Espainiako lurralde-antolaketa hiru mailatan banatuta dago:

  • Udalerriak: Udalak administratzen duen barruti edo lurraldea.
  • Probintziak: hainbat udalerriz osatutako administrazio-esparrua eta haren lurraldea.
  • Autonomia-erkidegoak: ezaugarri historiko, kultural eta ekonomiko berdinak dauzkaten probintziek osatutako administrazio-esparrua eta haren lurraldea.

Udalerriak eta udalak aldatu

 
Espainiako udalerrien mapa.

Espainian, udalerriak dira lurralde eta administrazio maila oinarrizkoak. Toki erakunde edo erakunde lokalak ere deitzen zaie. Espainian, 2018ko datuen arabera, 8.131 udalerri daude.

Udalerriak ez dira zehazki herri edo hiri bakoitza; biztanlegune bat baino gehiagoz osatuta egon daitezke. Udalak dira udalerrietako agintea duen erakundea. Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak dira udalak, eta, horri esker, bizkorrago egin ahal diete aurre herritarrek dituzten arazo eta beharrei.

Udal bakoitzak bere udalerriaren barruan bakarrik dauka agintea. Udala alkateak eta zinegotziek osatzen dute: udalerri bakoitzak alkate bat bakarra izan dezake, baina, zinegotziak, aldiz, biztanleen araberakoa da. Hiritarrek hauteskundeetan aukeratzen dituzte zinegotziak, eta gero zinegotziek aukeratzen dute haien arteko bat alkate izateko.

Funtzionatu ahal izateko eta beren eginkizunak betetzeko, udalerriek eta udalek zergen bitartez bildutako baliabide ekonomikoak dituzte, bai udal zergen bitartez bildutakoak, eta baita Estatuak berak eta autonomia-erkidegoek bildu eta udalerrien esku jartzen dituzten baliabideak ere, beti ere biztanleen kopurua eta udalerriaren beharrak kontuan izanda.

Probintziak aldatu

 
Espainiako probintzien mapa.

Probintziak Espainiako lurraldearen beste banaketa administratibo bat dira. Hainbat udalerriz osatuta dagoen lurraldea dira. Udalak bezala, tokiko erakunde edo erakunde lokalak dira. Espainian, 1978ko Konstituzioan onartutako banaketaren arabera, 50 probintzia daude.

Probintzien lurraldean agintea duen erakundea probintziako diputazioa da; Euskal Autonomia Erkidegokoei, ordea foru aldundiak deitzen diegu. Probintzia bakoitzean Espainiako diputazioak zuzentzen dituen agintaria diputazioko presidentea da; presidentea ez dute hiritarrek zuzenean aukeratzen hauteskundeetan, probintziako udalerrietako zinegotziek baizik, barruti judizialetan ordezkatuta; euskal probintzien kasuan, aldiz, bai egiten dira hauteskundea –foru hauteskundeak, hain zuzen–, lurralde historiko bakoitzeko diputatuak aukeratzeko, eta, ondoren, diputatu horiek aukeratzen dute euskal aldundietako presidente edo «ahaldun nagusiak».

Espainiako probintzien banaketa eta mugak 1833an erabaki ziren, antzinako erresumetan oinarrituta; geroztik, oso aldaketa gutxi sartu dira banaketa eta muga horietan.

Probintzien funtzioak aldatu

Probintziek dituzten funtzioak honako hauek dira:

  • Estatuaren administrazioaren banaketarako unitatea dira; gainera, batzuetan, autonomia-erkidegoetako administrazioaren barne-banaketarako unitate ere izaten dira.
  • Estatuan egiten diren hauteskundeetatako barrutiak dira. Hau da, probintzietan alderdiek ateratzen dituzten botoen arabera banatzen dira ordezkari-postuak.
  • Diputazio eta aldundiek probintziako udalerri guztien zerbitzuak koordinatzen dituzte, udalerri txikienei laguntza ematen diete haien behar juridiko, ekonomiko eta teknikoetarako, eta guztiekin lankidetzan aritzen dira haien garapena bultzatzeko. Adibide bat ipintzearren, udalerri txikienek ez dute izaten dirurik garbiketa publikoa eta beste hainbat zerbitzu publiko biztanleei emateko; kasu horretan, probintziako gobernua (diputazio eta aldundiak) arduratzen dira lan horretaz.

Autonomia-erkidegoak aldatu

Espainiako Konstituzioaren arabera, estatua osatzen duten eskualde eta nazionalitateek –edo, bestela esanda, ezaugarri historiko, kultural eta ekonomiko berdinak dituzten probintziek– eskubidea dute autonomia-erkidegoak osatzeko. Gaur egun, 17 erkidego daude, haietako zazpi, probintzia bakarrekoak; gainera, 1995etik aurrera, Ceuta eta Melilla udalerriek hiri autonomoak eratu zituzten.

Autonomia-erkidegoen eskumenak aldatu

Autonomia-erkidego bakoitzaren eraketa autonomia-estatutu batean jasota dago. Estatutu hori da erkidego bakoitzaren oinarrizko legea, estatu baten oinarrizko legea konstituzioa den bezala. Estatutuetan jasota daude erkidego bakoitzak dituen erakundeak, arauak eta eskumenak; eskumen horiek erkidegoetako gobernuek dituzten erabakitzeko ahalmenak dira, hau da, beren kabuz arautu edo erabaki ditzaketen esparruen gaineko ahalmenak.

Eskumen horietako batzuk osoak dira; hau da, autonomia-erkidegoarenak bakarrik. Adibidez, gobernuko erakundeen antolaketa, hirigintza, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza. Beste eskumen batzuk, berriz, estatu zentralarekin partekatuak dira; haien artean daude, adibidez, errepideen kudeaketa eta lan esparruko lege eta arauak.

Erkidegoetako gobernu-erakundeak aldatu

  • Legebiltzar edo parlamentua: hiru betekizun nagusi ditu:
    • Erkidegoaren mailan indarrean jarriko diren legeak eztabaidatzen eta onartzen ditu.
    • Erkidegoko gobernuaren jarduera kontrolatzen du.
    • Aurrekontuak onartzen ditu.
  • Presidente edo lehendakaria: erkidegoaren agintari eta ordezkari nagusia da. Gobernua osatzen du eta haren burua da. Parlamentuko kideek aukeratzen dute, hauteskunde autononomikoetan, eta Espainiako Erregeak izendatzen du.
  • Gobernua: parlamentuak onartzen dituen legeak betearazten ditu, bai eta estatuarekin partekatzen dituen eskumenekin loturiko legeak ere. Lehendakari edo presidente batek eta hainbat sailburu edo kontseilarik osatzen dute.

Azkenik, Balear Uharteen kasuan eta Kanarietako autonomia-erkidegoan, uharte bakoitzak, gainera, bere administrazio berezia du: Balear Uharteen kasuan, Consell Insular deitzen dira, eta Kanarien kasuan, Cabildo.