Tabakoz eta marihuanaz egindako porrua.

Droga, medikuntzaren ikuspegitik, organismoak xurgatzen duen sustantzia kimiko bat da, gizakion gorputzean eta burmuinean hainbat eragin izaten duena. Produktu asko eta asko dira drogak edo droga bihurtzen direnak: alkohola, sendagaiak, tabakoa, eta baita legez kanpoko drogak ere, kalamua eta bestelakoak. Zenbait sustantzia kimikok burmuinaren abiadura bizkortzen dute (hori da kafeak eta kafeinak edo teak eta teinak egiten dutena), beste batzuek makaldu egiten dute (kokainak edo kalamuak, esaterako), eta beste zenbaitek aztoratu egiten dute (alkoholak).

Drogek organismoa suntsitzen dute, polikiago edo azkarrago. Hori hala da drogek mendekotasuna edo adikzioa eragiten dutelako; hau da, drogak kontsumitzen hasten diren pertsonek gero ezin dute haiek gabe bizi, eta drogek bertan behera uzten dute pertsonen borondatea .

Zergatik drogatzen dira zenbait pertsona? aldatu

Gehienetan, drogak berehalako plazera eskuratzeko edo min psikologikoa arintzeko (hau da, nor bere buruarekin gaizki ez sentitzeko) hartzen dira. Pertsona guztiek bizitzako momenturen batean edo bestean pairatzen dituzte ezbeharrak, antsietateak, depresio-uneak, edo familiarteko, lagunarteko edo laneko arazoak.

Momentu txar horietan, zenbait pertsonak droga erabiltzen dute tristura ahazteko eta berriz ondo sentitzeko, nahiz eta une baterako bakarrik izan. Hori oso arriskutsua da; izan ere, gero droga horrek sortuko dituen beste arazo batzuk etorriko dira, eta horiek desagertzea zailagoa izango da, edo agian inoiz ez dira desagertuko. Drogek ondorioak izaten dituzte kontsumitzen dituen pertsonaren osasunean: gorputza eta burmuina drogara ohitzen dira eta, hura utzi nahi izanda ere, gorputzak eta burmuinak behin eta berriro eskatzen dute. Horri mendekotasun edo adikzioa deitzen zaio.

Adikzioak ez dira produktu kimikoekin bakarrik gertatzen, baita beste zenbait jarduerarekin ere: bideo-jokoekin edo diru-jokoarekin (txanpon-makinekin, adibidez). Jarduera horiek ere droga bezalakoak dira; izan ere, hori pairatzen duen pertsonak ez dauka borondate nahikorik bere burua kontrolatzeko; denbora gehiagoz eta gehiagotan jokatzeko beharra sortzen zaio, eta ez badu hori eragozten benetan gaixorik amaituko du. Jokoaren adibidea ona da: adikzio hori duen pertsonak bere dirua eta lana galtzen ditu, eta heroinarekiko mendekotasuna dutenak bezain zorigaiztokoa izango da.

Gorputzeko kalteak aldatu

Droga asko produktu toxikoak dira; hau da, pozoina izango balira bezala, gorputza eta burmuina suntsitzen dituzte eta gaixotasunak sortzen dituzte, batzuetan azkarrago besteetan motelago. Era horretara, tabakoarekiko mendekotasuna dutenek gero biriketako gaixotasunak izan ditzakete, eta baita bihotzekoak ere. Beste pertsonek baino arrisku handiagoa dute organo horietako minbizia edota gaixotasun kardiobaskularrak izateko. Alkoholarekin mendekotasuna dutenek gaixotasunak izan ditzakete gibelean, burmuinean, pankrean, etab.

Kalamua ere toxiko zerebral arina da; gainera, porru gisa kontsumitzearen ondorioz, erretzaileek tabakoa kontsumitzen dutenen arazo berberak pairatu ditzakete.

Azkenik, zain barneko injekzio (xiringa) bidez hartzen diren drogak oso arriskutsuak dira; izan ere, haien bidez odoleko gaixotasunak (hiesa edo B hepatitisa, esaterako) harrapatu daitezke.  

Beste alde batetik, droga gehienek mendekotasuna duen pertsonaren kontzientziari eragiten diote. Drogak bere efektua egiten duenean, pertsonaren izaera aztoratu eta aldatu egiten da, eta normal egonez gero egingo ez lituzken gauzak egiten edo onartzen ditu, baita gauza arriskutsuak ere. Drogen eraginpean egonez gero, min hartzeko edo hiltzeko benetako arriskua dago.

Burmuineko kalteak aldatu

Droga mota guztiek zerbait nahasten dute burmuinean, batez ere gure plazerak sortzen diren burmuineko zatian. Denborarekin, gure burmuinak, drogara ohituta dagoenean, jada ez du inolako plazerik sentituko droga erabiltzen ari ez bada. Era horretara, burmuina jada ez da izango gai behar bezala funtzionatzeko produktu toxiko hori gabe, drogarik gabe.

Burmuinaren funtzionamendua gero eta kaltetuago egongo da: dosien artean, pertsonari droga faltako zaio, eta beraz bere burmuinak ez du ondo funtzionatuko; beste dosi bat hartzen duenean, jada ez du plazerik sentitzen, drogak burmuina berriz funtzionatzen jarri besterik ez duelako egingo. Droga hartzen hastean, plazer handia ematen du. Baina, gero, denborarekin, drogaren plazer hori desagertu egiten da, eta sentsazio txar batek ordezkatzen du, ondoeza, deserosotasuna, mina sentitzen da bi dosiren artean.

Efektu hori droga gehienek eragiten dute. Baina, droga askok beste efektu neurologiko batzuk (burmuinaren funtzionamenduari eragiten diotenak) sortzen dituzte, droga gisa erabilitako sustantzia motaren arabera.

Bizitza sozialean eragindako kalteak aldatu

Drogarekiko mendekotasunak eta adikzioak kontsumitzailearen bizitza sozialari ere egiten dio kalte. Pertsona horrek, aldiro, droga gehiago bilatuko du, hura gabe ez gelditzeko, eta beraz, drogazaleak denbora eta diru guztia horretan gastatu dezake. Horrek esan nahi du drogazaleak ezingo dituela bere seme-alabak zaindu, lana eduki etab.