. Europa osoan hedatua, Eskandinaviako iparraldean zuhaitzen mugaraino. Iberiar penintsulan ohikoa da, eta Euskal Herrian lurralde osoan banatzen da baina oso dentsitate irregularrean. Eremu atlantikoko espezie ugarienetako bat da, non itsasoaren ertzetik Aralar, Aizkorri edo Gorbeiako saroi garaienetako lizarretaraino. Mota guztietako basoak, sastrakak, landa, baso eremuak, baratzeak eta lorategiak okupatzen ditu. Oso ohikoa izaten jarraitzen du Kantauri azpiko eremuetako, pagadietan, hariztietan, ameztietan, erkameztietan etab. baita baratzeetan, lorategietan ere isolatutako zuhaiztietan. Arabako Errioxan baso mota berdinetan aurkitzen da, non Kantabriako Mendilerroko laboreen oineko baso zerrendan baino ez omen da ugaria.
Taxonomia
aldatuTxonta arruntaren azpiespezieak bi multzotan banatzen dira:
Eurasia, iparraldeko Afrika eta Mediterraniar uharteetako multzoa:
- F. c. africana J. Levaillant, 1850
- F. c. alexandrovi Zarudni, 1916
- F. c. balearica Von Jordans, 1923
- F. c. caucasica Serebrovski, 1925
- F. c. coelebs Linnaeus, 1758
- F. c. gengleri O. Kleinschmidt, 1909
- F. c. sarda Rapine, 1925
- F. c. schiebeli Erwin Stresemann, 1925
- F. c. solomkoi Menzbier & Sushkin, 1913
- F. c. spodiogenys Bonaparte, 1841
- F. c. syriaca J. M. Harrison, 1945
- F. c. transcaspia Zarudny, 1916
- F. c. tyrrhenica Schiebel, 1910
Makaronesiako multzoa:
Beste izen arruntak
aldatuFringilla coelebs tokiko euskarazko testuetan:[5] elur-txori (elur-xori); negu-txori; neguta (neuta); paranda; pinpin; pinpintxori (pinpixori); pintxana (pinzana, pintzainga, printxana); pintxoi (pintxoe, pintxon); pintxoka; txoin-txoin; txonta; txortxinta (xorxinta); batzuetan xur-xori. Tokiko gaztelaniaz: chonta, chinchuin, nevero.
Horrez gain, euskal testuetan agertzen ez diren izen hauek ahoz jaso dira: artatxori, pintxan, pintxin, pintxote, pintzote, printxel, txinpin, txintxin, txontarreal [6] eta kanpaxto, txuin.[7]
Galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Thorpe, W. (1958). The learning of song patterns by birds, with special reference to the song of the Chaffinch, "Fringilla coelebs". Ibis 100:535-570.
- ↑ a b c de Vicente de Viana, Joseba Gurutz. (2009). Kristina Enea-Gladys Parkea. Historia-Flora-Fauna. Haritzalde Naturzaleen Elkartea, 602-604 or. ISBN 978-84-613-2455-2..
- ↑ Jon., Larrañaga,. ([1996]). Euskal herriko fauna : (ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea ISBN 8487114091..
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 303 or. ISBN 84-7542-639-5..
- ↑ Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
- ↑ Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Euskaltzaindia.
- ↑ Txonta arrunta. Txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).