👶
Jaiotza
1883ko uztailaren 29a
Predappio
💀
Heriotza
1945eko apirilaren 28a
Giulino (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
kazetari
📷
Argazkiak
ikusi
Benito Mussolini.

Benito Mussolini Italiako lehen ministroa izan zen 1922. urtetik 1943. urtera arte, eta faxismoaren sortzailea izan zen. Faxismoa nazio osoa gizabanakoak baino garrantzitsuagoa dela aintzakotzat hartzen duen gobernu modu bat da. Mussolinik Italian diktadura ezarri zuen eta ez zion inori utzi haren boterea zalantzan jartzen. Italieraz Il Duce (gidaria) deitzen zioten.

Bizitza aldatu

Benito Mussolini Dovia di Predappio izeneko herrian jaio zen, Italian, 1883ko uztailaren 29an. Ikasketak bukatu eta gero, irakasle titulua lortu eta eskola batean irakasle izan zen denbora-tarte batean. Suitzan denboraldi bat igaro eta gero, 1904an Italiara itzuli zen, eta bertan, langileen eskubideen aldeko ekintzetan parte hartzen hasi zen. Italiako Alderdi Sozialistako kide egin zen eta zenbait egunkaritan egin zuen lan. Egunkari sozialista batzuk zuzentzera ere iritsi zen.

1914an Lehen Mundu Gerra hasi zen. Hasieran, Mussolinik ez zuen Italiak parte hartzea nahi, baino laster aldatu zen iritziz. Sozialista gehienek ez zuten bat egiten haren ikuspuntu berriekin. Horrexegatik, Italiako Alderdi Sozialista utzi zuen. Mussolinik, orduan, Italia gerran sartzea nahi zuen egunkari bateko zuzendari egin zen. 1916an armadan sartu zen eta sarjentu izatera iritsi zen. Zauritua izan eta gero, urtebete geroago, egunkarira itzuli zen.

Mussolini faxista aldatu

1918an Lehenengo Mundu Gerra bukatu zenean, Italia irabazleen bandoan zegoen. Hala ere, herrialdeak arazo politiko eta ekonomiko asko izan zituen. Garai latz horretan, Mussolini Italia handitasunera itzuli zezakeela pentsatzera iritsi zen. Jarraitzaile multzo oso handi bat bildu zuen, Italiak lider indartsu bat behar zuela pentsatzen zuena. Talde horretan askotariko pertsonak zeuden, hala nola pozik ez zeuden sozialistak, soldadu ohiak, langabetuak eta herrialdearen egoerarekin pozik ez zeuden beste pertsona ugari. Alderdi faxista berriaren muina sortu zuten. Faxistek uste zuten handitasun nazionala liderrarekiko erabateko leialtasunarekin hasten zela. Alderdia oso azkar hazi zen, Mussolini hizlari izugarria zelako eta guztientzako onurak hitzematen zituelako.

1922an, Mussolinik eta bere jarraitzaileen taldeak indar nahikoa zuten Italiako gobernua kargutik kenduko zutela mehatxatzeko. Viktor Emanuel III.a erregeak, guda zibil baten beldur zela, gobernua osatzeko eskatu zion Mussoliniri. 1922ko urriaren 31n, Mussolini lehen ministro bilakatu zen, Italiako historiako gazteena. Horren ostean, diktadore bilakatu eta botere mugagabea lortu zuen.

Mussolini diktadorea aldatu

Hasieran, italiar asko pozik zeuden Mussolini boterera iritsi zelako. Ordena ekarri zuen herrialdera eta faxistek herri-lan batzuk hasi zituzten. Mussolinik lurjabeei eta industriako liderrei lagundu zien eta jende arrunta konbentzitu zuen Italia azkenean modu eraginkorrean zuzenduta zegoela. 1935ean Italiak Etiopia inbaditu zuen, Afrikako ekialdeko herrialde bat, bai eta Albania ere. Italiak berriro ere inperio bat zuela esan eta jende asko alde agertu zen. Italiaren indar berritua erakusteko, Francori laguntza eman zion Espainiako Gerra Zibilean, armak eta soldaduak bidaliz.

Hala eta guztiz ere, Mussoliniri italiar herria bere boterea baino gutxiago inporta zitzaion. Hori Italiako gobernua berrantolatzeko moduan islatu zen. Faxismoaren aurka zeuden alderdiak debekatu zituen. Langileei greba egiteko eskubidea kendu zitzaien. Mussolini kritikatzen zituzten pertsonak espetxeratu edo erbesteratzen zituzten. Adierazpen-askatasuna zapalduta zegoen eta informazioa zorrotz kontrolatzen zuten. Ezin ziren bilera publikoak egin gobernuaren baimenik gabe.

Mussolini Italian diktadore zen, Adolf Hitler Alemanian diktadore zen bezala. 1936an, Mussolinik eta Hitlerrek indarrak batu zituzten eta Erroma-Berlin ardatza sortu zuten. 1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Alemaniak Frantzia eta Erresuma Batuko potentzia aliatuen kontra egin zuen. 1940an Italia gerran sartu eta Alemaniaren aldean jarri zen. Hasiera-hasieratik Italia gaizki aritu zen gatazkan. Herrialdeak hainbat gauza zituen faltan: botere militarra, baliabideak eta eskala handiko hori bezain handia zen gerra batean borrokatzeko espiritua.

Aliatuek Sizilia inbaditu eta gero 1943an, jendearen ezinegonak Mussolini dimisioa aurkeztera behartu zuen. Atxilotu zuten, baina armada alemanak kartzelatik atera zuen; orduan bere azkeneko gobernua sortu zuen, alemanen menpe zegoen Italiako iparraldeko eremu batean. Italian zeuden defentsa alemanak erori zirenean eta aliatuek iparralderaino aurre egin zutenean, Mussolini alde egiten saiatu zen, baina berriro harrapatu eta 1945eko apirilaren 28an fusilatu zuten.