Sanabriako aintzira, Espainiako Zamora probintzian.

Aintzira edo lakua lurrez inguratuta dagoen ur eremu bat da. Aintzira gehienek ur geza dute, baina ur gazia dutenak ere badaude. Oso handiak direnean eta itsasoarekin konektatuta ez daudenean, itsasotzat hartzen dira: adibidez, Kaspiar itsasoa, berez, aintzira oso handia da.

Aintzirek munduko ur gezaren % 1 baino gutxiago dute, baina ur gezako iturri oso garrantzitsuak dira. Munduko ur geza ia guztia izotz masa erraldoietan izoztuta dago, edo lur azpian lurperatuta. Aintzirek erabilgarri den ur gezaren % 98 baino gehiago gordetzen dute.

Nola sortuak dira?Aldatu

Hainbat prozesuren bitartez sortu dira munduko aintzirak:

  • Glaziar-jatorriko aintzirak: antzira askok oso aspaldiko glaziarretan dute jatorria, batez ere Ipar Amerikan, Europan eta Asian. Duela milaka urte, glaziarrek kontinente horien zati handiak estali zituzten. Glaziarrak astiro mugitzen ziren lurraren gainean eta, higaduraren bidez, zulo handi edo arroak eratu zituzten, azaleko arrokak ahulak ziren tokietan. Glaziarrak urtu eta arroak urez bete zirenean, aintzira bihurtu ziren.
  • Sumendi-jatorriko aintzirak: aintzira batzuk sumendi lokartu edo itzalietan osatu ziren, sumendi horietako kraterretan, sumendien inguruetako lurrean irekitako zulo handietan. Krater eta zulo horiek laku bihur daitezke euri-ura haietan pilatzen denean. Batzuetan, sumendi bateko labak ibai bat eteten duenean, gerta daiteke ibaiko ura lurreko sakan batean pilatzea eta, horrela, aintzira bat osatzea.
  • Jatorri tektonikoko aintzirak: lurrazalaren erliebearen deformazioagatik sortutakoak. Lurrazalean gertatzen diren deformazio horiei mugimendu tektonikoak deitzen zaie. Horrelako mugimendu tektonikoen eraginez, batzuetan gertatzen da halako sakan batzuk sortzea eta sakan horiek urez betetzea, edo aspaldiko itsaso zati batzuen golko batzuk itxita geratzea eta, horrela, aintzirak sortzea. Lehendabizikoen artekoak dira Afrikako Tanganyika eta Malawi edo Nyassa aintzirak, eta bigarrenen artekoak, berriz, Kaspiar itsasoa eta Aral itsasoa.
  • Itsasertzeko aintzirak: kostaldeko leku batzuetan, gerta daiteke hareak ixtea itsasoara doan ibai baten ibilgua eta, ondorioz, ur hori aintzira batean pilatzea itsasertzetik hurbil. Honela sortutako lakuak daude Italiako leku batzuetan.

Lakuetako ura hainbat iturritatik etor daiteke. Lakuetako ur iturri nagusiak prezipitazioak (euria edo elurra), ibai eta errekak eta izotzaren eta elurraren urtzea dira. Lurpeko ura (Lurraren azalaren azpiko ura) iturburu izeneko irekiguneen bidez irits daiteke lakuetara.

Euskal HerrianAldatu

Euskal Herrian dauden urtegi handienak artifizialak dira. Horien artean, Itoitz eta Esakoak (Nafarroa) eta Uribarri Ganboakoa (Araba) ditugu handienak.

Badira aintzira txiki batzuk Araban eta Nafarroan:

  • Araban: Arreo aintzira, Gesaltza Añana, ur iraunkorrak dituena. Carralogroño eta Carravalseca izeneko urmael gaziak, Guardiatik hurbil.
  • Nafarroan: Pitillasko aintzira, Pitillas eta Santakara herrien artean. El Juncal urmaela, Tafallan, natura-erreserba izendatua. Cintruénigo eta Tutera herrietan ere badaude urmael txiki batzuk ere, natura-erreserba izendatuak. Bestalde, Ezkaurreko mendilerroan, 1.700 metroko altueran, badago glaziar-jatorrikoa izan daitekeen aintzira edo hezegune txiki bat (Ezkaurreko iboia). Zentimetro gutxiko sakonera du.

EuropanAldatu

 
Europako aintzira handienen kokapena

Europako aintzirarik handienak honako hauek dira:

MunduanAldatu

Munduan 117 miloi aintzira daude eta azalera kontinentalaren %3,7 betetzen dute. Antartika, Groenlandia eta Kaspiar itsasoa kontuan hartu gabe, bi futbol zelai baino txikiagoak diren 90 milioi aintzira inguru daude munduan.

Aintzira gaziakAldatu

Esan bezala, aintzira edo laku gehienek ur geza izaten dute; baina badira ur gazia dutenak ere. Itsaso Hila, Israelen eta Jordanian, munduko laku naturalik gaziena da. Beste ur gazi masa bat Utah estatuko Great Salt Lake da, Estatu Batuetan. Aspaldian, askoz handiagoa izan omen zen, baina aintzira hau murriztu joan zen klima lehorrago bihurtu eta ura lurruntzen hasi zenean. Lakuak, bertan amaitzen ziren ibaietako gatza biltzen zuen. Ura lurrundu ahala, gatza atzean geratzen zen.