Oihan, jungla edo euri-oihan tropikalak Lurreko tropikoen artean eta Ekuatoretik hurbil dauden baso trinkoak dira. Ipar eta hegoaldeko 23 °ra arteko latitudeetan aurkitzen dira, gehienak itsas mailetik hurbileko behe-lurretan (altuera txikietan, beraz), baina altuera handiagoko mendi tropikaletako maldetan ere badaude.
Oihan tropikalen hedadura
aldatuOihan tropikalak munduko hiru eskualdetan daude: Amazonian (Hego Amerika), Kongon (Afrika) eta Malaysian (Insulindia edo Malaysiar artxipielagoa eta Ginea Berria).
Oihan tropikalen ezaugarriak
aldatuOihan hauetan klima tropikala dago eta euri asko egiten du; hala ere, badira oihan oso hezeak (euri-oihanak), oso euritsuak, eta oihan tropikal lehorrak ere. Leku hauek Oihan tropikalek dibertsitate biologiko handia dute; hau da, animalia eta landare kopuru oso handia. Izan ere, Lurrean bizi diren landare eta animalia espezieen erdia baino gehiago oihan tropikaletan topatzen dira. Kontuan izan behar da oihan tropikalek Lurraren azalerako %6 besterik ez dutela okupatzen.
Hostozabal motako landaredia dute eta normalean, goiko aldea itxita eta beheko aldean biodibertsitate handia dute. Horrez gain, landaretza hainbat "geruza" edo "maila" daudela esan dezakegu: alde batetik, goiko mailetan, 30 metroko altuera edo gehiago izan dezaketen zuhaitzak daude. Bestalde, lurrean goroldio eta iratzea dago, eta nekez heltzen zaie eguzki-argia. Arrazoi horrexegatik baita ere, onddo ugari daude. Bestalde, liana asko daude. Baldintza horiek ohikoak dira Lurreko ingurune intertropikal bero eta euritsuetan, edo beste era batera esanda, klima beroetan.
Zergatik dira hain euritsuak?
aldatuEsan dugun bezala, oihan tropikalak Ekuatore inguruan daude. Leku hauetan, eguzki-izpiak zuzen-zuzen jasotzen dituzte, Lurreko beste lekuetan baino zuzenago. Gainera, milioika zuhaitz eta landare daude; landaretza zabal hori euri ugariari esker sortzen da; eta, bestalde, hostoetatik hezetasun handia askatzen dute. Horregatik, bioma edo naturgune hauek oso aire hezea izaten dute, ur-lurrunez betea.
Eguzki-izpien indarraren eraginez, airea oso azkar berotzen da; aire bero eta hezea zerurantz igotzen da eta han hozten. Hozten denean, lurruna hodeiak sortzen joaten da, eta, zenbat eta gorago igo, orduan gehiago hozten da. Orduan, hodeietako lurruna bildu edo kondentsatu egiten da eta likido bihurtzen da; horrela sortzen da euria.
Beraz, leku honetako hezetasun handiagatik eta giro beroagatik dira oso euritsuak leku hauek. Eta bi baldintza horiek oso garrantzitsuak dira bizitzarako; horregatik dute leku hauen bioaniztasun handia.