>center>Gregor Mendel, genetikaren aitatzat hartzen dena.

Genetika herentzia aztertzen duen zientzia da, hau da, zenbait ezaugarri gurasoengandik seme-alabengana nola pasatzen diren aztertzen duena. Landare eta animalia mota bakoitzak bere espezie edo mota bereko kumeak izaten ditu; kumeek gurasoen antza izaten dute, baina ez dira gurasoen berdin-berdinak izaten.

   Ba al dakizu   
Askotan entzungo zenuen "Neska horrek bere amaren antz handia du" edo gisa bereko beste esaldiren bat. Familiako kideen arteko antza ez da kasualitatea, herentzia genetikoaren ondorioa baizik. Gure aurpegi edo gorputzaren ezaugarri fisikoak (ilearen edo begien kolorea, adibidez) herentzian jaso ditugu gure gurasoengandik.

Geneak aldatu

Herentziaren oinarrizko unitateak geneak dira. Izaki bizidun bati buruzko informazioa daramate, haren ezaugarriak barne. Geneak izaki bizidunak osatzen dituzten zelulen barruan daude. Kromosoma izeneko hari-antzeko egitura batzuk dira geneak daramatzatenak. Kromosoma bakoitza azido desoxirribonukleiko edo ADN izeneko substantzia batek osatzen du nagusiki. Zelula guztietan dauden ADNaren zati txikiak dira geneak.

Gizakietan, zelula gehienek 23 kromosoma pare dituzte, 46 guztira. Zelula sexualek (espermatozoideek eta obuluek) 23 kromosomako multzo bakarra dute. Hori erreprodukzioak funtzionatzen duen moduaren ondorio da; ugalketa gertatu ahal izateko, amaren obulu bat eta aitaren espermatozoide bat elkartu behar dira. Hori gertatzen denean, espermatozoidearen kromosomak obuluaren kromosomei batzen zaizkie. Elkarrekin 23 kromosoma pare osatzen dituzte. Obulua, orduan, behin eta berriz zatitzen hasten da, izaki berri bat sortzeko. Haurra hazi ahala, bere zeluletako bakoitzak jatorrizko kromosomen kopia bat lortzen du.

Genetikaren historia aldatu

XIX. mendean, 1850 eta 1860. urteetan, Gregor Mendel izeneko monje austriar batek ilar landareak aztertu zituen bere lorategian. Aurkitu zuen arauak zeudela ezaugarriak ilar-landare belaunaldi batetik hurrengora pasatzeko. Arauak berdinak dira landare eta animalia bakoitzarentzat.

Mendelen bizitzan zehar, inork ez zuen ulertu haren aurkikuntzaren garrantzia. Aldiz, 1900. urtean, zientzialariak Mendelen lanaren garrantziaz ohartu ziren, eta eboluzioaren teoria edo ideia azaltzen laguntzeko erabiltzen hasi ziren.

Geroago, 1953an, James Watsonek (AEB) eta Francis Crickek (Erresuma Batua) ADNaren egitura aurkitu zuten. Haien ikerketek zientzialariei lagundu zieten ulertzen geneek nola funtzionatzen duten eta beren buruaren kopiak nola egiten dituzten.

1970eko hamarkadaren erdialdean, zientzialariek ADNan gene espezifikoak aurkitu, ezabatu eta txertatzen ikasi zuten. Ingeniaritza genetikoa deitzen zaio lan horri. 1990eko hamarkadan zientzialariek animaliak klonatu zitzaketen, edo beste animalia baten ADNa bera zuten animaliak sortu. 1996an ugaztun heldu baten lehen klona sortu zuten Eskoziako ikertzaileek: ardi bat, Doly izenekoa. Zientzialari batzuek gizakien klonazioan lan egin zuten. Baina beste batzuek arriskutsutzat eta okertzat ikusi zuten lan hau.

2003an, ikertzaile talde batek giza ADN osoaren gene guztiak identifikatu eta aurkitzeko proiektu bat amaitu zuen. Emaitzek giza biologiaren eta medikuntzaren azterketan lagunduko diete zientzialariei.