Treponema pallidum

Treponema pallidum Treponema generoko bakterio patogenoa da, sifilia eragiten duena.

Treponema pallidum
Treponema pallidum.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacteria
FilumaSpirochaetae (en) Spirochaetae
KlaseaSpirochaetes
OrdenaSpirochaetales (en) Spirochaetales
FamiliaSpirochaetaceae (en) Spirochaetaceae
GeneroaTreponema
Espeziea Treponema pallidum
[[Fritz Schaudinn, Erich Hoffmann|]], 1905
Datu orokorrak
Gaixotasuna Sifilia, yaws (en) Itzuli eta bejel (en) Itzuli
Gram tindaketa bakterio gram-negatibo

Fritz Schaudinn eta Erich Hoffmann mikrobiologo alemanek identifikatu zuten estreinakoz 1905ean.

Bakterio honen genoma 1998an sekuentziatu zen osorik [1]

EzaugarriakAldatu

Treponema guztien antzera Treponema pallidum espiroketa da, hots, bakterio helikoidala, fina eta luzea, diametro txikikoa (5-20 mikrako luzera eta 0,3 mikrako zabalera du). Mikroaerofiloa da, eta oso sentikorra hotzarekiko, beroarekiko (42 °C-tik gora segituan hiltzen da), lehortearekiko eta desinfektagarri askorekiko [2]. Beraz, giza gorputzetik kanpo denbora gutxi irauten du bizirik. Horrek azaltzen du bere transmisioa kontaktu intimo baten bidez besterik ez gertatzea (harreman sexualen bidez).

Bizkarroi hertsia da, eta gizakia du ostalari bakarra. Badakigu ez dituela geneak aminoazidoak sintetizatzeko, haren ostalarietatik jasotzen baititu aminoazido guztiak [3]. Era berean, orain arte ez da lortu Treponema pallidum laborategiko hazkuntza-inguruetan haztea; horregatik, bera identifikatzeko dagoen bide bakarra (froga immunologikoez gain) behaketa mikroskopikoa da, sifilia duen gaixo baten laginak aztertuz.

Lau azpi-espezie daude: Treponema pallidum pallidum, sifiliaren eragilea; Treponema pallidum pertenue, franbesiaren eragilea; Treponema pallidum endemicum, sifili endemikoaren eragilea; eta Treponema pallidum carateum.

PatogeniaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «sifili»

Treponema pallidum pallidumek sifilia eragiten du. Sifilia sexu-transmisiozko gaixotasuna da, iraganean oso zabalduta zegoena. Penizilina agertu zenetik gaitz horren intzidentzia asko jaitsi da, eta gaur egun beste sexu-transmisiozko gaixotasunen aldean (gonorrea, klamidiasia...) intzidentzia txikiagoa du.

Gaitza harreman sexualen bidez harrapatzen da gehienetan, nahiz eta fase zehatz batean -ahoan ultzerazio sifilitikoak agertzen direnean- gaixoaren musu batekin ere kutsa daitekeen. Sifilia duenak genitaletan ultzerazioak ditu, bakterio ugari dituztenak. Koitoan treponemak hartzaileak dituen larruazaleko edo mukosetako lesio txikien zehar sartzen dira, sarrera puntuan bertan ugalduz. Puntu horretan txankro izeneko lesioa agertuko da kutsapenetik 3-4 asteetara, balio diagnostikoa duena; txankroa zarakar gogor baten azpian agertzen den ultzerazioa da, milioika treponema dituen likido serosoa duena.

Txankroarekin batera, sifiliaren fase horretan iztai-gongoil linfatikoen hantura agertzen da (immunitate-sistema saiatzen baita treponemak suntsitzen).

Gaitzaren bigarren fase batean Treponema pallidum txankrotik odolera pasatzen da, benetako bakteriemia bat sortuz. Infekzioa gorputz osora zabaltzen da, larruazala eta organo batzuk kaltetuz.

Bakterio patogenoak kanpo mintzeko mukopolisakariko bereziak ditu, bere birulentzia areagotzen dutenak. Mukosei atxikitzeko adhesinak ere baditu.

Sortzetiko sifilia gaitza duten emakume haurdunek eragiten dute: treponemek karena zeharkatu eta fetua kaltetzen dute, abortuak edo malformazioak sortuz.

Treponema pallidum behaketa mikroskopikoaren bidez edo froga serologikoen bidez antzeman daiteke. Gaixoaren jariakin genitaletako laginetan, eremu iluneko mikroskopioa erabiliz, treponemak -bakterio helikoidalak- ikusi behar dira sifiliaren diagnostikoa egin ahal izateko.

ErreferentziakAldatu

  1. Fraser CM, Norris SJ, Weinstock GM et al. (July 1998). «Complete genome sequence of Treponema pallidum, the syphilis spirochete». Science 281 (5375): 375–88.
  2. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 259-260 orr.
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:334 orr.

Kanpo estekakAldatu